Mendekua eta ezkutuko interesak agerian jartzen ditu ‘Serpent's Path’ filmak
Mendekua da ‘Serpent's Path’ filmaren ardatza, alaba hil zioten aita baten mendeku gosea. Baina mendeku hartzeko bidean agertuko dira ondoko kidearekiko konfiantza, isildutakoek duten garrantzia eta informazioa tantaka jasotzeak eragiten duen intriga.
Kiyoshi Kurosawa zuzendaria 1998an berak estreinatutako film baten remakearekin lehiatuko da lehen aldiz Donostiako urrezko maskorra eskuratzeko. ‘Hebi no michi / Serpent's Path’ izenburua zuen duela 26 urte, eta izenburu bera mantendu dio. Mendeku gosea, misterioa, isildutakoak eta unetik unera ikuslearen hipotesiak nahastu ditzakeen filma da igande arratsaldean aurkeztutakoa, mendeku hartzeko estrategia fin bat. Filmaren proiekzioaren ostean, ohiko prentsaurrekoa aurreikusita bazegoen ere, azken orduan bertan behera geratu da, ez dute zehaztu arrazoia.
Zuzendari japoniarrak filmaren bertsio berrian kokalekua aldatu du, Parisko aldirietan kokatzen da oraingoan thrillerra. Albert da protagonista nagusia (Damien Bonnard), eta bere alaba txikiaren hilketa bortitzagatik mendeku hartuko duela egiten du zin; bere bidean Sayoko (Kou Shibasaki) doktore japoniarrak lagunduko dio, arrazoi ezezagun batengatik mendeku gose eta irrika sumatzen zaio doktoreari ere. Nolanahi, oso keinu eta ekintza neurtuak egiten ditu Sayokok, guztia ongi pentsatua izango balu bezala. Ikusleari zerbait ezkutatzen diola erakusten dio, baina ez zer, Albertek ordea, itsu itsuan jarraitzen du bere alabaren hiltzailearen bila.
Alberten alabaren hilketa nork egin duen jakiteko bidean, sekta misteriotsu batekin egiten dute topo, eta talde horrek haurren trafikoarekin lotura duela egiaztatzen dute. Ikertzen jarraitzeko informazioa ustez sektako kideak diren pertsonak bahitu eta torturatuta lortzen dute. Ekintza gordin berak egiten dituzte bahitutako pertsona bakoitzarekin, azkenerako, errepikakorrak bihurtzen direlarik eszena horiek. Galdeketa horietako batean jakingo du Sayokok Albert ere sektako kide izan zela.
Norbere mendekuak zenbateraino itsutzen du? Bere alabaren hiltzailea aurkitu nahi duenari zergatik lagundu tartean bahiketak, torturak eta hilketak daudenean? Esaten dutena baino gehiago da pertsonaiek ezkutatzen dutena.