INFO

Zazpi mila etxeen ziria

Legealdi honetan 7.000 etxebizitza berri egingo dituztela ziurtatu du, hainbatetan, Imanol Pradalesen Gobernu berriak. Horien inguruko zehaztasunik, aldiz, ez du eman; noiz amaituko dituzten ere ez dute jakinarazi. Iragarpena, beraz, propaganda besterik ez da oraingoz.

Eraikuntza lanak, artxiboko irudian. (EUROPA PRESS)

Hainbestetan errepikatu dute Jaurlaritza berriko agintariek legealdi honetan alokairuko 7.000 etxe berri egingo dituztela, ezen badirudien dagoeneko eraikita daudela. Horixe baita, oraingoz, Pradalesen gobernuaren estiloaren ezaugarri nabarmenena: promesa handiak luzatzea eta haien iragarpen soilarekin hedabideetako espazioa nekatu arte betetzea. Propaganda.

Promesa lauso samarrak dira, gainera. Lanbrotsuak. Nahita zehaztugabeak. Agindutako 7.000 etxebizitza horien inguruan ez baitute gehiegi argitu: ez dakigu noizko egongo diren, ez zer motatakoak izango diren, ezta norenak izango diren ere. Agindua definitu ez dutenez, beraz, zaila izango da berau urratzea. Hori ez da konpromiso serioa, ziria baizik.

Zehaztu beharko lukete, lehenik eta behin, noizko egongo diren bukatuta 7.000 etxeak. Suposatzen delako agintaldi berriko datozen lau urteotan izango dela, baina ez dute argi zehaztu. Bueno, zehaztu zehaztu dute, agintaldi berrirako programan; baina «eraikitzea» esan ordez, «eraiki daitezen sustatzea» idatzi dute, ezberdina dena. Sustatzea askoz zehaztugabeagoa delako eraikitzea baino. Imajinatu daiteke Denis Itxaso etxebizitza-sailburu berria, agintaldiaren amaieran: «Guk sustatu 7.000 sustatu ditugu; bakarrik 1.000 lortu badira ez da gure errua».

Definitu beharko lukete, bigarrenik, zer motatako etxebizitzez ari diren. Zeren eta agintaldi-programan gauza bat esaten da euskaraz («alokairu sozialeko 7.000 etxebizitza») eta beste bat espainieraz («7.000 viviendas en régimen de alquiler social y asequible»). Zoritxarrez, zerupe honetan espainierazko bertsioa izan ohi da jatorrizkoa eta balekoa: 7.000 etxeak ez dira soilik alokairu sozialekoak izango (zeintzuetan maizterrek haien soldataren %30 baino gehiago ez duten ordaintzen: batez beste hilean 250 euro); alokairu «eskuragarrikoak» ere izango dira (zeintzuetan hilean 600 euro inguru ordainduko den).

Horrek esan nahi duena da Etxebide programako zerrendan inskribatuta dauden pertsona behartsuenak baztertuko direla, ez dakigu zer proportziotan, diru-sarrera altuagoko eskatzaileak asetzeko. Justizia sozialaren aurkako erabakia.

Eta zergatik alokairu «eskuragarria», alokairu sozialaren ordez? EAJk eta PSEk etxebizitza-arazoaren konponketa sustatzaile pribatuen esku utzi nahi dutelako: 12.000 euro emango dizkiete pisu bakoitzeko, 10 urtez alokairu eskuragarrian jartzearen truke; edo 24.000 euro, 20 urterako (gehi alokairua, haiek ere kobratuko dutena, noski: horregatik errenta altuagoena). Ideiak arazo handi bat dakar, baina: pisuak sustatzaileenak dira, eta epea igarotzerakoan, maizterrak kalera joango dira. Gaurko ogia, biharko gosea.

Horregatik, ondo azaldu beharko lukete, hirugarrenik, noren jabetzakoak izango diren agindutako etxebizitzak. Ez baita berdina etxebizitza-parke publikoa edota pribatua. Eta, jakina, zehaztu ez denez, biak ala biak zenbatuko dira, barnean sartuz Bizigune programakoak, partikularrenak direnak, eta alokairu «eskuragarriaren» bidez egindakoak, sustatzaileenak direnak.

Zifren aurrekariak

Hortaz, zer da Jaurlaritza honek agindu duena? Txolopote nahasgarri bat, izan daitekeena gauza bat eta bestea. Benetako helburua lortuta dago: kazetariek zifra zabaltzea eta herritarrek irenstea. Baina zifra bera ere aztergarria da, aurretik agindutakoekin eta lortutakoekin alderatuz.

2009ko Etxebizitza Itun Sozialean Iñaki Arriolak agindu zuen 2019an alokairu-parke publikoa 35.000 etxetara iritsiko zela. 2021eko Etxebizitza Plan Zuzendarian, berriz, 2023rako 29.300 izango zirela. Ez dute bete ez bata ez bestea: 2024an alokairu-parkean 27.000 etxe daude, Bizigunekoak (eta udalenak!) ere zenbatuz. Eta horietatik, azken zazpi mila etxeak egiteko 14 urte behar izan dituzte. Zergatik agindu du Itxasok 7.000ko zifra altuegia, beraz, datozen lau urteetarako? PSEren hauteskunde-programan «soilik» 5.000 esaten zen, jada askotxo zirenak. Ah, noski, EAJren hordago elektorala izan zen: Pradalesek Anduezak baino %40 gehiago iragarri zituelako, Iñigo Urkulluren azken agintaldian soilik 1.900 lortu baziren ere; eta PSEk ziria «irentsi» behar izan du.

Bitartean, Etxebideko zerrendan alokairu babestua behar duten eskatzaileen zifraz ez da ezertxo ere esaten. Azken 4 urteotan %21 igo da, jada 72.600 dira. Eta alokairuko parke publikoaren eta Etxebideren zerrendaren arteko tartea gero eta handiagoa da. Urkulluren lehen agintalditik, 2012tik, parke publikoaren eskaintza %50 hazi da, baina Etxebideko eskatzaile kopurua (eskaria) %100: murriztetik oso urrun, tartea izugarri zabaldu da; zazpi mila etxek, ziri nahiz sari, ezin dutena estali.