INFO

Isilaldia eten du Azpeitiak, bizigarriagoa izan dadin

Azpeitian LGTBI+ pertsonek bizi duten egoera aztertzeko ezohiko diagnostiko bat landu dute Udalak, Emakumeen Txokoak eta Eihera Kooperatibak. Isildutako errealitateen hitzak jaso eta ‘Oihu bat isiltasunean’ liburuan zabaldu dituzte.

Behean, Azpeitian egindako prozesuak eman duen ezohiko diagnostikoa: «Oihu bat isiltasunean». Goian, Eihera Kooperatibako Kattalin Miner, azpeitiarrei liburuak agertzen dituen ondorioak aurkezten. (AZPEITIKO UDALA)

Ezkutuan ziren sufrimenduak, baina baita erresilientziarako estrategiak eta herri bizigarriago bat eraikitzeko desirak ere. Orain, giltzarrapoak ireki dituzte Azpeitian, eta “klak” egin du: egiaz horrela bizi dute herria LGTBI+ pertsonek? Eta, alderantziz: horrela bizi ditu herriak?

Azpeitian zenbait narratiba ezkutuan gordetzen zirela jakitun, herriko LGTBI+ pertsonen errealitateak ezagutzeko erabakia hartu zuten Udalak eta Emakumeen Txokoak. «Gai honi heltzeko beharra igartzen genuen, batez ere herrian ikusezintasun handia sumatzen zelako. Eta iruditzen zitzaigun Udaletik ardurak hartu behar genituela», agertu du Malen Aldalur Azpeitiko Udaleko parekidetasuneko teknikariak. Hala, Eihera Kooperatibarengana jo zuten, egoeraren inguruko diagnostiko bat egin zezan.

Abisua jaso zuten Eiherakoek Azpeitian murgildu aurretik; zail izango zutela LGTBI+ jendea topatzea, zailago haien hitz bi lortzea. Udalak ere aitortzen du testigantzak modu anonimoan emateko deialdia zabaldu zuenean ez zuela arrakasta handirik espero. «Kontrakoa gertatu zen. Bazegoen jendea, eta bazegoen hitz egiteko beharra», adierazi du Kattalin Miner Eiherako kideak.

Leire Ibarguren azpeitiarra da prozesuan parte hartu dutenetako bat, eta sorpresa hartu zuen berak ere. «LGTBI+ komunitateko kide garenok elkarren berri badugu, baina ez gaude saretuta, ez daude konplizitateak eraikita. Orduan, hitz egiteko eta kontatzeko gogoa zegoela ikustea ilusio handiarekin hartu nuen», esan du.

Horrela, kooperatiba feministako Iñi Etxezarreta eta Kattalin Minerrek 32 herritarrekin elkarrizketa sakonak egin zituzten, hiru txandatan: lehenik, LGTBI+ hizkiek identifikatzen dituzten 19 pertsonarekin, gero herri eragile desberdinekin eta, azkenik, Udaleko ordezkariekin. “Oihu bat isiltasunean” da prozesu horren emaitza fisikoa. Testigantza pusketaz osatzen den liburua da, tarteka latza eta tarteka itxaropentsua, minak ezagutu egin behar baitira horiek desagerrarazi nahi badira (klak). Emakumeen Txokoan lor daiteke, dohainik.

Isiltasuna

Paradoxikoki, isiltasunaz hitz egiten hasi ziren herriko LGTBI+ pertsonak, haien izaera edo desirak ezkutatu beharraz. Herria armairu barrutik bizi dute heteroaraura egokitzen ez diren azpeitiar askok, baztertuko dituzten beldurragatik sarri, eta, ondorioz, ez da errealitate hori ikusten, «ematen du inor ez dela», jasotzen du liburuko testigantza batek.

Berdin zahar eta gazteen kasuan, «isiltasun horren ondorioz, elkarrizketatu ditugun ia pertsona guztiek bakardade sentsazioa izan dute, herrian bakarra izatearena, oso berandura arte», ohartarazi du Minerrek. Bestalde, «susmatzen baduzu herriko beste norbait kolektiboko kide izan daitekeela, isiltasun horrek eramaten du inoiz ez galdetzera. Eta, orduan, komunitatea ez da lantzen», gaineratu du.

