INFO

Ur falta da Panamako kanalaren arazo nagusia, 110 urte bete dituenean

Aldaketa klimatikoak eragin zuzena izan dezake herrialde baten ekonomian. Horren adibide argia da Panamako kanala. Izan ere, 2023ko lehorteek kanalean ur eskasia eragin zuten. Ondorioz, merkataritza itsasontziak igarotzeko baldintzak aldatu egin ziren, eta ontziak gutxitu.

Lehorteek izugarrizko eragina izan dute Panamako kanalean. (Martin Bernetti | AFP)

Panamako kanala inauguratu eta 110 urtera, klima aldaketaren ondorioz urik gabe geratzeko mehatxuari aurre egin beharrean dabiltza, nazioarteko gatazken eta beste merkataritza bide batzuen lehiaren erdian, 110. urteurrenean bertako arduradunek AFPri joan den astean kontatu ziotenez.

Ur gezarekin funtzionatzen duen Panamako bideak bere 110. urteurrena bete zuen pasatu den abuztuaren 16an. Oraindik, 2023an abiatutako lehortetik suspertzen ari da. Lehorte haren ondorioz, handik igarotzen diren itsasontzi kopuruak behera egin zuen. Egunero 38 itsasontzi izatetik 22 izatera igaro ziren.

Agintariek inguruko ibai batean urtegi bat eraikitzeko asmoa dute, ubidea ur gehiagoz hornitzea helburu dutela. Baina horretarako zailtasunak dira, 2.000 pertsona baino gehiago birkokatu beharko bailituzkete. Eraiki nahi duten urtegiaren arroak egun bi milioi panamarrentzat ur edangarria sortzen du, biztanleriaren erdiarentzat, hain zuzen ere.

AFPrekin egindako elkarrizketetan, Ricaurte Vasquez Kanaleko administratzailea eta Jose Ramon Icaza Kanaleko Gaietarako ministroa mintzatu ziren.

Konfiantza berreskuratu

Egungo kanalaren erronka nagusien inguruan galdetuta, Vasquezek argi adierazi zuen «uraren gaia erronka nazionala» dela, eta hori konpontzeko moduen inguruan hausnartu beharra dagoela. Izan ere, bere ustez, ez daiteke afera «giza kontsumoaren edo merkantzia igarotzearen arteko gatazkara murriztu». Kanaleko administratzaileak bere lantaldeak egindako kalkuluen berri eman zuen, eta urte amaierarako «normaltasunera» itzultzea espero dute, betiere euri prezipitazioaren patroiak bere horretan jarraitzen badu, azaldu zuen itxaropentsu.

Irtenbideak ahalik azkarren aurkitu nahi dituzte, bezerorik ez galtzeko: «Gure bezero eta erabiltzaileengan konfiantza indartu behar dugu, nahiago izan dezaten Panamako kanala erabili, besteren bat baino lehen»

Icazaren iritziz, segurtasun hidrikoa mantentzea da erronkarik nagusiena, eta horretarako kanaleko ibilbidearen «konfiantza mantentzea» beharrezkoa dela azaldu zuen.

Bezeroengan jarri zuen arreta: «Gure bezero eta erabiltzaileengan konfiantza indartu behar dugu, nahiago izan dezaten Panamako kanala erabili, besteren bat baino lehen. Eta horretan lanean ez gara orain hasi, duela 90 urte baino gehiago hasi ginen, eta urte hauetan guztietan horren lan alde egin dugu».

Kanalak aldaketa klimatikoaren eraginez jasotako ur galeraren aurrean, ordea, badute proposamena: Rio Indioko urtegia egitea. Alternatiba horrek, ordea, badu alde ilunik, 2.000 biztanle inguru lekualdatu beharko liratekeelako. Vasquezek pertsonen eskubideak edozein azpiegitura proiekturen garapenaren aurretik lehenetsi behar direla adierazi zuen, «jasangarritasuna pertsonen iraunkortasunetik abiatzen da» argudiatuz. Eta nabarmendu zuen lehentasuna «arroko pertsonen eskubideak errespetatzea» dela.

Lehen, egunean 38 itsasontzi igarotzen ziren, gaur egun 22.
Lehen, egunean 38 itsasontzi igarotzen ziren, gaur egun 22.

 

Kanaleko Gaietarako ministroaren ustez, elkarrizketa ezinbestekoa da horrelako proiektuak sortzean, eta jada proiektua gauzatuz gero kaltetuak izan daitezkeen komunitateekin hitz egin dutela aurreratu zuen. Hala ere, beste aukera batzuk mahai gainean daudela aipatu zuen, helburua hurrengo 50 urteei begira segurtasun hidrikoa mantentzea dela gogoratuz.

Merkatuaren lehia

Panamako agintariek argi dute beraien kanala indartzea dagokiela, ondo baitakite, egun beste ibilbide batzuk ere badaudenez, ez daudela bakarrik «merkatuan». Mexikoko Maya trena, Nikaraguako balizko kanala edo Kolonbiako kanal lehorraren proiektuek ere ordezkatu dezakete ehun urte baino gehiago dituen kanal hau, eta, ondorioz, arretatsu begiratzen diote lehiari.

