INFO

Trauskil eta lotsagarri, baina helburua beteta

Emmanuel Macron presidente frantsesa, abuztu bukaeran. (EUROPA PRESS)

Europako hauteskundeen emaitza jakin orduko, Asanblearako hauteskundeetara deitu zuen Frantziako presidente Emmanuel Macronek. Eskuin muturrari bidea mozteko, esan ziguten hedabide gehienek, hala adierazi zuen berak. Hala ere, ez zuen horrelako hebururik, baizik eta bere alderdiaren ahultasuna ezkerraren ahultasunaren bizkar disimulatzea; hau da, irabazteko aukerarik ez zuen ezker zatituari esker Le Penen RN gainditzea. Baina ez zen hala gertatu, ezker zatituak bat egin zuenez gero, eskuin muturrari bidea oztopatzeko, hain zuzen ere .

Gaur arte horrelakoetan beti hartu ohi zen erabakia, indar bozkatuenak proposatutako lehen ministroa izendatzeko erabakia, alegia, behin eta berriz atzeratu zuen presidenteak. Bitartean, NFPko indarrak zatitzen saiatu zen. Eta gaur, eskuin muturrari bidea ixtea helburu ez zuen eskuineko ordezkari bat izendatu du lehen ministro, «diputatuen gehiengoaren gaitzespena eragingo ez lukeen hautagaia» zelako, «Parlamentuko zentsura mozio posible bat gainditu dezakeena».

Horretarako ez zen beharrezkoa bozkatzea. Macronen alderdiak ezkerra gainditu izan balu, itxurosoago agertuko zen, egia da, baina oso zaila da den-dena ondo ateratzea, eta bigarren mailako itsuskeria da hedabideek eta Macronek berak kontatu ziguten helburu hura, Errepublika faxismoaren arriskutik salbatzea, taktika trauskil eta lotsagarria baino ez zela ikusaraztea.

Orain bere alderdia egiteko prest ez zegoena ezkerrak egitea nahi du presidenteak, lehen ministroa sostengatzea edo gutxienez haren kontra ez egitea, eta hala egiten ez badu, hari bost axola, demokraziaren izenean baztertu beharra zegoenaren sostengua lortuko du eta, bide batez, hura nabarmen indartuko du. Ezin esan eskuin muturrari bidea itxi dionik, baina bai bozen zentzuari.