Iruñean berrabiarazi ditu mobilizazioak Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak
Gaur berrekin dio Pentsiodunen Mugimenduak Iruñean astelehenero mobilizatzeari. Gauza bera eginen dute datozen asteetan Hego Euskal Herriko beste hiriburuetan. «Laster Estatuko aurrekontuak negoziatuko dira eta ezinbestekoa da pentsiodunen erosteko ahalmena berreskuratzea».
Herri batzuetan elkarretaratzeak egin diren arren, astelehen honetan Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioei ekin die berriro, Iruñean. Duela sei urte baino gehiagotik egiten ari da gauza bera 80 herri eta hirietan, kalera astelehenero irtetzen. Bilbon eta Gasteizen hilaren 9an itzuliko dira eta Donostian, aldiz, 16an.
Ohar baten bidez adierazi dutenez, pentsiodunen beharrak «areagotu egiten dira hilabeteak igaro ahala». Zentzu horretan, «gutxieneko pentsioak gero eta urriagoak dira, eta Estatuko gobernuak ez du ezer egiten 1080 eurotan jartzeko», salatu dute. Gasteiz eta Iruñeko exekutiboek ere ez dituztela beharrezko erabakiak hartzen gehitu dute eta genero-arrakala konpondu gabe dagoela oraindik.
«Laster Estatuko aurrekontuak negoziatuko dira eta ezinbestekoa da pentsioduen erosteko ahalmena berreskuratzea eta gutxieneko pentsioa handitzea», nabarmendu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak.
Jakinarazi dutenez, Elma Saiz Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Immigrazio ministroari eta Imanol Pradales EAEko gobernuko lehendakariari egindako bilera-eskaeraren erantzunaren zain jarraitzen dute. «Ikasturte berri bat ireki da, eta, zalantzarik gabe, kalean jarraituko dugu gure eskari premiazkoenei eta ezinbestekoei erantzun arte, eta hala egingo dugu Gasteizen, Iruñean eta Estatuko gainerako herri eta erkidegoekin, Madrilen». Irailean zehar jakinaraziko dute zer mobilizazio dinamika adostu duten.