«Ideia horiek beti egon dira. Eta nik beti esan dudana izan da Panamako Kanala bere inbertsioak egitera, segurtasun hidrikoa bermatzera eta, ondorioz, merkatuen konfiantza izatera bere lana bideratzen duen heinean, negozioa egongo dela, eta aurrera jarraitu behar genukeela beti», horixe uste du Icazak. Eta horrekin ados egon arren, «kantxan bakarrik» ez daudela onartu zuen Vasquezek, eta, batzuk besteak baino agerikoagoak diren arren, «mota guztietako mehatxuak» daudela aitortu zuen. Nolanahi dela, konfiantza dute haien proiektuan: «110 urteko etengabeko operazioa eta 500 urteko merkataritza tradizioa beste herrialde batek oraindik lortu ez dituen elementuak dira».

Bestelako gatazkek ere eragiten diote Panamako kanalari, eta ez soilik merkatuko beste aukerek. Esate baterako, munduko herrialdeen gatazkek eragiten diela esan zuen kanaleko administratzaileak: «Ukrainan edo Ekialde Hurbilean gertatzen den guztiak, edo Estatu Batuen eta Txinaren arteko merkataritza gatazka batek, guri eragiten digu. Ukrainako gatazkarekin, Mexikoko Golkotik Asiara Panamako kanaletik igarotzen zen gas natural likidotuaren trafikoan izan den guztia galdu egin zen, orain Mexikoko Golkotik Europara doalako, Errusiari jarritako zigorrengatik. Mehatxuak egongo dira, eta adi egon behar da».

Ibaian beste urtegi bat eraikitzea da momentuz proposatu duten alternatibarik «bideragarriena», baina horrek 2.000 biztanle baino gehiago lekualdatzea esan nahiko luke.


Vasquezen hitzak berretsi ondoren, Ekialde Hurbileko egoerak zuzenean eragiten diela gaineratu zuen Icazak, eta eragina zentzu batean positiboa ere izan daitekeela adierazi zuen: «Suez kanalari eta segurtasunaren afera guztiari eragiten dio, eta horrek nolabaiteko onura ekarri dio Panamari».

Panamaren DNA

Egun ahoz aho dabilen kanala Estatu Batuek eraiki zuten, Panamari 1903an Kolonbiarekiko independentzia lortzearen alde eginez. Belaunaldien arteko borroka baten ostean, Panamak bidea berreskuratu zuen 1999an, 1977an Omar Torrijos buruzagi nazionalista panamarrak eta Jimmy Carter presidente estatubatuarrak sinatutako akordio baten ondoren.

Kalkuluen arabera, munduko itsas merkataritzaren %6 Panamako bidetik igarotzen da, eta erabiltzaile nagusiak Estatu Batuak eta Txina dira. Munduko merkataritzak askotan begiratzen dio Panamari. Kanaleko administratzailearen hitzetan, jaso ere egin du Panamak: «Munduari gure kokapen geografikoa eman diogu, baina hortik harago, nik uste dut zentzua eman diola herrialdearen izateko arrazoiari».

Herrialdeko  ekonomia sustatzeaz gain, herrialdeari nortasuna eman dio kanalak, Icaza ministroaren ustez: «Panamako kanala herrialde gisa gure DNAren parte izan da, 1903an Errepublika gisa jaio ginenetik».


Herrialde gisa nortasuna izatea garrantzitsua da Icazaren aburuz, eta hori ere eman die kanalak: «Panamako kanala herrialde gisa gure DNAren parte izan da 1903an Errepublika gisa jaio ginenetik. Gu Kolonbiako probintzia ginenean hitz egiten zen kanal bat eraikitzeari buruz. Horregatik, herrialde gisa dugun nortasunaren osagai garrantzitsua da».

Krisiari lehenbailehen heltzeko deia

Panamako Ubide Praktikoen Elkarteak adierazi zuen Gobernuak «berehala» heldu beharko liokeela ozeano arteko bideko krisi hidrikoari. Izan ere, agintariek pasatu den astean iragarri zuten 2025ean aurkeztuko dutela urtegi berri bat sortzeko proiektua, arazoa konpontzen aldera. Baina elkartearen ustez, ahalik lasterren heldu behar zaio gaiari. «Ezinbestekoa da prozesu honetan parte hartzen dugun eragile guztiok, gobernuak, agintariek, langileek eta komunitateak elkarrekin lan egitea, kanalak konfiantzaren eta eraginkortasunaren ikur izaten jarrai dezan», adierazi zuen Adrian Ossa Panamako Kanaleko Praktikoen Elkarteko presidenteak.

Panamako presidenteak, Jose Raul Mulinok, esan zuen 2025ean «behar bezala aurkeztuko» diela herritarrei urtegi berri bat sortzeko ideia, Río Indio izenekoa, kanalaren ur krisia konpon dezakeena. Eta horrez gain, meategiaren egoera ere konponduko dela iritzi zuen Mulinok, epai baten ondorioz erabiltzeko baimenik gabe geratu baitzen, eta, ondoren, gizarte aseguruarekin izandako arazoak ere konponduko lirateke presidentearen arabera. Adierazpen horiek Vasquezekin eta Kanaleko Agintaritzaren Zuzendaritza Batzordeko kideekin bilera burutu ostean egin zuen. Gainera, zenbait ministrok bilera egin zuten, eta «ozeanoen arteko kanalaren arro hidrografikoa berrosatzeko aukerak» aztertu zituztela ohartarazi zuten.

Rio Indioren proiektuak 1.089 milioi euro inguruko kostua du, eta horri 400 milioi gehiago gehituko behar zaizkio «jasangarritasunerako». Sei urte inguru beharko lirateke prest egoteko, Panamako Kanalaren Agintaritzaren arabera.