INFO

Kamisetak manta gainean jarrita, kale saltzaileei elkartasuna adierazi diete Bilboko konpartsek

Elkarretaratzea egin dute Bilboko Konpartsek, Aste Nagusian manteroak udaltzaingoarengandik pairatzen ari diren jazarpena salatzeko. Elkartasuna adierazi diete kale salmentan ari direnei eta errespetua galdegin dute haientzat.

Elkarretaratzea egin dute Areatzan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Bilboko Konpartsek elkarretaratzea egin dute Areatzan, manteroei elkartasuna adierazteko. Salatu dute Aste Nagusian Udaltzaingoa kale saltzaileak jazartzen ari dela eta manteroek «gainontzeko herritar eta langileen eskubide eta errespetu bera jaso behar» dutela aldarrikatu dute.

Performance batekin abiatu dute mobilizazioa. Manteroek egin ohi duten moduan, lurrean oihal batzuen gainean jarri dituzte haien kamisetak deialdiarekin bat egin duten Konpartsek. Ostean, Bilboko Konpartsen izenean hitza hartu dute Irati Cifuentes eta Patricia Lezama konpartsakideek.

Aste Nagusiaren erdian horrelako mobilizazio bat egin beharra deitoratu dute eta Bilboko Udaltzaingoari leporatu diote «berriro, egoera zaurgarrienean daudenen kontra jo» izana. Gogora ekarri dute «lan prekarioa egitera behartuta» dauden langileak direla, haien egoera administratiboa dela eta. Udaltzainen jarrera «oldarkor eta bortitza» erabaki politiko baten ondorio dela salatu dute, Bilboren hiri eredua «ikusleei zuzendutakoa» izan dadin bilatzen duena, bizilagunei begirakoa beharrean.

Manteroen aurkako jarrera ez ezik, Konpartsen mezuen kontra egitea ere leporatu diote Udaltzaingoari, «isildu nahian» ari direla eta. «Manteroen pankartetatik hasita, euskararen eta Palestinaren aldeko eta erasoen kontrako hainbat pankarta kendu» dituztela salatu dute eta jai gunea «adierazpen eta aldarrikapen libreen gunea izan dadin» lanean jarraitzeko konpromisoa agertu dute.

Kale salmentan ari diren langileei elkartasuna helarazteaz gain, Bilboko Konpartsek jaigunea espazio segurua dela eta ongi etorriak direla adierazi diete, baita haien aurkako indarkeria salatzeko alboan izango dituztela ere.