Astea biribildu du Donostiarrak Getarian eta Urdaibaik bere hamargarren liga irabazi du
Donostiarrak denboraldiko bigarren bandera irabazi du Getarian, Zarauzkoa astindu eta astebetera. Urdaibairekin lehia estua izanda, foto finishean erabaki da Kaiarribaren garaipena. ‘Bou Bizkaiak’, bestalde, bere hamargarren Eusko Label liga irabazi du, hirugarrena erreskadan.
Aste borobila sinatu du Donostiarrak, Zarauzko bandera preziatua irabazi eta astebetera udako bere bigarren trapua astinduta Getarian. Kontxako banderara begira, bere etxeko estropada handira begira, hauspoz bete da Kaiarriba, ‘Bou Bizkaiaren atzetik azkarren dabilen trainerua dela baieztatuta.
«Azken asteotan gure bertsiorik onena ateratzen ari gara eta gustora gaude. Sekulako estropada egin dute eta lortu dugu uretatik gustora ateratzea», esan du Arkaitz Diez patroiak bere eskifaiari buruz galdetzean. Bere erabakiak ere ezinbestekoak izan dira azken luzean Urdaibai estutu eta bukaerako garaipena eskuratzeko.
Brankan, biek ala biek –segituan aldendu dituzte Zierbena zein Hondarribia– mugimendu berdina egin dute, beraien kaletik arituta, lehendabizikoan bermeotarrak eta hirugarrengoan donostiarrak. Poparean, aldiz, Diezen eskifaiak estriborrera jotzeko joera hartu zuen eta azken luzean nortasuna erakutsi du: lehendabizi estriborrera jo, Urdaibairi baborreko mugimendua oztopatu eta bukaeran, olatu apurrak hartzeko, estriborrera eginda. Arriskatu egin dute, Zarautzen egin legez, eta arrisku horrek bere saria eduki du: ikurrina irabazi eta Kontxarako sekulako hauspoa emanda.
Urdaibaik, denboraldi honetan lehen aldiz, hutsean bukatu du asteburua baina matematikoki irabazi du Eusko Label liga. Bere harmagarren garaikurra da, azken hiruak elkarren seginda irabazita eta Gorka Aranberrik eraman du patroi onenaren saria. Kontxa irabazteko hautagai nagusiak dira eta etxeko estropadan, irailaren 14an, ospatuko dute liga garaipena eta akaso baita Kontxakoa ere.
Orio, laugarren postura
Getariako uretan ez ziren eman Ondarroako haize eta korronte bihurriak eta beraz, apenas egon zen aldaketarik txanden artean. San Pedrok eraman zuen lehen txanda, Cristian Garma patroiarekin. Aste honetan iritsi da eskarmentu handidun arraunlari kantabriarra Pasaiara, play-offen lehian urrats bat eman asmoz, eta gaur Getarian arerio zuzenekin lehian lehen eginda, konfiantzaz bete dira, oraindik ere azken hitza esan ez dutela berretsita.
Bigarren txandan ere egon da zer ospatu, Orio azkarrena izan baitzen eta sailkapen nagusian laugarren postura igo baita. Bere lan onaz gain, Hondarribiak sinatu duen asteburu ilunak ere eraman ditu mirotzak ligako azken asteburuan ohorezko txandan lehiatzera.
XV. Getariako ikurrina
1. Donostiarra 20:59.38
2. Urdaibai 20:49.46
3. Zierbena 21:18.44
4. Orio 21:22.24
5. Lekittarra 21:30.56
6. Hondarribia 21:33.42
7. Ondarroa 21:44.24
8. Getaria 21:50.12
9. San Pedro 22:14.98
10. Cabo 22:15.58
11. Kaiku 22:42.30
12. Bueu 22:54.62
Sailkapen nagusia
1. Urdaibai 203 puntu
2. Zierbena 177 puntu
3. Donostiarra 169 puntu
4. Orio 156 puntu
5. Hondarribia 154 puntu
6. Getaria 117 puntu
7. Lekittarra 104 puntu
8. Ondarroa 98 puntu
9. Cabo 86 puntu
10. Kaiku 75 puntu
11. San Pedro 41 puntu
12. Bueu 24 puntu