Txomin Iturberen biografia katalanera itzultzeko diru bilketa abiatuko dute asteartean
Jokin Urainek euskaraz idatzitako Txomin Iturberen biografia katalanera itzuli nahi du Pol·len edicions etxeak, eta asteartean diru bilketa abiatuko du horretarako. ETA erakundeko kide nabarmena izan zen Iturbe, eta lan honek Aljerian zer egoeratan hil zen kontatzen du lehenbizikoz.
Jokin Urainek 2021ean eman zuen GARAren eskutik ‘Txomin. Aurrera bolie!’, Txomin Iturbe militante independentistari buruzko biografia jasotzen duen liburua, eta NAIZ Dendan salgai dago egun. Orain, Kataluniako Pol·len edicions argitaletxeak euskaratik katalanera itzuli nahi du lana, eta diru bilketa abiatuko du horretarako.
Asteartean, 10.00etan, hasiko da ekarpenak egiteko 40 eguneko proiektua, Pol·len edicions etxeak militante arrasatearraren inguruko biografia katalanera itzuli ahal izateko, esteka honetan. Horren ostean eman nahi du ‘Endavant! Biografia de Txomin Iturbe’ izenburua emango dion lana, Jon Elordik itzulia. Euskaratik katalanera itzulpen gehien egin dituen etxea da pentsamendu kritikoko lanak zabaltzeagatik ezagun den argitaletxe hau.
«Ez da erraza Euskal Herriko historia politikoko protagonista izan diren pertsonen bizitzak, bizipenak eta ideiak ezagutzea. Arrazoi askorengatik, gatazkaren kontakizuna osatzen duten puzzlearen piezak modu partzial batean agertzen dira. Zentzu honetan, XX. mendeko bigarren erdiko bizitza politikoa bizi duten pertsonen memoria edo biografiak informazio iturri pribilegiatuak dira. Eta hori da Jokin Urainek eskaintzen duena Txomin Iturberi buruzko biografian», azaldu du argitaletxe katalanak ohar batean.
Arrasatetik Aljeriara
Txomin Iturbe Abasolo Arrasaten jaio zen 1943an. Argitaletxeak jasotzen duenez, 1936ko gerra galduaren ostean jaiotako euskal belaunaldi baten espiritua irudikatzen du. Beraz, gerra hura bizi izan ez duen belaunaldi baten parte da, bere herriarentzat etorkizun hobe bat ehuntzeko altxatzera ausartu zena. Kontzientza hartzeak eraman zuen ETA erakundera, eta 1960 baino lehen Ipar Euskal Herrira egin behar izan zuen, Arrasate utzita.
Hainbat aldiz atxilotu, konfinatu eta deportatu zuten, eta atentatuak jasan zituen talde parapolizialen aldetik. 1986. urtean, Aljeriara deportatu zutenean, Aljerreko elkarrizketetan parte hartu zuen erakundeko ordezkari gisa. Bertan hil zen, 1987an, 43 urte zituela, Jokin Urainen liburuan lehen aldiz argitzen den egoeran.