INFO

Gutxieneko soldata «bertan erabaki» eta «aberastasuna banatzeko» HEL bat bultzatuko du ELAk

1.795 euro 14 ordainsaritan aldarrikatzen ditu ELAk Lanbidearteko Gutxieneko Soldata gisa. Sindikatuak proposamena Herritar Ekimen Legegile baten bidez gizarteratuko, eta 4.000 militanteren aurrean aurkeztuko du Bilboko La Casillako pabilioian urriaren 24an.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Roser Espelt azterketa bulegoko kideak aurkeztu dute proposamena. (Monika DEL VALLE | FOKU)

ELA sindikatuak Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) berri baten aldeko proposamena azalduko du Bilboko La Casilla kiroldegian urriaren 24an. «LGS kalkulatzeko formula berriaren xedea da Hego Euskal Herrian sortzen den aberastasuna benetan banatzea», azaldu dute gaur bizkaitar hiriburuan Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Roser Espelt azterketa bulegoko kideak egin duten agerraldian.

«La Casillan hasiera emango diogu ekimen garrantzitsu bati: LGS berri bat finkatzea, justizia soziala benetan areagotzeko eta Hego Euskal Herrian erabakiko dena. 2025ean aurrera eramango dugun soberanismo sozialaren aldeko apustua izango da», ziurtatu du Lakuntzak. Sindikatuaren iritziz, LGS berri hori bide ezberdinetatik ezartzeko aukera dago. «Horietako bat da Lanbidearteko Akordioa, sindikatu eta patronalen artekoa». Zentzu horretan, ELA «ados» dago «presio egin behar zaiela horretarako Confebask eta CEN patronalei», baina, haien iritziz, «biderik egokiena» Herritar Ekimen Legegile (HEL) bat bultzatzea da. Horregatik hau martxan jarriko du 2025 urtean.

Sindikatuaren iritziz, LGS finkatzeko, «soldaten arteko konparazioaren erreferentzia alboratu behar da», eta horren ordez «per capita BPG aintzat hartzea» lehenesten du. Horretarako arrazoiak azaltzen dituzte gaur aurkeztutako ‘Gutxieneko soldata Euskal Herrian finkatzeko irizpideak’ dokumentuan.

Espeltek esan duenez, «LGSaren zenbatekoa kalkulatzerakoan erabiliko ditugun adierazleek herrialdeko errenta guztiaren banaketa hobetuko dute; ez gara mugatuko, orain arte egin den moduan, irizpidetzat soldatak hartzera».

Honela, ELAk kalkulurako per capita BPG nominala baliatzea hobesten du. «Horrela, soldatapeko langile bakoitzak gutxienez jasoko du gizarte guztiak sortutako balioaren portzentaje bat. Hain zuzen ere, produktibitatearen hazkundea eta enpresen etekinak ere kontuan hartuko dira kalkulu hori egiterakoan, orain arte ez bezala», azaldu dute.

Zehazki, ELAk proposatzen duena LGSa per capita BPG nominalaren %65 izatea da. Beraz, Hego Euskal Herrian 2024rako 1.795 euro gordineko 14 ordainsari dira. «Belgikaren edo Alemaniakoaren parekoa», azpimarratu dute. «Enplegua duen langileek bermatuta izango dute gutxienez sortutako aberastasunaren bi heren jasotzea. Zenbateko hori ordainsari nahikoa litzateke, eta ekonomia nazionalak -Hego Euskal Herrikoak- sortzen duen aberastasunaren araberakoa izango da».

Egungo LGSren zenbatekoa sei urtean %54 handitu da (1.134 euro gordineko 14 ordainsaritan), «baina ez du urrundik ere bizimodu duina ziurtatzen», gehitu dute. Zentzu horretan, gogora ekarri dute Lakuak egindako Pobreziari eta Desberdintasun Sozialen inguruko azken inkestak (2022) dioenez, pertsona baten ongizatea ezin dela bermatu hilean 1.654 euro gordin baino gutxiago irabazita.

«Horrenbestez, ELAren proposamenak badu beste berritasun bat: zenbatekoa Hego Euskal Herrian finkatuko da, eta bertan ia 300.000 langileren egoera berehala eta benetan hobetuko du. Horrek beste eragin positibo bat ere izango du: batez ere prekarioenen onerako izango da, hots, gehienbat emakume, migratzaile eta gazteentzat, eta batik bat zerbitzuen sektorekoentzat. Horrela, generoak eragindako soldata arrakala gutxituko da (gizon eta emakumeen arteko arrakala Hego Euskal Herrian % 22koa da), baita migratzaile eta berton jaiotakoen artean dagoena ere (% 44koa da Gipuzkoako datuen arabera, ezagutzera eman diren bakarrak)», baieztatu dute.

Lakuntzaren hitzetan, «aurrerapauso oso handia litzateke burujabetzari begira» eta «eduki soziala izango luke, ehunda milaka lagunen onerako bailitzateke, gure herriko zaurgarrienen onerako. Negoziazio kolektiboarekin gertatzen den bezala, Euskal Herrian eskuduntzak ditugunean lan baldintzak ere hobetzen dira».

2025ean, HEL bidez, Iruñea eta Gasteizko parlamentuetara

ELAK LGS berri hori ezartzeko prposatzen duen bidea HEL bat izango da; sindikatuak datozen hileetan erregistratuko du eta, adierazi dutenez, 2025ean iritsiko da Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetara, «legedia aldatu eta (behin Kongresuak onartutakoan) autonomia erkidego bakoitzak bere LGS finka dezan, beti ere Estatuko zenbatekoa hobetzen badu».

«Patronala eta alderdi politikoak interpelatu nahi ditugu; HELa horretarako da, baita langileria aktibatzeko ere; prozesu horrek aukera emango digu milaka lagunekin egoteko eta bertako LGS baten beharra sozializatzeko, justizia handiagoa bermatuko duena», gehitu du Lakuntzak, zeinek honekin «eztabaida politikoari ere bide» eman nahi dion. «Ikusiko dugu nortzuk dauden eskuduntzak eta burujabetza areagotzearen alde eta nortzuk ez».