INFO

Sagar uzta iazkoaren erdia izatea espero dute Gipuzkoako sagardogileek

2023an sei milioi sagar kiloko uzta jaso ondotik, aurten kopuru hori bi edo hiru milioi kilotara murriztea espero dute Gipuzkoako sagardogileek, Donostiako 27. Sagardo Egunean jakinarazi dutenez. 39 ekoizle eta milaka lagun bildu dira Konstituzio plazan, trikitilariek alaitutako festan.

Milaka lagunek hartu dute parte larunbat honetan Donostiako Sagardo Egunean. (EUROPA PRESS)

Joan den urtean sei milioi sagar kilo jaso ziren, horietatik lau milioi Euskal Sagardoarenak. Aurten, ordea, bi edo hiru milioi sagar kilo bilduko dituztela kalkulatzen dute, kilo eta erdi edo bi kilo Euskal Sagardoarentzat.

Datu horiek eman dituzte Gipuzkoako sagardogileek larunbat honetan Donostiako Konstituzio plazan egindako 27. Sagardo Egunean. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 39 ekoizleren sagardoak dastatu dituzte bertara hurbildu diren milaka pertsonek, trikiti doinuak lagun.

Lakuako Gobernuak jakinarazi duenez, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Amaia Barredok, hartu du parte jaian. Berarentzat hunkigarriena Hernaniko Iparragirre sagardotegiko Arantza Eguzkitza, Irungo Olako Iñaki Bengoetxea, Astigarragako Gurutzetako Joxe Angel Goñi eta Altzagako Olagiko Maria Jose Arregi omendu dituzten unea izan da.

«Merezi dute, denboraldiz denboraldi ilusioa, ahalegina eta denbora eskaintzen diotelako gero eta ezaugarri finagoak eta pertsonalagoak dituzten sagardoak ekoizteari. Gipuzkoa eta gure herria ordezkatzen dituzten ezaugarriak dira», adierazi du.

Raul Perez Iratxeta sailburuordea eta Eneko Goia Donostiako alkatea ere izan dira ekitaldian, Foru Aldundiko eta Astigarraga, Hernani, Usurbil, Urnieta, Ataun eta Asteasuko udaletako ordezkariekin batera.

Txotx berria, urtarrilean

39 sagardogilek 2023ko uztako 8.000 botila inguru zabaldu dituzte, txorizo, bakailao tortila eta gaztarekin batera eskainiz, 2025eko urtarrileko txotxarekin zabalduko den denboraldi berrirako gogoa pizteko.

Barredok bilduko diren sagarren kantitatea txikiagoa izango bada ere, kalitatea puntakoa izango dela nabarmendu du, euria eta beroa batu baitira. Oroitu duenez, 2023ko uzta «ugaria» izan zen, eta txotx garaia «bikaina». Datorren berriak ere itxura ona duela adierazi du.

50 sagardotegik egiten dute lan Euskal Sagardoaren izendapenarekin: 45ek Gipuzkoan, hiruk Bizkaian eta bik Araban. Orotara, 250 sagar ekoizle dabiltza 500 hektareatan.