Egiaz, Azpeitian ez dago LGTBI+ pertsonek osatzen duten kolektiborik antolatuta eta askok aitortzen dute mugimendu feministan topatu dutela babesa.

«Iruditzen zait kolektibo honentzat herri zaila dela bizitzeko», dio, borobil, beste testigantza batek. LGTBI+ pertsonentzat herri asko izan daitezke zail baina, Minerren ustez, zailtasun horiek ez ditu zehazten hainbeste herriaren txikitasunak, «norbere herria» izateak baizik. «LGTBI+ komunitateak oso ondo hautematen ditu arauak; bai genero arauak, norberak hausten dituenean oso ondo ikasten dituelako zein diren, baina baita arau sozialak ere. Eta gure herrietan indarkeria zuzen edo sotilak bizi izan ditugunez, oso zaila da horietan hausturak gauzatzea. Askorentzat itogarria den herri bat arnasgune bilakatu da beste batzuentzat. Adibidez, azpeitiar batzuentzat Zarautz arnasgune izan da, baina zarauztar askok hortik alde egin behar izan dute», azaldu du.

Hala, norberaren herrian nork bere identitate, sexu lehentasun edo genero adierazpenak garatzeko zailtasunek sexiliora eraman ditu hainbat azpeitiar. «Jende askok herritik kanpo topatu ditu arnasguneak; nik ere bai», dio Ibargurenek.

Bestalde, herri bakoitzaren berezitasunek ere eragiten dute LGTBI+ bizitzengan. Eta Azpeitiak baditu bi oso argiak, Eiherak egindako elkarrizketa sortan nabarmentzen direnak: tradizioa eta isolamendua. Herritar guztiei eragiten dieten arren, modu berezian gurutzatzen dira heteroaraua betetzen ez duten pertsonen bizitzetan. Azpeitiaren kasuan, tradizioak finkatzen dituen portaera-ereduak ez betetzea komunitatetik aldentzeko motibo gisa bizi dituzte LGTBI+ pertsonek. Bestalde, diagnostikoak jasotzen duenez, elkarrizketatutako pertsona askok adierazi dute herria isolatuta dagoela eta dinamika aurrerakoi batzuk ez direla iristen, edo makalago iristen direla. Hori dela eta, LGTBI+ ikuspegitik, inguruko herriak baino «atzerago» sentitzen dute Azpeitia.

Zauriak eta sendabideak

LGTBI+ pertsonen egoera, oro har, asko hobetu dela hautematen du jendarteak, baina lortutako eskubide eta askatasunak ukaezinak diren arren, indarkeriak ez dira eten. “Oihu bat isiltasunean” lanean bizipen gogorrak kontatzen dituzte Azpeitiko LGTBI+ pertsonek. Azaltzen dituzte indarkeria zuzena jasan dutenekoak, baina batez ere, sotilagoak diruditen indarkeria horiek, egunerokotasuna eta herrian okupatzen duten espazioa guztiz gurutzatzen dutenak: begiradak, epaiak, bazterkeria, gutxiespena. Espazio batzuk indarkeria iturri zaizkie kolektibo horretako kideei; adibidez, parranda. «Parrandan, beste herrietan zenbait komentario eta jarrera zalantzan jartzen dira, baina hemen ez», agertzen du liburuko testigantza batek. Etxea eta eskola ere aipatu ditu Ibargurenek: «Gure herrian, adibidez, eskolak izan dira itogarri. Eskolan gertatzen diren homofobia, transfobia eta genero arauen erreprodukzioaren inguruko hausnarketa bat behar da. Bestalde, gazte askok zailtasunak dituzte oraindik ere beren etxeetan, gurasoen onarpena jasotzeko. Inguruan tokatu zaizkit lagunak gurasoengatik asko sufritu dutenak», nabarmendu du.

