«Gure koloreak, gure ohorea», Bultzadak euskal nortasuna goraipatu du
Espainiako selekzioaren garaipenen aurrean «espainolismoaren gorazarre» egin izana aurpegiratu dio Bultzadak Realari. Ondorioz, «Gure koloreak, gure ohorea» leloarekin, euskal nortasuna eta Euskal Selekzioaren aldarrikapena zabaldu nahi izan du harmailetan, ligako lehen jardunaldian.
Bultzada Txuri Urdina zale taldeak haurnasketara deitu du Realeko zuzendaritza taldea, sare sozialetan helarazitako mezuetan «espainolismo sakonenaren asimilazioa» bultzatu duela aurpegiratuta. Eurokopa zein Olinpiar Jokoetan, Realeko jokalari zein kirolari gipuzkoarrek lortutako garaipenen aurrean, Espainiako selekzioari gorazarre egitea «harriduraz eta amorruz» hartu zuten. Honen aurrean, hausnarketa eta autokritika eskatu zioten, «babes sozial euskaldunena eta euskaltzaleena» duen klubak, «horrelako jarrera arduragabea» azaldu izanagatik.
2024-2025 denboraldi berria hasi atarian zabaldu zuen mezua Bultzadak, bere sare sozialen bitartez eta igande honetan, Rayoren aurkako lehen jardunaldia jokatu baino minutu eskas batzuk lehenago, «Gure koloreak, gure ohorea» leloa zabaldu du Aitor Zabaleta harmailan, zenbait ikurrinez apainduta. Hala, euskal nortasuna goraipatu du, «espainolismo asimilazioa» kritikatu duen bitartean.
El mensaje de @BultzadaTX ante los homenajes por los títulos logrados con las selecciones españolas. Suena el Ikusi Mendizaleak, "gu euskalduna gara, Euskal Herrikoak".
— Imanol Intziarte Arruebarrena (@imanolintziarte) August 18, 2024
Aplausos desde buena parte del resto del campo pic.twitter.com/NSgfDLyLhg
‘Ikusi mendizaleak’ abestiak lagunduta, «gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak» ozen abestuta, Anoetako harmailek –estadiora sartu direnen txaloak irabazi dituzte– argi utzi nahi izan dute zale talde handi baten pentsaera, azken hilabeteetan, Eurokopa eta Olinpiar Jokoak lehiatzen ari ziren bitartean, «errespetatua» izan ez dena.