INFO

Ikerketa batek dio 200 buruzagi nazik egin zutela beren buruaz beste Hitlerren ondoren

Gaztelaniaz argitaratu berri duen ikerketa liburu batean, Philippe Valore historialari frantsesak kalkulatu du 200 buruzagi nazi inguruk beren buruaz beste egin zutela Adolf Hitlerren urratsei jarraituz, eta zifra hori, Alemania osoan, 50.000 pertsonakoa izan daitekeela.

Hitler eta beste buruzagi nazi batzuk, 1942an. (BUNDESARCHIV | WIKIMEDIA COMMONS)

Philippe Valode historialari frantsesak gaztelaniaz argitaratu berri du ‘Prefirieron morir’ (‘Nahiago izan zuten hil’, Espasa) ikerketa. Liburu horretan, oso aztertua izan ez den fenomenoa izan du aztergai: Adolf Hitlerrek bere buruaz beste egin ostean, «azken irtenbide» gisa, haren urratsak jarraitu zituzten buruzagi naziena. Valoderen arabera, 200 bat izan ziren suizidatu ziren buruzagi naziak.Alemaniako populazio osoa aintzat hartuta, kalkulatu du 50.000 pertsona inguru izan zitezkeela beren buruaz beste egin zutenak.

Historialari frantsesak berrogeita hamar bat lan idatzi ditu, batez ere Bigarren Mundu Gerrari buruzkoak. Haren esanetan, «Hitlerren suizidioak, 1945eko apirilaren 30ean, kate-erreakzio bat hasi zuen goi-kargudun nazien artean, eta kolaboratzaile estuenetako askok haren eredua jarraitu zuten, horietako lehena Goebbels, bere familia osoarekin batera».

Aipatu ikerlanean jasotako kalkuluen arabera, 1945ean gutxienez berrehun buruzagi nazik beren buruaz beste egin zuten, eta haien motibazioak askotarikoak izan ziren, esaterako: «Krimenak ordainarazi nahi zizkieten aliatuei ihes egitea, porrotaren unea ekiditea edo Estatu nazionalsozialistaren suntsipena ikusi nahi ez izatea».

Wehrmacht-eko 554 jeneraletatik 53k –hamarretik batek– beren buruan tito egin zuten; eta gauza bera egin zuten Luftwaffe-ko 98 jeneraletatik 14k; Itsas Armadako 53 almiranteetatik 11k; Gauleiter-etako 8k eta zenbait gobernadorek (Sarre, Austria, Sudetes, Goi Silesia, Letonia, Behe Austria, Wurtemberg-Hohenzollern, Norvegia, Luxenburgo eta Behe Frankonia).

Administrazio handietako liderrek ere egin zuten beren buruaz beste: Robert Ley (DAF Lanaren Fronte Alemaniarra), Philipp Bouhler (Aktion eutanasia programak), Theodor Dannecker (Parisko Gestapo), Erwin Bumke (Auzitegi Gorena), Hans Kammler eta Richard Glücks (Gizarte Segurantzako Ekonomia eta Administraziorako Bulego Nagusia) edo Wilhelm Crohne (Justizia).

Suizidio horietan guztietan zianuroa edota Luger pistola erabili ziren eta, gutxiagotan, soka.

Valodek ohartarazi duenez, suizidatu zirenen zerrenda «askoz ere luzeagoa» da Alemaniako biztanle guztiei zabaltzen bazaie fokua, besteak beste, alderdi naziko 8,5 milioi afiliatuei eta Lanaren Fronte Alemaniarreko 17 milioiei. Hori dela eta, «egia esan, milaka nazi garrantzitsuk egin zuten beren buruaz beste, eta egile batzuek 50.000ko kalkulua egin zuten».

Autoreak azaltzen du, era berean, tropa aliatuek dozenaka mila emakume alemaniar bortxatu zituztela, indarkeria hori «gerra-arma» gisa erabilita, eta horrek suizidio kolektibo ugari ere eragin zutela.

Bere liburuan, Valodek Hitlerren eta bere gertuko kolaboratzaileen azken orduak deskribatzen  ditu: Hitlerren suizidioaren biharamunean, Goebbelsek bere buruaz beste egin zuen Magda emaztearekin eta sei seme-alabekin, baina ez Göring, ez Himmler ez Bormann ez ziren sakrifizio hori egiteko prest egon.

Nurembergeko hamahiru prozesuetan 200 buruzagi nazi epaitu eta neurri batean kondenatu zituzten arren (horietako 24 heriotzara kondenatu zituzten), Valodek zalantzan jartzen du Alemaniako desnazifikazio prozesuaren emaitza. «Porrota izan zen; izan ere, Alemaniako herritarren zati handi batek ez zuen zigorrik jaso, nazismoaren zerbitzuan aritu bazen ere».

Gerra ostean euren bizitzekin jarraitu zuten nazien kasu zehatz batzuk ere aipatzen ditu historialari frantsesak, hala nola Heinrich Lübke, heriotzaren eremuetako barrakoien planoak diseinatu zituena eta 1959 eta 1969 bitartean RFAko presidente izan zena; Kurt Georg Kiesinger, ‘atzerriko Goebbels’, 1966an kantziler federal hautatu zutena; edo Kurt Waldheim, Wehrmachteko inteligentzia ofiziala, 1972tik 1981era NBEko idazkari nagusi izandakoa eta 1986tik 1992ra Austriako presidente izandakoa, besteak beste.