INFO

«Euskadi, hori da hori, gure aberri ederra»

Mixel Ducau eta Anje Duhalde, kontzertuaren aurkezpenean. (Guillaume Fauveau)

Mixel Ducauk dio haurra zenean bere familia Baionako ospitaletik hurbil bizi zela, eta gaur egun Lauga kirol- eta ikuskizun-zentroa dagoen lekuan orduan zelai basati bat zegoela. Espazio hori Baionako mugatzat jotzen zuten; txatartegi batekin muga egiten zuen, eta haiek kanpoaldean geratzen ziren. Baionara bisitan joaten ziren, asteburuetan.

Anje Duhaldek gogoratzen du Mixelek eta biek elkarrekin eman zuten lehen kontzertuetako bat Laugan izan zela, hain zuzen ere, duela 50 urte. Beste talde eta musikari batzuekin jo zuten; sustatzailea Elkar zen eta antolatzailea Gexan Alfaro, argitaletxearen sortzaileetako bat. Baionako kiroldegi hau 1970ekoa da eta Elkar 1972an sortu zen.

Mende erdi hau bitan banatuz gero, duela 25 urte jaio zen GARA, “Egin”-en itxieraren kolpearen ondoren. Gure misioaren zati bat gure herrian gauzak egiten dituen jendea aintzat hartzea da. Abeslariak, kirolariak, hamaika kausatako militanteak... Euskal Herria buruan eta bihotzean duten pertsonak eta kolektiboak gure orrialdeetako subjektuak dira. Errobi horren adibide ona da.

Euskal Herria maite duen jende hori da duela hamarkada bat baino gehixeago gure herrian ziklo politikoa aldatzea ahalbidetu zuena. Duela hamar urte Mediabask sortu zen aldaketa hori kontatzeko, besteak beste. Ipar Euskal Herriak garai horretan izan duen protagonismoa azpimarragarria da. Garai berri baterako komunikabide berri bat. Ez soilik politikan berria den aroa, baita kulturan eta jendartean ere.

Mugak, zatiketak, erasoak eta era guztietako ukazioak gorabehera, hemen kultura bat partekatzen duen herri bat bizi da, bere herritarren bizitza hobetzeko eta munduari ekarpena egiteko borondate kolektiboa duen herria. Hori azaltzea da gure komunikabideen lana. Horri abesten diote artista askok.

Izan ere, kontatzea transmititzea da: gauzak nolakoak ziren, nondik gatozen eta norantz goazen azaltzea. Kazetaritza da GARAk eta Mediabaskek transmisio hori egiteko dugun modua. Musika, Errobik erabiltzen duen hizkuntza. Gauza batzuetan biok tradizioak jarraitu ditugu, eta beste batzuetan, berriz, berrikuntzak bilatu. Horrela eraiki da ondare bat urte hauetan guztietan. Hori guztia ospatzea ez da nostalgia-ariketa bat, baizik eta ondare bat zaintzea, konpromiso batzuk berrestea eta aurrera begiratzea.

Guretzat luxua eta ohorea da urteurren hauek Errobirekin batera jai batekin ospatzea, non eta Baionan. Eskerrak eman nahi dizkiegu Anjeri eta Mixeli beren konpromisoagatik. Eskerrik asko Baionako Udalari, emandako babesagatik. Jaialdia ospakizun zirraragarria izango da. Paisaiak eta ohiturak aldatu diren arren, pertsona askok utzi gaituzten eta beste asko iritsi diren arren, jaialdia gure herriak aurrera egiten jarraituko duen bidearen isla izango da.