Herritar askok ez zuten egoera horien kontzientzia. «Niri baten batek esan dit liburua irakurri eta jakiteak pertsona batzuek hori guztia bizi dutela, sentiarazi diola halako haserre bat, zor moduko bat, bere herriarekin», agertu du azpeitiarrak. Horregatik, Kattalin Minerren iritziz, hitz egitea garrantzitsua da, indarkeria horiek eragiten duten minaren gaineko kontzientzia pizteko. «LGTBI+fobiarekin oraindik asko kostatzen zaigu zuzeneko indarkeria gogorrenetik at dauden indarkeriak identifikatzea. Badira indarkeria pila bat, batzuei tontakeriak iruditzen zaizkienak, baina ondorio errealak dituztenak. Horiek ere inportanteak dira eta erreparazioa behar dute. Eta erreparazioa has daiteke errekonozimendutik», agertu du.

«Diagnostiko honek erakutsi diguna da, orain arte behintzat, Azpeitia ez dela bizigarria izan LGTBI+ pertsonentzat», azpimarratu du Minerrek. Hortaz, jaso dituzten testigantzek, ezinbestean, herria, herrikideak eta Udala interpelatzen dituzte. «Gogorra izan da diagnostikoa irakurtzea, baina hori guztia jasota egotea oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Asmoa diagnostiko bat osatzea zen, ez liburu bat, baina ikusi genuenean hainbeste urtez isilean gorde diren bizipen gogor, eder eta erresiliente horiek guztiak atera zirela, gainera adin desberdinetako jendearengandik, modu honetara publiko egiteko ideia azaldu zen. Bide berriak irekitzen hasteko arrakala baten modura ikusten genuen», adierazi du Malen Aldalurrek.

Diagnostikoa bera, eta hau osatzeko garatu den prozesua, izan daiteke erreparaziorako bide, Minerren ustez ere. «Azpeitiko kasua berezia izan da -aitortu du-. Ikusi dugu diagnostikoa egiteak, komunitateari aurkezteak, eragina izan duela, eta nahiko genuke Azpeitiak hortik lan egitea: ahotsa ematen jarraitzea, memoria egitea, badirelako oraindik istorio isilduak, jasotzeko daudenak».

«Dena dago egiteko eta dena egin daiteke borondate politiko eta soziala baldin badago», azpimarratu du Eiherako kideak. Horregatik, “Oihu bat isiltasunean” lanean aurrera begira hartzeko neurri sorta bat jaso dute, espazio publikoa eta aisialdia LGTBI+ pertsonentzat bizigarria izan dadin, kolektiboko kideak ahaldundu daitezen eta herriko hezkidetza programak LGTBI+ ikuspegitik berrikus daitezen. Izan ere, Minerrek zehaztu duenez, «LGTBI+ politikak ez dira soilik LGTBI+ pertsonentzat, herri guztiarentzat baizik».

Etxeko lanak badira, beraz, eta Udalak horiek bideratzeko konpromisoa erakutsi du. «Orain erronka horri erantzutea tokatzen zaigu», esan du Aldalurrek. Hasteko, liburuaren zabalpena indartuko dute, eta prozesuan parte hartu duten herritarrekin interlokuzioa indartu nahi dute «elkarrekin bide bat hasteko», aurreratu du parekidetasuneko teknikariak.

Aztarna utzi du

Minak min, erresilientziarako estrategiak garatu eta babeslekuak eraiki dituzte LGTBI+ pertsonek. Prozesu horiek, eta bidean sortzen diren sareak, «askatzaileak» dira askotan, Ibargurenek nabarmendu duenez eta, alde horretatik, «zorte bat da LGTBI+ pertsonak izatea», ospatu du. Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean aurkeztu zuten “Oihu bat isiltasunean” diagnostikoa, ekainaren 21ean, eta festa egin zuten gero herrian, espazio publikoa hartuta. Egun hartan, sortu zen halako giro askatzaile, bizigarri eta gozagarri bat, galdetutako hirurek nabarmendu dutenez. «Isiltasunaren haustura txiki bat» eragin zuen, Minerren esanetan. «Aurkezpenaren ondoren sortu zen konplizitate giro bat nik beste herri batzuetan bizi izan dudana. Baina nire herrian, nire herritarrekin, han egoteak, esperantzarako zerbait piztu zidan, herriari beste modu batera begiratzeko aukera eman zidan», kontatu du, halaber, Ibargurenek.

Aurrerantzean Azpeitiko LGTBI+ komunitatea antolatu eta saretuko den ala ez denborak esango du, baina orain arte egindako bideak aztarna utzi duela ziurtatu dute guztiek.