INFO

Hamaika lagun atxilotu ditu Poliziak Bilboko festen lehen egunean, bi genero indarkeriagatik

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hamaika lagun atxilotu dituzte Bilboko Aste Nagusiaren lehenengo egunean, horietako bi genero indarkeriagatik. Juan Mari Aburto alkateak ziurtatu du kasu bat bera ere ez dela larria izan.

Ertzaintzako hainbat agente Bilboko erdigunean, Aste Nagusiaren lehenengo egunean. (Iñaki BERASALUCE | EUROPA PRESS)

Hamaika pertsona atxilotu ditu Poliziak Bilboko Aste Nagusiko lehenengo egunean, horietako bi genero indarkeriagatik, Juan Mari Aburto alkateak igande honetan jakitera eman duenez. Kasu larririk ez dute antzeman, hala ere.

Bilboko alkateak prentsari zehaztu dio Udaltzaingoak bederatzi pertsona atxilotu dituela; horietako bost lapurretagarik, bi genero indarkeriagatik, bat lesioak eragiteagatik eta beste bat agintaritzaren aurkako atentatuagatik. Ertzaintzak beste bi lagun atxilotu dituela gaineratu du Aburtok, baina ez ditu zehaztu atxikitzeen arrazoiak.

«Kasu bat bera ere ez da larria izan», ziurtatu alkateak eta, beraz, lehenengo gaua ondo joan dela adierazi du.

Borroka Elortzen

Bestalde, pasa igande goizaldean Elortzen (Noain) jazotako borroka jendetsu bat ikertzen ari da Foruzaingoa. Arma zuriak erabili zituzten inplikatutako pertsonek eta lau lagun zauritu ziren. Goizaldeko 04.30ean jaso du abisua Poliziak eta, momentuz, bi pertsona atxilotu ditu, baina ikerketak abian segitzen du.

Zauritutako lau pertsonatik batek begian lesioak ditu, eta gainontzekoek ebakiak dituzte. Atxilotutako bi lagunak, halaber, Foruzaingoaren kalabozoetan dira, zaurituek salaketa jartzeko zain. Aurreikusten da astelehen honetan pasatuko direla epailearen aurrera.