Urdaibaik errekor berria ezarri du, sasoiko hamalaugarren bandera irabazita
Urdaibaik ezin hobeto itxi du 2024. urteko denboraldia, hamalaugarren bandera astindu eta garaipenen errekorra hautsita. ‘Bou Bizkaiak’ nagusitasun handia erakutsi du sasoi osoan eta txapelketako azken asteburuan berretsi egin du bere potentzia, Portugaleten nagusitasun osoz gailenduta.
Hamargarren Eusko Label liga, zortzigarren Kontxako Bandera eta denboraldi bakar batean irabazitako banderen errekorra: hamalau, orotara; lehiatutakoen %73, alegia. Estatistika hau kontuan hartuz gero, Cabo da oraindik ere errekorraren jabea, 17tik 13 erdietsi baitzituen (%76) baina egiari zor, ‘Bou Bizkaiak’ ezarritako langak ongi merezi du aipamen berezia, oraindik inork ez baititu udara bakar batean 14 bandera astindu; are eta gutxiago, Kontxako bandera eta txapelketa erregularraren aurretik irabazitako Bizkaia, Euskadi eta Espainiako txapelketak. Dena irabazi du Bermeok eta aro baten jaun eta jabe izan da Urdaibai, azken hiru urtean liga eta Kontxa bereganatu baititu, eta Eusko Label ligaren 22 edizioetatik hamar –kasik erdiak– irabazi baititu.
«Udaran eztanda egin duen bonba bat izan da, neguan lantzen hasi zena; harago, duela hiru urte lantzen hasi zena», adierazi zuen Gorka Aranberri patroiak. Zarauztarrarekin batera, Santurtzi utzi eta Bermeorako bidea egin baitzuten 2021eko neguan Iker Zabala entrenatzaileak eta beste bost arraunlarik eta Urdaibai berriro ere lehen lerroan kokatu dute, eskifaia «suntsiezina» osatuta.
Portugaleten, ibaian lehiatutako estropada eremuan, ez dute areriorik izan. Indarrak, wattioak izan ziren funtsezkoak eta Bermeok, zentzu horretan, soberan ditu. Egon da zalantzarako tarterik, Hondarribiak ere sekulako gaitasuna erakutsi baitzuen lehendabiziko txandan.
Berea izan da Urdaibaik baliatu duen erreferentzia eta aurreneko ziabogan bederatzi segundoko atzerapena zuen arren, bigarren luzean, poparean, minutu bakoitzean aldeak murrizten joan da eta bigarren ziabogarako, ‘Ama Guadalupekoarekiko’ abantaila lortu du.
Orduan, Orio gerturatu zaio, liga erregularreko laugarren postua defendatzeko asmo tinkoarekin. Mirotzek lortu dute helburu nagusia –bigarren bukatu dute– eta Urdaibaik azken ziabogarako zazpi segundo sartu dizkio, garaipena ezinbestean bideratuta.
Hondarribia, lehen txandatik, kokatu da hirugarren eta Donostiarrak egin du laugarren. Zierbenak lehen kaletik gorriak ikusi ditu eta ezin izan du Lekittarraren denbora ere hobetu –Isuntza ere lehen kaletik aritu da eta txandan azkena egin du–. Kaleen azken zozketa Bermeoren alde jausi zela onartuta ere, ezin daiteke ukatu Urdaibaik osatu duen sasoi itzela: 19 banderatik 14 astinduta –bi irabazi ditu Zierbenak, beste bi Donostiarrak eta bat Hondarribiak–, ontzi garaiezina izatetik gertu ibili da ‘Bou Bizkaia’. Ihes egin zaizkion bost bandera horiek ere xehetasunean joan zaizkio eta txapelketa erregularrak eskatzen duen baldintza bete-betean errespetatu du: onenen artean erregularrena izatea.
LIV. Sari Nagusia Portugalete
1. Urdaibai 19:39.60
2. Orio 19:48.70
3. Hondarribia 19:52.46
4. Donostiarra 19:54.82
5. Getaria 20:05.16
6. Ondarroa 20:08.68
7. Lekittarra 20:12.50
8. Zierbena 20:15.98
Eusko Label ligako sailkapena
1. Urdaibai 227 puntu
2. Zierbena 193 p.
3. Donostiarra 188 p.
4. Orio 175 p.
5. Hondarribia 173 p.
6. Getaria 130 p.
7. Lekittarra 117 p.
8. Ondarroa 111 p.