INFO
Interview
Endika Barrenetxea
Oriamendiko erremontista

«Lehen aldiz 90 kilotara heldu naiz eta, nik uste, gaixotasunak ere eskertu duela»

Lana eta goi mailako kirola uztartzea berez zaila bada, hernaniarrak hirugarren aldagai bat ezartzen dio ekuazioari, bere bizitza goitik behera baldintzatzen duen Chron gaitza. Aurten hirurak bikain uztartu eta inoizko sasoirik onenean helduko da historia egin dezakeen finalera.

Endika Barrenetxea. (Maialen ANDRES/FOKU)

Endika, berriz ere Buruz Buruko final bat jokatuko duzu. Zer suposatzen du honek zuretzat?

Iaz ezin izan nuen txapelketa ondo prestatu, ez nintzen ondo heldu, azkenean guk beste lan batzuk  ditugu eta zaila dena bateratzea. Aurten saiakera berezi bat egin dut zaila izan arren, ordu asko eskaini behar izan dizkiot eta bere lehen fruitua izan da eta egia esan oso gratifikantea izan da eta orain arte egindako lana guztia, finalean egote hutsak niretzat pena merezi izan du.

Zuk gainera osasun arazoak ere izan dituzu eta ondo zaudela ere esan nahi du.

Bai, egia esan gora-behera handiak jasan ditut azkeneko urtean. Chronen gaixotasuna detektatu zidaten lehen aldia, lehen finalera heldu nintzenean aktibatu zen, 26 urterekin. Finaleko estres horrek aktibatu zuen gaixotasun hau, ordutik inoiz itzali ez dena. Berekin bizitzen ikasten joan naiz, sendagai biologiko bat hartzen egon naiz azken zazpi urteetan eta nire gorputzak ikasi du sendagai hori eliminatzen, botika guztiekin gertatzen den bezala, efektua egiteari uzten diote denboraren poderioz eta nik hori bizi izan dut azken urtean. Urtarriletik aurrera aldatu ditugu gauzak ospitalean eta berriz ere balore onetara heldu naizenean, ba horrek ere entenatzeko grina ere areagotu dit, nolabait bat kentzen duzu burutik eta ematen du kezka hori kenduta, beste gauzetan pentsatzeko aukera dagoela. Hala egin dut eta oso pozik nago berriz ere hemen egoteko aukera izateagatik.

Elikadura beti zaindu izan behar duzu baina aldaketaren bat ere izan duzu, ala?

Bai, Aitor Ugalde nutrizionista andoaindarrarekin hasi nintzen. Pisuz beti oso justu ibili naiz, beti erraztasuna izan dut argaltzeko eta pisurik ez hartzeko. Nutrizionista askorekin ibili naiz baina Aitorrek lehen egunetik asmatu zuen. Beti ibiltzen nintzen 82 kilotan, pisua hartu ezinik, ea 84ra heltzen nintzen saiatzen eta lehen aldiz urtebetean 90 kilotara heltzea lortu dut, 90 kilo onak esan nahi dut, entrenamenduekin eta muskulatura landuta. Horrek ere eman dit, berriz ere gaixotuz gero, margen gehiago izatea. 82 kilorekin lau galtzen nituenean, 1,90 neurtuta, 78 kilorekin ezerezean geratzen naiz eta orain margen bat badugu eta, egia esan, nik uste dut gaixotasunak ere eskertu duela.

Final berezia gainera, derbia.

Bai, zuekin hitz egiten datu berriak ateratzen dizkidazue. Hasiera batean bai zen berezia niretzat Imanol Ansa nire ikaslea izan zelako pilota eskolan irakasle nintzenean. Gero esan didate nola zortzi jokatu ditugun elkarren aurka, nik bost irabazi eta berak hiru... geroago konturatu nintzen berriz era txapela ateratzen badut, ni izango naizela atzelari bakarra erremontearen historian buruz buru hiru txapel dituena eta horrek ere ilusio gehiago sortzen dit. Eta gaur beste batek esan dit bosgarren finala jokatzen badut, atzelari bakarra izango naizela hori egiten. Gauzak gehitzen ari zaizkit eta datu guzti horiekin gero eta bereziagoa egiten ari da.

«Geroago konturatu nintzen berriz era txapela ateratzen badut, ni izango naizela atzelari bakarra erremontearen historian buruz buru hiru txapel dituena eta horrek ere ilusio gehiago sortzen dit»

Ez dakit hori onerako edo txarrerako den presio aldetik.

