INFO

Peña II.a-Zabaletak eskuratu dute Masterseko finalerdietarako txartel garestia

Partida oso gogorra jokatu dute Peña II.a-Zabaleta eta Jaka-Martija bikoteek, indarrak oso parekatuta egon direla. Azken txanpan tarteak ireki dituzte tolosarrak eta etxarrendarrak, garesti zegoen finalerdietarako txartela eskuratzeko. Peio Etxeberria-Mariezkurrena izango dute aurkari.

Jon Ander Peña, pilotari adi begira, atzean Zabaleta ere tentuz dagoela. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Erabaki dira Caixabank Masterseko finalerdiak, igande honetan Altsasun bigarren txartela lehiatu ostean. Benetan garesti egon da saria, Peña II.a-Zabaleta eta Jaka-Martija bikoteen artean. Bukaera aldera arte ez dute tarteak irekitzea lortu urdinek baina, hala eta guztiz ere, gorriek ez dute erraz amore eman, 17-21 markagailuarekin kasik 100 pilotakadako tantoa jokatuta. Azkenean, Zabaletak beste tanto batekin itxi du partida, finalerdietara sailkatuz (17-22).

Partida deserosoenak aurrera ateratzeak balio handiagoa izan lezakeela iritzi du Jon Ander Peñak eta igande honetan, Altsasuko Burunda pilotalekuan horixe bera egin zuen tolosarrak, atzean Jose Javier Zabaleta ondu bat bizkarzain zuela. Etxarrendarrak Caixabank Masterseko txapelketa erdia baino gehiago galdu zuen lesio baten erruz baina garaiz osatu dela berretsi zuen, partida erabakigarrienean azken txanpara osorik iritsi eta diferentziak markatuta.

«Azken tantoetan eskuinetan esparadrapo pixka bat kendu dut. Horrek ere gozatzeko lagundu dit azken txanpan», onartu du atzelari nafarrak, zeinak partidako lehen tantoa eta azkena sinatu dituen, ezker hormara itsatsita. «Azken honek balio du gehiago», adierazi du, dema osoan eginiko bost tantoei buruz galdetzean.

Faboritoak ziren urdinak, Zabaletaren itzulerarekin ligaxkan bi garaipen pilatu eta sentsazioak irauli baitzituzten. Dena dela, oso bikote sendoa izan dute aurrean, Jaka eta Martijak osatutakoa eta ez zuten berehalakoan amore eman. Are eta uneoro mehatxu argia izan dira, urdinek aurrea hartzen zuten aldiro berdintzea lortzen baitzuten, Jaka oldarkor bati esker eta Martijaren segurtasuna lagun izanda. Atzelari bizkaitarrak ez du pilota bakar bat ere galdu eta zenbait momentutan Zabaleta asko behartu du, kasik errebotera bidalita.

Tanto ikusgarriak

Jokoa asko zabaldu dute bi bikoteek, aurkaria estu hartuta, aurrera eta atzera, eskuin-ezker. 3-5eko tantoak 100 pilotakada pasa izan ditu eta partidaren ezaugarriaren adierazle nagusia izan da: luzea eta gogorra. Lau pilotariek ez dute pilota bakar bat ere galdutzat eman eta horri esker, Burunda frontoira hurbildu diren 450 zalek tanto ikusgarriak ikusi dituzte. 6-8koan Zabaletak txokoan altxatu ostean ezker horman itsatsi zuena, 12-12koan Martijaren pilotakada bortitza atzera, 14-16koan Peñak hanka artetik eramandakoa, 16-20an Jakak bihurritutakoa...

Aurrelariek apur bat erreboluzionatuta jokatu dute lehen erdian, kirioak dantzan zituztela, onerako zein txarrerako. Bigarren erdian, arriskuak hartuta, behar baino huts gehiago egin ditu Lizartzakoak (8 orotara) eta horrek eragotzi die gorriei partida menperatzea. Dema parekatua izan bada ere (4 berdinketa), Jaka-Martijak ez dute sekula aurrea hartu eta azken erdian, bikote osoagoa osatu dute Peña II.ak eta Zabaletak. 15-19ko abantaila lortuta –partidako handiena– bideratu dute garaipena, gorriei amore ematea kosta bazitzaien ere. 

Urriko lehen asteburuan jokatuko dira finalerdiak, Nafarroa Arenan. Altuna-Iztueta eta Zabala-Imaz izango dira finalerdi batean eta bestean, Peña II.a-Zabaleta eta Peio Etxeberria-Mariezkurrena.

FITXA TEKNIKOA

Jaka-Martija: 17

Peña II.a-Zabaleta: 22

Pilotakadak: 609 pilotadaka. Iraupena: 71:55 minutu. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-4, 2-4, 3-4, 3-5, 3-6, 4-6, 5-6, 6-6, 6-7, 6-8, 7-8, 8-8, 8-9, 8-10-8-11, 9-11, 10-11, 10-12, 11-12, 12-12, 12-13, 13-14, 14-14, 14-15, 14-16, 15-16, 15-17, 15-18, 15-19, 16-19, 16-20, 16-21, 17-21, 17-22 . Sakeak: 0 Jakak eta 1 Peñak. Egindakoak: 7 Jakak, 9 Peñak, 1 Martijak eta 5 Zabaletak. Galdutakoak: 8 Jakak, 4 Peñak, 0 Martijak eta 5 Zabaletak. Gorabeherak: 450 sarrera saldu ziren Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatu zen pilota jaialdirako.