INFO

Altxa Burua taldea sortu dute 6.000 familiak; mugikorren adina atzeratzea, helburuen artean

6.000 familia biltzen dituen ekimena da Altxa Burua. 2019an hasi zuen bere ibilbidea Gipuzkoan, eta orain Bizkaia eta Arabarekin indarrak batu dituzte, haurrei Interneterako sarrera duten gailuak ematea atzeratu, eskolak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtu eta erabileran eredu izateko xedearekin.

EAEko Altxa Burua herri ekimena ostiral honetan aurkeztu dute Zumaian. (Jon URBE | FOKU)

Altxa Burua taldea sortu dute ostiral honetan Bizkaia, Gipuzkoa, Arabako familiek, «gure seme-alabei Interneterako sarrera duten gailuak ematea» atzeratu, «eskolak telefono mugikorrik gabeko arnasgune» bihurtu eta «helduak eta seme-alabak erabilera egokian» trebatzeko helburuarekin.

Zumaiako Alondegiko lehen solairuan eginiko prentsaurreko batean azaldu dute mugimendu honek 2019an hasi zuela bere ibilbidea, «gure txikien artean telefono mugikor adimendunek eragiten zuten kalteen kezkatik abiatuta».

Urteen poderioz eta «egoera larritzen» joan den heinean, kezka hori eta ekimen desberdinak zabaltzen joan ziren, eta horrela, erabaki zuten Altxa Burua Gipuzkoa izenpean elkartzea. «Pandemiarekin geldiune bat egon zen eta 2021an Gipuzkoan zegoen kezka guzti hori handitu zen, eta bi topaketa egin genituen Tolosan. Bigarrenean sortu zen Altxa Burua», azaldu dio NAIZi ekimenaren bozeramaile eta sare sozialetan eta pantailetan aditu den Telmo Lazkanok.

Hortik aurrera, «ibilbide luzea» egin dute, hainbat ekimen martxan jarriz. «Orain puntu honetara iritsi gara, zentzuzkoena indarrak batzea zelako», adierazi du. Izan ere, antzeko prozesua gertatu da Bizkaian eta Araban –eta Nafarroan ere Altxa Burua pixkanaka pizten ari da–.

Gauzak horrela, pasa den irailaren 10ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Altxa Buruko hiru taldeek bat egin zuten eta 6.000 familia baino gehiagoren «ahotsa, nahia eta indarra batu» ziren, «amankomunean ditugun helburuak betetzeko».

«Herri ekimen bat da Altxa Burua, bolondresa erabat, gurasoek osatutakoa eta batez ere amek, esan beharra dago», nabarmendu du Lazkanok. Izan ere, prentsaurrekoan nabamendu dutenez, «azken hamarkadan burututako ikerketek argi erakusten dute nerabezaroan mugikor adimendunen erabilerak ondorio lazgarriak ekarri dituela oro har belaunaldi berrien garapenean, adimenean, ongizatean eta osasunean; batez ere beraien buru osasunean».

Iniziatibak

Lazkanok zehaztu duenez, aipatutako helburuak lortzeko, hainbat ekimen jarri dituzte martxan: «Eskoletan ‘Mugikorrik gabeko arnasgunea, eskerrik asko’ dioten kartelak zabaldu ditugu eta eskolei laguntza eskaini diegu, orain horiek protokolo bat burutu behar dute abendurako».

Bestalde, Lakuako Gobernuari «inplikazioa» eskatu diote, «elkarlana sustatu» eta «arazo honi elkarrekin erantzun egokia emateko». Hala, Hezkuntza sailera gutun bat bidali dute, eta bertan «marko juridiko bat sortzea eskatu dugu, gure eskolak mugikorrik gabeko arnasgune izendatzeko», azaldu du Lazakanok.

Beste gutuna Osasun sailera bidali dute, «haur gazte eta helduei zuzendutako kontzientziazio-kanpaina martxan jartzea eskatzeko». Aurreko bi kanpainek ez badute espero den efektua sortzen, sinadura bilketa martxan jarri dute, Lakua interpelatzeko xedearekin.

Arnasguneak

Izan ere, Lazkanoren esanetan, «osasun publikoko arazo baten aurrean gaude». Kezka ez dator familietatik soilik, baizik eta insitutuzio eta nazioartetik ere. Hala, Estatu espainoleko hainbat autonomia erkidegok debekatu dituzte pantailak klasean, eta EAEn ere smartphoneen erabilera haur eta nerabeetan lege bidez erregulatua izatea bilatzen dutela azpimarratu du Lazkanok.

«Zergatia nahiko erraza da ulertzeko. Eskubide bat babestea izango litzateke, ez eskubide baten urraketa. Mugikorrak geletatik kanpo utzi direnean, ikusi da ikasle eta irakasleen jardunak hobetu direla. Arreta gaitasuna hobetu da, Pisa azterketetan hobekuntzak eman dira, jarduera fisikoa hobetu da eta baita ikasleen harteko hartu-emanak», adierazi du Lazkanok.

Arautegia sortzeko bigarren arrazoia «profesionala» dela dio Lazkanok. «Orain arte, mugikorren erabilera debekatzeko aukera eskolek araudian sar dezakete, baina kode zibilaren beste araudi batekin talka egiten du horrek. Izan ere, hirugarren pertsonak batek ezin du eskuratu nerea den produktu bat nire oniritzirik gabe. Irakasle batek ikasle bati mugikorra kenduko balio, arriskua egongo litzateke hau auzitara eramateko», azaldu du.

Zein da adin aproposa?

Gurasoen seme-alabei Interneterako sarrera duten gailuak ematea atzeratzea helburua bada, zein izango litzateke adin aproposa gailu hauek erabiltzen hasteko? Lazkanoren iritziz, «amankomunean dagoen irizpidea, instituzio ezberdinek helarazitakoa, 16 urteko adina da».

16 urtetik aurrera sakelakoa egokiago erabiltzeko prest egon litezke nerabeak; izan ere, emozionalki, hormonalki eta sozialki beste puntu batean daude. «16 edo 18 urteen artean inflexio-puntu bat dago, hortik aurrera alkohola edan eta gida baimena atera dezakezu. Zerbait fisiologikoari erantzuten dio», adierazi du Lazkanok.

«Azkenean, ez da teknologia neutro bat, eta garatuta ez dagoen garun batek erabiltzen du. Ez da zilegizkoa erabilera zuzena eskatzea 12 urteko haur bati», azpimarratu du.