Beste lau mendizale hil dira Mont Blanc mendigunean
Larunbatetik Mont Blanc mendigunean isolatuta zeuden lau mendizale hil dira, bi hegokorear eta bi italiar. Uda honetan dagoeneko hamar dira.
Larunbatetik isolatuta zeuden lau mendizale, bi hegokorear eta bi italiar, hilda aurkitu dituzte astearte honetan, Chamonixeko Goi Mendiko Jendarmeriak berri eman duenez.
Hildakoak egun horretan Mont Blanceko tontorrerantz zihoazen hiru taldeetako bitan zihoazen. Eguraldiak bat-batean okerrera egin zuen eta bertan harrapatu zituen.
Beste bi hegokorer zihoazen sokada helikopteroz erreskatatu ahal izan zuten igandean, oso baldintza zailetan. Ordutik, Goi Mendiko Jendarmeria beste bi taldeak erreskatatzen saiatu zen, oso hurbil baitzeuden.
Helikopteroz iristea ezinezkoa zenez, lurretik erreskatatzen saiatu ziren, baina bere posizioaren koordenatu zehatzik ez zutenez, operazioa bertan behera geratu zen gehiegizko arriskuagatik.
Eguraldiaren hobekuntzari esker, astearte honetan beste hegaldi bat egin dute eta lau alpinistak hilda aurkitu dituzte, Mont Blanceko gailurretik 100 bat metrora (4.805 metroko altuera du), jendarme batek esan duenez.
Gorpuak bi helikopterok ebakuatu dituzte. Litekeena da hipotermiagatik hil izana, mendizaleek hainbat egun isolatuta zeramatzatelako, oso baldintza gogorretan.
Lau heriotza hauekin, hamar mendizale hil dira uda honetan Mont Blanc mendigunean; beste bi desagertuta daude, ziur aski hauek ere hilda. Heriotza gehienak elur eta izotz plaken jausien ondorioz gertatu ziren.
Hildakoen artean Mikel Etxezarraga eta Markel Galdos gazte gipuzkoarrak daude; abuztuaren 21ean hil ziren Mont Blanc du Tacul-etik jaisten ari zirela.
Adituen arabera, azken urteetan Mont Blanc inguruan istripuek gora egin dute, permafrostaren urtzeak, berotze globalak bizkortuta, luizien eta izotz blokeen erorketen arriskuak handitzen laguntzen duelako.