Ba ez dakit oraindik esaten, agian astelehenean deitzen badidazu esango dizut. Presio puntu bat dela, dudarik ez, baina ni beti oso pertsona urduria izan naiz, gaixotasuna psikosomatikoa da, estresa eta nerbioekin guztiz lotuta dagoena, eta gogoratzen nola bizi izan ditudan aurreko finalak, hau izan da, esan dezagun, finalik lasaiena. Urteen poderioz metodologia bat ikasten duzu, ikusten duzu zein den dinamika, gauzak ez zaizkizu arrotzak egiten eta horrek lasaitasun puntu bat ematen dizu.

Txapelketa orain arteko gogorrena izan dela esango zenuke?

Nik baietz esango nuke eta denek aipatu genuen hasieran. Aurten ikusten genuen Ansak Juanenea, Urriza eta Barrenetxeari irabaz diezaiokeela, Urrizak ere, denoi askitan erakutsi digun bezala, ni ere jokoarekin ikusten nintzen eta hala izan da, zalantza Juanenea zela esaten genuen eta denetik ikusi dugu bere aldetik. Nik esango nuke berdinduena izan dela eta esango nuke finala guztiz irekia dagoela. Hernaniko Kronikako kazetariak esan dit «zortzi aldiz jokatu duzue elkarren aurka eta galdu duenak gutxienez 24 tanto egin ditu». Horrek esan nahi du gauzak beti estu joan direla eta nik uste hau ez dela kontrakoa izango.

Fisikoki ere gogorra izan da, beroak ere eragin dizue?

Bai, abuztuan beroak eragin handia izan zuen, baina nik uste dut denbora asko dela horrenbesteko defentsa dugun lau pilotari ez garela elkartu finalerdietako ligaxka batean. Lehen egon dira pilotariak jokatzen zutenak erasoan oso ondo eta defentsan sufritzen zutenak, San Miguel Endika... erasoko jokalariak ziren eta Javier Urriza beti defentsan. Nik uste geroztik etorri garenok ikusi dugula defentsa hori oso beharrezkoa dela buruz buruko partidak jokatzeko eta Imanolek, Aritzek eta nik defentsa lan hori horrenbeste landu dugula Urrizaren aurka jokatzeko, orain partidak oso fisikoak irteten direla.

«Nik uste dut denbora asko dela horrenbesteko defentsa dugun lau pilotari ez garela elkartu finalerdietako ligaxka batean»

Taktikoki ere aldatu duzu zure jokoa, ezker pareta gehiago joz.

Bai. Ez dut ezker pareta bilatu bereziki buruz burukoari begira soilik. Azken urteetako emaitzak aztertuta, azken zortzi urteetan edo beti tokatzen zait aurrelaririk justuena txapelketa guztietan, normala den bezala, Urrizari atzelari justuena tokatu izan zaion bezala. Normala da, enpresak partidak orekatu nahi horretan hala tokatzen da eta azkenean nik tantoa dominatu, aurrelariari bukatzeko esan, erraza balitz bezala, eta azkenean aurrelariak presiopean eta egin behar horretan akatsak egiten. Azkenean erabaki nuen atzetik izanda ere ikasi behar nuela amaiera hori ematen. Ezin dut nire jokoa sakean eta pilotakada fuerteetan oinarritu ze, hori irteten ez denean, zer egingo duzu?

Hor hasi nintzen ezker pareta lantzen eta buruz bururako ezker pareta irekitzeak ez du hirugarren jokaldi bat irekitzen, espektro bat irekitzen du eta, bat-batean, jokaldi pila bat dituzu min handia egiten dutenak. Bi onak badituzu, hirugarren bat gehitzean, orain 9 ditut.

Udan ere aurrelari aritu zinen, horrek lagunduko zizun, ala?

Bi urtez aritu naiz jarraian eta bietan lortu dut txapela, horrek pentsatu arazi dit urteren batean aurrelari bezala ere gustura egingo nuela, baina gero nire tokira itzultzen naizenean sentitzen naiz etxean nagoela eta ez naiz animatzen. Aurrelari bezala aritzea azkenean ondo etorri zait ze ni beti frontisetik oso urruti aritzen naiz eta hor aurreratzen zarenean eskumuturraren jira, ezker pareta nola ukitu, indarraren neurketa... oso desberdina da eta ondo etorri zait bai.

Irabaziz gero Urnietako festetara?

Ezta pentsatu ere, badaezpada, ez dut liskarrik sortu nahi [barrez]. Egia esan, Urnietara joan naizen guztietan eroso sentitu naizela, konturatzen naiz jende askok ezagutzen nauela eta jendea oso jatorra izan da, baina suposatzen dut herritarraren aurkari bezala ezagutzen nautela, ez Hernanin bezala. Kasu honetan gauean Alorreneara goaz, herriko beste aldera, Astigarraga aldera eta han inguruan pasako ditugu partida ondorenak.