INFO

Estatus berriak erabakitzeko eskubidea jaso dezala eskatuko dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

Gipuzkoako Batzar Nagusiek EH Bilduk eta EAJk adostutako bi mozio onartuko dituzte asteazken honetako osoko bilkuran. Estatus politiko berriak erabakitzeko eskubidea eta Euskal Herriaren eskubide historikoen gauzatzea jaso behar dituela aldarrikatuko dute.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan politika orokorrari buruzko bilkura, irailaren 18an. (GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIAK)

Gipuzkoako Batzar Nagusietan asteazken honetan izango den osoko bilkuran estatus politiko berriaren eta erabakitze eskubidearen inguruko bina mozio izango dira eztabaidagai, EH Bilduk eta EAJk aurkeztu eta erdibidean adostutakoak. Beraz, ezustekorik ezean, biak onartuko dira. Joan zen asteko politika orokorrari buruzko eztabaidan ere erabakitzeko eskubidea mahai gainean izan zen eta agerian geratu zen EAJ eta PSE bere gobernukidearen arteko desadostasuna gai horren inguruan.

Bihar onartuko diren testuetan agertzen denez, EAEren eta Estatu espainiarraren arteko harreman-estatus politiko berriak hainbat «elementu berezi eta zentral» jaso behar ditu, horien artean erabakitzeko eskubidea, «Euskadi naziotzat aitortzea», Euskal Herriaren eskubide historikoak «erabat gauzatzea», sentimenduen «aniztasuna errespetatzea» eta «aldebikotasuna». 

Hala, «Euskadi naziotzat» aitortzeak «euskal gizartean oso partekatua den nazio bateko kide izatearen zentzua jasoko du», eta Euskal Herriaren eskubide historikoak gauzatzea, «autogobernuaren adierazpen instituzional gisa, demokratikoki adierazitako herritartasun askea erabakitzeko eskubidearen bidez azaleratzen da».

Euskal Herriaren eta Estatuaren arteko harremanari dagokionez, aldebikoak izan behar dutela aldarrikatuko dute Batzar Nagusiek. «Elkarren arteko aitorpenean oinarrituko da eta berezko gaien berezitasunak babesteko eskumen eta beharrezko tresnak izango ditu», eta hori horrela izango dela ziurtatzeko «errespetu instituzionalean onarturiko berme sistema egikaritzea funtsezkoa izango da», adierazpenak jasotzen duenez.

Batzar Nagusiek, gainera, uste dute egungo autogobernuak «Euskadi-Estatua esparrua gainditu» behar duela, «hala lortuko baitu Euskadiren ahotsa bermatzea Europako erakundeetan, eskumen propiotzat aitortzen zaizkion gai guztietan».

Euskal autogobernua eguneratzeak egungo eskumenak berritzea eta «euskal gizartearen egungo eskaera eta beharretara egokitzea» barne hartu behar duela ere defendatzen dute EH Bilduk eta EAJk eta ildo horretan Gernikako Estatutua «osorik egikaritu dadila» aldarrikatzen dute, baita «esperientzia autonomikoan murriztutako autogobernua berreskuratzea». 

Azkenik, «eskumenen quantuma areagotzea» eskatzen dute, «indarrean dagoen estatutuan aurreikusitako eskumen guztiei dagokienez, eta eskuduntzen katalogo propioan sartzea euskal herritarren eskubide politiko, ekonomiko, sozial, linguistiko eta kulturalak bermatzeko beharrezko eskumen guztiak».