Arraun Lagunak-ek bero-bero mantentzen du bandera guztiak irabazteko erronka
Larunbatetik matematikoki Ligako txapeldun izanda, igande honetan donostiarrek denboraldiko 14. bandera astindu dute Pasaiako portuan. Orio bigarren izan da eta Donostiarra, hirugarren. Sailkapen nagusiko bigarren posturako lehia irekita dago.
Inork eta ezerk ezin du Arraun Lagunak-ekin. Euskal Herria osoan sekulako beroa egiten ari den igande honetan –32 gradu egiten zituen proba lehiatzerakoan–, donostiarrek aparteko bultzada bat izan dute larunbatean Hondarribiko uretan Liga irabazita, eta denboraldiko 14. bandera astindu dute Pasaiako portuan.
Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako txapelketak urruti geratzen dira jada, baina Ligako 14 banderak hortxe daude, oso present, eta Arraun Lagunak-ek erronka argi bat du buruan: denboraldiko proba guztiak irabaztea. Oso gertu dute gipuzkoarrek helburu hori; izan ere, hurrengo asteburuan Zarauzko Bandera jokatuko da, bi estropadekin larunbatean eta igandean, eta ondoren Kontxako Banderaren bila ere abiatuko dira traineru guztiak.
Igande honetan, Pasaiako uretan, probak ez du misteriorik izan, berriro ere. "Lugañene" ontzia lehenenengo postuan jarri da lehenengo paladatetatik, eta ez die aukera minimoa eman aurkariei. Hala, emozioa orain sailkapen nagusiko bigarren posturako lehia horretan egongo da. Gaur Orio izan da bigarren, eta Donostiarra, hirugarren.
Tolosaldeak, gaur laugarren, puntu batzuk galdu ditu bidean, nahiz eta sailkapen nagusian bigarren mantendu. Hala ere, hiru puntuko aldea bakarrik dago Arraun Lagunaken atzetik dauden hiru traineruen artean. Hondarribia, bosgarren, urrutiegi geratzen da jada.
Berdeek lehen txanda irabazi dute gaur, erraztasun handiz. Aurkari zuzenena Hibaika zuten, baina estropada eremua oso ondo ezagutzen duten errenteriarrek ezin izan dute txanda irabazi eta bigarren postu horrekin konformatu behar izan dute. Atzerago, galiziarrek denbora gehiegi galdu dute eta aipatzekoa da Tiraneko Irene del Rio patroia zorabiatu egin dela behin proba amaituta beroarengatik.
Gertu Eraikuntzako Bandera:
1. Arraun Lagunak 10:42.65
2. Orio 10:50.66
3. Donostiarra 10:54.73
4. Tolosaldea 10:57.26
5. Hondarribia 11:02.00
6. Hibaika 11:14.54
7. Cabo 11:25.68
8. Tiran 11:45.02
Euskotren Liga - Sailkapen nagusia:
1. Arraun Lagunak 112 puntu
2. Tolosaldea 84 p.
3. Orio 82 p.
4. Donostiarra 81 p.
5. Hondarribia 59 p.
6. Hibaika 37 p.
7. Cabo 32 p.
8. Tiran 17 p.