INFO

Irrikitaldiak berriz egin du: hil da Donostia, welcome to San Sebastian!

Tropa europarren laguntzarekin, Donostia betirako akabatu eta hiria bere onera itzuli du jende onak. Turistei, aurrerantzean, welcome to San Sebastian, edo ukitu indigena batekin: ongi etorri. Irrikitaldiak, Aste Nagusi osteko Piraten festa bihurrienak, Donostia parodia eta umorearekin aztoratu du.

Ordezkaritza zabala agertu da Irrikitaldira, ohi bezala: Eneko Goia, Jose Ignacio Munilla, Loiolako militarra... (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Kaioek Piraten gorpuzkiak garbitu dituzte eta soineko eta trajedun jende onak har dezake arnasa azkenean. Bestelako usain bat du igande honetan Donostiak. Usain bat garbiagoa, depilatuagoa, puruagoa, heterosexualagoa. Eau d’Irrikitaldi, hau da postaleko benetako hiriaren aroma.

Dotore eta distiratsu, mende bat atzera egin du hiriak igande arratsalde honetan, betirako ainguratuta behar lukeen belle époque-ko garai loriatsura. Agertu dira irri egiten duten andreak eta orro egiten duten gizonak zazpi egunez Piratek asaldatu dituzten kaleak berreskuratzera, Donostiak Euskal Herriko hiribururik aspergarriena izaten jarraitu dezan, mantendu dezan bere esentzia. Eskerrak, bederen, garai eder hartako lurrinak dakartzaten ordezkariak dituen oraindik hiriak, Eneko Goia alkatea eta Jose Ignacio Munilla apezpiku exiliatua adibidez, beste askoren artean.

Hiriaren jauna zuzendu zatzaie lehenik donostiar zintzoei, aitorpen bat egiteko. Aginte makilari eustea lortu du berriz ere Goiak, baina zutoina, alderdia, inoiz baino ahulago sentitzen du. Kritikak ere jaso ditu, gif eta meme itxuran: ‘Goia, Donostiako pozoia’, ‘Goia, diruaren morroia’, eta gisakoak. Ezetzaren kluba, arratoien pare hiriaren estoldetan bilduta, indartsu dago, eta wifiarekin. «Baina ez gara kikilduko!» zin egin die alkateak Boulevard-eko kioskotik liluraz entzuten zegoen kapeladun jende-osteari.

Gipuzkoako hiriburuko bigarren alkate faboritoak –Odon Elorza historikoaren atzetik beti– tradizioari eutsi eta 2024ko Goia sariaren irabazlea iragarri du. «Euskadiren alde urte luzez lan egin eta gero jubilatu berri denari», adierazi du, eta hara non agertu den Iñigo Urkullu obrako hesi baten atzetik, jendetzaren zoramena eraginez. «Oso poza egin nago. Baina ez naiz jubilatu, jubilatu naute!» esan eta hesiaren atzean gorde da berriro.

Bekatua ari du

Boulevard-etik Alde Zaharreko Santa Maria basilikarako paseo tradizionala egiteko, aurten, Free Turra-ko gidari bat kontratatu du Udalak. Berarekin batera tronuan garraiatu dute alkatea –supermerkatuko karro batean–, eta aldamenean izan ditu zezena, toreroa, Loiolako militarra eta Munilla, serio-demonio hiritar igandetar guztiak bedeinkatzen.

Basilikan, Free Turrako gidariak harrera egin die hiritar eta turistei, denek ulertzeko moduan: «Welcome to San Sebastian, bienvenidos a San Sebastián! Eta indigenen hizkuntzan ere bai: ongi etorri a San Sebastián!»

Donostiako historiaren inguruan hitz egin die perlazko belarritakoei eta mustatxa kiribilduei, oroituz nola, garai batean, hirian ez zen dirurik su artifizialak jaurtitzeko, ezta izozkien dendak jartzeko ere. Hiri pobrea zen Donostia, harik eta tropa europarrak etorri ziren Gipuzkoako hiriburua salbatzera. «Alde Zaharrari sua eman eta San Sebastian dotore eta aberatsa eraiki zuten», gogoratu du gidariak, udararo errepikatzen den altxamendua txaloz eta oihuz ospatu duten bitartean: «¡Turistas sí, Piratas no!»

Hala ere, ohartarazi du oraindik ere geratzen direla autoktono batzuk, galzorian diren «hobbit»-ak, abuztuaren 31 kalean pintxoa jan eta ardo beltza edaten aritzen direnak. Horiek ez dira, baina, hiriaren etsaiak, turistek egiazko murgiltze-esperientzia bizi baitezakete indigenak gordetzen diren tabernetan.

Egiazko etsaiak Aste Nagusian kaia okupatzen duten Piratak dira. Haien erruz, bekatua ari du hirian eta, horregatik, Irrikitaldia urteroko zita hutsezina da Donostiko apezpiku ohiarentzat. «Hor daude, jaietan, homosexualak, lesbianak, bisexualak, transexualak… Eta okerrenak: Piratak!» gaztigatu du Munillak.

Askatasuna aldarrikatu eta libertinajea praktikan jartzen duten horiei argi esan die ezin dela aldi berean Batman eta Robin izan eta, aukeratzekotan, hautatu dezatela etxekoandre izatea.

Munillarekin batera, «Piratarik gabe, askoz hobe!» oihukatu dute graziaz San Sebastian berriko bizilagunek eta hartu dute arnasa sakon, susmatu gabe estoldetan konspiratzen ari direla arratoi begibakarrak.