Garesti ordaindu du Dariok sanmateotan hirugarren errioxarra sartzearen ametsa
811 pilotakadako partida oso gogor baten ostean, Ezkaraikoak eta Rezustak 22-21 irabazi diete Ezkurdia-Martijari, baina errioxarrak oso justu amaitu du eskuetatik eta zail ikusten du hurrengo partida jokatu ahal izatea.
Garesti irten dakioke Dario Gomezi aurtengo sanmateotako finalerdietako ligaxkan hirugarren errioxarra izateko ametsa eta ez bakarri 811 pilotakadako partida ezin gogorragoan egin behar izan duen lanagatik. Kontua da, partida eskuetatik oso justu amaitu duela eta partida amaitu berri, oso zalantzan jarri du aurtengo ferian berriz ere kantxaratu ahal izatea. Halabeharrez, esku mamiarekin eta efektuekin jokatzen ikasi behar izan du bere ibilbidean Ezkaraikoak, gaur ere hala egin du Rezustari aurrera egiten laguntzeko eta garaipena eskuratzea lortu duen, inor ez da gustura irten Adarragatik.
Udaren amaieran egonagatik, pilotariak lanerako prest agertu dira Logroñoko frontoira. Udan txapelketa garrantzitsu askotatik kanpo geratu ostean, bereziki aurrelarientzat zen berezia sanmateotako finalerdietarako ligaxkara sailkatzea eta onenen artean leku bat dutela erakustea. Eta kantxan duten guztia ipini duten arren, tantoak amaitzerakoan zuloak ikustea asko kostatu zaie. Azkenerako, bien estatistiketan hamarna egindako tanto zenbatu dizkiegu, baina hein handi batean bi atzelariek egindako lan bikainarengatik izan da, apenas galdu baitute pilotarik Rezustak eta Martijak. Lehen tantoan gora egin dio ihes pilota batek etxeberritarrari, baina partida osoan beste huts bat baino ez du pilatu.
Dariok indartsu ekin
Aurrelarien artean, hobeto ekin dio lehiari Dariok, aurrera pausu bat eman eta tantoak amaitzera joateko borondatea erakutsiz. Ezkurdia, ordea, kamuts aritu da, ezker gantxoarekin antzu, eta hori ez da batere seinale ona arbizuarrarengan. Horrela, lan erdietan, partida Dario-Rezustak oso bideratua zutela zirudien (5-11), 350 pilotakada gurutzatuta.
Baina bikote sakandarra ezer bada, egoskorra da, inspirazioak lanean harrapa dezala nahi duen horietakoa da arbizuarra eta pixkanaka, joan da bere erremateak kalibratzen. Horri gehitu pilotak asko geratu direla –azken lanak egin zituztenetik Adarragak berezkoa zuen bizitasun horren puska handi bat galdu du–, Darioren eskuetako arazoak eta partidak bi aurrelarientzat zuen garrantzia eta lehia orekatuz eta gogortuz joan da, azkenerako erresistentzia ariketa bat bihurtzeraino.
Hamaseinakoan eman da partidako lehen berdinketa eta azken txanpan edozer gerta zitekeen. Emoziorik, polemikarik, tanto onik eta tentsiorik ez da falta izan partida amaiera horretan eta azkenerako garaipen mingotxa lortu dute Dario-Rezustak, tanto bakarraren aldearekin.
FITXA TEKNIKOA:
Ezkurdia-Martija: 21
Dario-Rezusta: 22
Pilotakadak: 811. Iraupena: 83,38 minutu. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-4, 2-4, 2-6, 5-6, 5-11, 8-11, 8-12, 11-12, 11-14, 12-14, 12-15, 14-15, 14-16, 17-16, 17-19, 19-19, 19-21, 21-21. 21-22. Sakeak: 1 Ezkurdiak eta 1 Dariok. Egindakoak: 10 Ezkurdiak, 1 Martijak, 10 Dariok eta 3 Rezustak. Galdutakoak: 6 Ezkurdiak, 2 Martijak, 4 Dariok eta 3 Rezustak. Gorabeherak: Ostiralean baino dezente jende gehiago Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Lehen sakea urdin.