INFO

‘Etxera’ lelopean, presoen eskubideen alde egingo dute Bilboko Aste Nagusian hilaren 23an

Presoek oraindik pairatzen dituzten salbuespen neurriekin amaitzea eta etxerako bidean jartzea aldarrikatuko dute Bilboko Aste Nagusia hilaren 23an ospatuko den «Bizkaiko Etxera Egunean».

Konpartsen eta Saren agerraldia, gaur Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Bizkaiko Etxera Eguna» antolatuko dute konpartsek eta Sarek hilaren 23an Bilboko Aste Nagusian eta «‘Etxera’ aldarrikapen izatetik errealitate izateko eskatzera» parte hartzeko dei egin dute gaur. «Jai giroan ere, gure aldarriak lau haizetara zabaltzeko gai garela erakusteko astea da. Tamalez, oraindik mobilizazio hau deitu beharrean gaude, oraindik presoen eta iheslarien egoera normalizatzeko pauso asko eman behar direlako», azaldu dute.

Egun horretan, manifestazioa egingo da 13.00etan Eliptika plazatik Udaletxeraino. 15.00etan, berriz, herri bazkaria izango da. 17.30ean, txosnagunean, erromeria eta ekitaldia egingo dute.

«34 urte baino gehiago eman ditugu urruntze politikaren amaiera eskatzen, ankerra eta gizagabea zelako. Baina urruntze politika gainditu izanak, ez du ekarri euskal presoen eskubideen urraketaren amaiera. Etxerako bidea oztopotzen duten salbuespen neurriak eta eskubide urraketak arau direlako oraindik», azaldu dute.

«Mendekun oinarritutako jarrerak»

«Mendekuan oinarritutako jarrerak dira, konponbidea zapuztu eta herri hau iraganera iltzatu nahi dutenak. Askotan esan dugu ez dugula inongo pribilegiorik eskatzen: Salbiespena indargabetu eta lege arrunta aplikatuz, euskal preso guztiak etxera bidean jartzeko unea da», gaineratu dute.

«Etxean nahi ditugu. Bai, etxera. Elkarbizitzan aurrera urratsak emateko, konponbidean jarri behar dugu preso, iheslari eta deportatuen auzia. Eta helburu hori errealitate izan dadin, den-denok behar zaituztegu», adierazi dute.

«Aurrera egiteko unea da gurea. Bizi dugun gatazkaren konponbide prozesuari behingoz aterabide osoa emateko prest gaudela adierazi eta gure artean falta ditugun euskal preso, iheslari eta deportatuak jaietan ere gure artean nahi ditugula adierazteko unea da gaurkoa», nabarmendu dute.