Peña eta Arangurenek Caixabank Matersean beren aurreneko puntua eskuratu dute azkenean (22-13)
Gipuzkoarrek duintasun handiz jokatu dute eta beren mailaz oso behetik aritu diren Zabala eta Jon Ander Imaz airean eraman dituzte. Bikote gorria piloteoan nagusi izan da Arangurenen bidez eta Jon Ander Peñak errukirik gabe amaitu ditu tantoak aurrean.
PEÑA II - ARANGUREN 22
ZABALA - IMAZ 13
Peña eta Arangurenek lortu dute azkenean Caixabank Masterseko aurreneko puntua, bosgarren jardunaldira arte itxaron behar izan badute ere. Azkotiko Gurea Udal pilotalekuan ikusiko zuten hau baino partida hoberik, baina ez irabazleek duintasun osoz jokatu ez dutelako. Urdinak, Zabala eta batik bat bere mailaz oso behetik aritu den Ander Imaz, ez direlako benetan lehiakor izan baino. Partidaren azken aldera Zabalak urdinen markagailua itxuratu du, baina partidari bueltarik emateko itxaropenik gabe eta, aldiz, neurketaren erdialdera pilotari urdinek kantxatik alde ere egingo zuketen, ez baitira batere gustura aurkitu. Baliteke, halaber, Imazen eskuin eskua ez oso santu egotea, ohi baino askoz kale gehiago egin duelako eta Aitor Arangurenek menpean erabili duelako atzeko koadroetan. Ondorioz, Jon Ander Peñak lan bikaina borobildu du gorriak halakoren batean 22ra iristeko.
Ez zirudien halako amaierarik izan behar zuenik demak aurreneko tantoetan; izan ere, errematerako gogoz eta geroko ezer uzteko intentziorik gabe, Zabalak aurreneko hiru tantoak aitaren batean egin ditu, ia beste inork pilotarik ukitzeke, ezta bere atzelariak ere. Gorriek berehala heldu diote partidaren erritmo azkarrari, nahiz eta berdindu ez, Azkoitira jokatzeko iritsi direla erakutsiz.
Gorrien erreakzioa ez da bakarrik Jon Ander Peñaren errematerako gaitasunaren bidetik etorri. Arangurenek berak ere, atzelari jotzailea ez bada ere, eskuinez fresko dagoela erakutsi du. Ondorioz, sarritan bizkarra erakutsi dio Ander Imazi, Zabalaren errematerako gogo gartsu horiek saihestuz, bide batez. Hala, pixkanaka markagailuan aurrea ere hartu dute gorriek, 6-5, defentsan Zabalak galduriko pilotakada baten ostean. Ander Imazek berak ezker paretan goregi botatako pilota baten ondotik, berriz, urdinek berehala jokoa etetea erabaki dute, hasierako garrak itzalita.
Atsedenaldiaren ostean Ander Imazek zabalean dejada eginda amaitu du hurrengo tantoa, baina ekimena gorriek eraman dute, nolanahi. Berdin izan dio Zabalak hankazpitik pilotakada zail eta ikusgarri bat eramanda ere. Jon Ander Peñak errematerako nahi adina aukera aurkitu ditu eta urdinek piloteoan agintzera pasatzeko aukera izan duten apurretan ere, ez dute zorterik izan. Hala, Imazi beste pilotakada bat ezker paretean goregi joan zaio, eta horren ostean iritsi da partidako aurreneko atseden luzea: 12-6 Peña eta Arangurenen alde, orotara 9-1eko partziala erdietsi ostean.
Funanbulismorik ez
Zabala ere partidatik erabat atera da defentsako lanean sekulako zuloa bihurtu da, bere mailako pilotari batek galdu ezin ditzakeen pilotak galduta eta Imaz bera ere kutsatuz.
Orain arte Mastersean gertatu dena ikusi ezean, garaipenik pilatu ez duen bikotea urdinena dela esango luke ikusleak, baina ez, gorriena da. Hala ere, okerrena ez da urdinen maila eskasa izan, baizik eta aurrelari eta atzelariaren arteko erabateko kimika falta, sekula elkarrekin jokatu izan ez balute bezala. Halakoren baten, zorionez, Zabalak ezker gantxo bikain bati esker urdinen bolada txarra eten du, maila baduela bere buruari gutxienez erakusteko. Hurrengo tantoa ere aurrelari errioxarrak amaitu du, nahiz eta tantoaren erdialdera Arangureni traba garbi askoa egin, atzelari gorriak tantoaren ekimena zuenean.
Hari fin baten gainean funanbulista lanak egitea otu zaio orduan aurrelari urdinari eta tanto batzuek egitea ere lortu du, markagailua 17-11raino hurbilduz. Baina gorriek sakea berreskuratzeaz bat aldea berriz ere zabaldu dute, errestatu beharreko bi sake erraz bueltatu gabe laga baititu Imazek. Hala ere, oraindik azken ahalegin bat egin dute urdinek, jakinean ez zutela mirari handirik egingo.
Ez dute miraririk egin, izan ere, gorriek merezitako garaipena lortu baitute. Azken pilotakada gainera Aitor Arangurenek urdinen gainetik atzean amaitutako tantoa izan da, oraindik jokatu ezinik dabilen Jose Javier Zabaletaren omenez, edo. Nolanahi, Peña eta Arangurenek beren duintasuna azpimarratu dute eta Caixabank Mastersean –batez ere Zabaleta bueltan bada– oraindik bizirik dirautela erakutsiz.
PARTIDAKO FITXA
Jokoaren iraupena: 54.21 minutu. Pilotakadak: 448. Sakez: 2 Peñak eta 0 Zabalak. Egindako tantoak: 9 Peñak eta 1 Arangurenek; 9 Zabalak eta 1 Imazek. Galdutakoak: 2 Peñak eta 1 Arangurenek; 5 Zabalak eta 5 Imazek. Markagailua: 0-1, 0-3, 2-3, 2-4, 3-4, 3-5, 4-5, 7-5, 7-6, 12-6; 16-6, 16-7, 16-9, 17-9, 17-10, 17-11, 18-11; 20-11, 20-13, 21-13, 22-13. Gorabeherak: Caixabank Masterseko bosgarren jardunaldiko partida, Azkoitiko Gurea Udal pilotalekuan. Aurreneko sakea, urdin.