INFO

Itsaso zakarrak soilik eragin lezake triskantza Kontxako Banderan

Urdaibai eta Arraun Lagunak-ek lehendabiziko kolpea eman zuten Kontxako Banderaren lehian. Uda osoko nagusitasuna berretsi zuten, arerio zuzenei hamalau eta bederatzi segundoko aldea aterata. Itsaso zakarrak soilik apurtu lezake ‘Bou Bizkaiak’ eta ‘Lugañenek’ inposatutako legea.

Arraun Lagunak, nabarmen aurretik, Donostiarra eta Tolosaldea atzean utzita. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Letra onenekin marraztu zuten atzo gidoia Urdaibaik eta Arraun Lagunak-ek, beste arrazoi gehiago pilatu eta arraunaren historian beraien kapitulua aberasten jarraitzeko. Kontxako Banderaren kirtena eskuan daukate eta trapua astintzeko zorian daude, «errematatzea» falta zaien arren. Baina aurtengo ‘Bou Bizkaia’ eta ‘Lugañene’ traineruen martxa erreparatuta, triskantza bat beharko luke garaipena saihesteko eta horretarako, noski, itsaso eta haize zakarra zein kaleen zozketa bihurria dira osagairik ezinbestekoenak.

«Bada alde nabarmena baina baldintzak bestelakoak baldin badira, ez da hainbesterako. Hiru-lau olatutan triskantza egin daiteke», esan zuen NAIZ Irratiko mikrofonoetan Naroa Uriartek, Donostiarrako delegatuak. 14 segundora bukatu zuen Kaiarribak, bai emakumezkoetan zein gizonezkoetan, eta beraz, zail jarri zaio etxeko bandera preziatua eramatea.

Itxaropenak hor darrai, noski, «Kontxa Kontxa delako» eta tartea ireki duten traineruek «oinak lurrean mantentzeko» ere lanak izango dituztelako. Zentzu horretan, Juan Mari Etxabe Arraun Lagunak-eko teknikariak «aste luzea» iragartzen du, «txanpaia burura igo ez dadin» nekeza izaten baita. Dena dela, badute eskarmentua, bai ‘Lugañenek’ zein ‘Bou Bizkaiak’.

Urdaibairek bere zortzigarren Kontxako Bandera astindu nahi du, Gorka Aranberri lemazain duela. Historia egin lezake zarauztarrak, patroi bezala Kontxa gehien irabazi duen ‘Aita Manuel’ [Manuel Arrillaga sanpedrotarra] berdinduz, bederatzi aldiz astinduta. Inork inoiz berdindu ez duen marka, 1935etik indarrean dagoena, kasik mende batez.

Gainera, Aranberri zein Urdaibairentzat hirugarrena erreskadan izan daiteke, 2022an Iker Zabalaren eskutik Santurtzitik Bermeora egin baitzuen jauzi, beste lau kideekin batera. Ontzi txapelduna da ‘Bou Bizkaia’, hainbeste Zarautz eta Getariako ikurrinak ez irabazteak are gehiago berpiztu duela. «Horrelako talde bat, hainbeste batailetan egonikoa, presio hori kudeatzea errazagoa da. Eduki ditugu gure gorabeherak baina ez dugu horrelako dramarik egin. Errematatu egin behar da», zioen Zabalak estropada bukatu berritan.

Urteko estropadarik txukunena egin zutenaren sentsazioekin bukatu zituzten lanak bi ontzi txapeldunek, inoiz inork egin ez duen balentria lortzeko erronka gero eta presenteago edukita. Bizkaia/Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako txapelketak bereganatu zituzten, bai eta liga nagusia ere –biek ala biek, bi estropaden faltan ziurtatu zuten garaipena– eta Kontxan ere, ibilbidea errepikatu dute, memorian, denboraldi hau eta bi ontzi honek arraun zaleok ongi gogoratu ditzagun.

Errematatzea falta dela Zabalak; borobiltzea, Juan Mari Etxabek. Hamalau eta bederatzi segundoko gutxieneko aldeak nabarmenak diren arren, ez dira fidatzen Kontxarekin. Momentuz, badirudi iragarpena alde edukiko dutela; alegia, triskantza handia eragin dezakeen zakarkeriarik gabea. Atzoko baldintzetan ere lanak ongi egin behar ziren hain alde nabarmenak ateratzeko –«horrelako itsasoarekin hain tarte handiak zabaltzea ez da batere erraza», zehaztu zuen Xubane Uribarrena arraunlariak– eta beraz, horrela hobeto ulertzen da Juan Mari Etxaberen gozatua –zuhurtasuna atzean utzi gabe–.

Kaleen analisiak ez du askorako ematen

Atzokoan kaleen zozketan ere zortea alde izan zuten, laugarren eta hirugarren kaleetan lehiatuz. Baina arerio zuzenenak ere kale horietatik aritu zirenez, gutxirako ematen du kaleen diferentziaz hitz egiteak. Zierbenak ere Urdaibaik legez laugarren kaletik egin zuen arraun; galipoek ez zuten estriborrera gehiegi egin poparean, emakumezkoetan ikusi zen legez, baina bere txandan sekulako nagusitasuna inposatu zuen, hain zuzen ere hirugarren kaletik aritu zen Hondarribiari 23 segundo aterata.

Hirugarren kale horretan lortu zuen garaipen partziala Arraun Lagunak-ek; Tolosaldea –ligan arerio zuzenena– laugarren kaletik aritu zen bitartean –Urdaibai eta Zierbenaren kaleak–. Denboraldi erregularreko bi traineru onenak hamalau segundoko distantziarekin bukatu zuten, ideia bat egiteko.

«Sekulako buelta egin du, ziabogan aurretik ikusten badira, indarra soberan dute gehiago urruntzeko», zioen, erdi etsituta, Olatz Lopezek, Kaiarribako arraunlariak, arerioen indarra deskribatu nahian, aitzakietatik aldenduta, atzokoan aitzakiek tarte gutxi izan baitzuten. Estropada gardena izan zen, onenek bere nagusitasuna bere horretan islatuz, popareko motorra martxan jarri eta badia barruan erakustaldia emanaz. 

Gainontzekoen pozak ere urrea balio du

Izan ere, kale zozketen bihurrikeriak nabarmenago dira itsas kirriarekin eta osagai guztiak beharko dituzte Zierbenak, Donostiarrak edota Oriok, Kontxako Banderan zeresana eman eta Bermeo eta Martutenera bideratuta dirudien garaipena borrokatzeko. Kontxako badian triskantza bat eragiteko.

Hori etorri zain, zaleen babes beroa ere ez zuten falta, Kontxako Banderak badauzkalako hamaika helburu: sailkatzea lehendabizi, ohorezko txandan sartzea gero; bai eta borrokatzea, taldea saritzea, disfrutatzea, txapelketa preziatuenean palada bakoitza sentitzea... Urdaibai eta Arraun Lagunak izan ziren atzoko saritu handienak baina Getaria, Hibaika, Chapela edo Astilleroren pozak ere urrea balio du.