Enplegu kalitatea hobetzea, soldatak duintzea eta lanaldia murriztea esaktu dio LABek Lakuari
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusia Lakuako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torresekin bildu da astelehen honetan. Era berean, Bilbon egindako prentsaurrekoan, ikasturte berriko asmoen berri eman du sindikatuak.
Ikasturte hasierako agerraldian Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak helburu nagusi bat jarri du mahai gainean: «Langileen lan eta bizi baldintzak hobetzen jarraitzea». Horretarako, lan baldintzak eta soldatak duintzea eta langileei kalitatezko zerbitzu publikoak ziurtatzea izango dira sindikatuaren lehentasunak, Aranbururen arabera.
Bizitza duina bermatzeko langileen aldeko «neurriak, adostasunak eta akordioak» beharrezkoak direla nabarmendu du koordinatzaileak, eta azken urteetan bezala, ahalik eta dinamika eta borroka sindikal eta sozial gehien hauspotzen jarraituko dutela azaldu du Aranburuk.
«Langileak zukutzen jarraitzeko eta lan eskubideetan murrizketa berriak inposatzeko» patronalak topatu duela beste bide bat argitu eta absentismoaz aritu da: «Absentismoa kontrolatu behar dela diote. Hau guztiz mespretxagarria da, eta are larriagoa, EAJren Jaurlaritzaren aldetik, marko diskurtsibo hori ontzat ematea».
Eman dira aurrera urratsak
«Patronala da absentista, ez baitu prebentzio legea betetzen», salatu du, lan istripuei eta hildako langileei erreferentzia eginez. Lan istripu kopuruak eta hildako kopuruak onartezina izaten jarraitzen du. 39 langile hil dira dagoeneko aurten, azkena, pasa den larunbatean.
«Presio sindikal eta sozialik gabe, ez da posible izan eta ez da posible izango langileen aldeko akordiorik. Ez patronalaren aurrean negoziazio kolektiboan ez eta arduradun politikoen aldetik, politika publikoek eskatzen dituzten aldaketetan ere», adierazi du Aranburuk. Eta borrokaren bidez eskuratutako lorpenak ere gogoratu ditu. Cementos Rezolako borroka jarri du adibide gisa, «borrokari esker ari gara trantsizio energetikoaren aitzakian egin nahi den enplegu suntsiketen ondorioak arintzen».
Sindikalismo feministaren bidetik zaintza eredua eraldatu beharra ere azpimarratu du, eta etxeko langileen lan eskubideez hitz egitea aurrera urratsa dela gaineratu du. Baita «intersidikalaren eta Osasun Plataformen borrokari esker, Osakidetzaren gainbehera agerian utzi eta gaia agenda politikoan kokatu izana» ere.
Eskakizunak Lakuari eta Osasun Mahaiari
Bestalde, astelehen honetan bildu da Lakuako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torresekin LAB. Garbiñe Aranburu koordintzaile nagusia eta Oihana Lopetegi, Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko arduraduna izan dira LABen aldetik. Torresekin batera Elena Perez, Alfonso Gurpegi eta Iñaki Ruiz sailburuordeak izan dira.
Bi gai nagusitan jarri du LABek arreta, goizean aurreratu bezala: enpleguan eta lan osasunean. Eskakizun zehatz bat egin dio Aranburuk sailburuari: «Enpleguarekin kalitatea hobetzea, soldatak duindu eta 1.600 euroko gutxieneko soldatak ezartzea; baita lanaldia murrizteko beharra ere».
Etxeko langileen egoerari egin dio azpimarra berezia, eta LABek langile kolektibo horri negoziazio kolektiborako eskubidea bermatzeko urratsak eskatuko dituela adierazi. Osasunari dagokionean, lan istripuei eta laneko gaixotasunei aurre egiteko politikak exijituko dituztela aurreratu du: «Sailburuari galdegin diogu patronalak, absentismoa aitzakia hartuta, ezarri nahi dituen murrizketa berrien aurka egin dezan, eta interpelazioa egin diezaion, prebentzio legea betearazteko».
Baldintzarik zaurgarrienetan diren langileengan jarri du arreta LABek, «arrazismoa laborala eta horri lotuta gertatzen diren abusuak, ea langile migranteek bizi dituzten egoera babesgabeak» izan dituzte hizketagai bileran.
Bestalde, LABek lan istripu eta lan heriotzen zenbatekoa «onartezina» dela salatu du. Eta Aranburuk sailburuari prebentzio legea betearazteko eskatu dio. LABek adierazi duenez, adostasunak aldarrikatu dituzte, eta «elkarrizketarako prestutasunarekin bat etorri dira bi aldeak».
Osasun Mahaiaren bilera ere aurki egingo dela adierazi du, eta Osasun Itunik egingo bada, langileen gehiengoaren babesarekin egin behar dela esan du Aranburuk. Bost ideia azpimarratu ditu: pribatizazio eta kontzertazio politikarekin amaitu eta pribatizatutako zerbitzuak publifikatzeko plana; langile gehiago, egonkorrak eta baldintza duinekin; Urgentziaz Lehen Arretaren egoera hobetzea; Osasun mentaleko arazoak prebenitzeko eta artatzeko bitarteko gehiago; eta azkenik, Osakidetza euskalduntzeko plana.