INFO

Presoen auzia «behin betiko» konpontzeko aldarria kalean, hileko azken ostiralean

Bi mila lagunetik gora bildu ziren atzo euskal presoen auzia «berehala» eta «behin betiko» konpondu eta haien etxeratzaren aldeko mobilizazioetan.

Donostian egin zen manifestazioaren irudia. (Jon URBE | FOKU)

Hilaren azken ostirala izaki, euskal presoen alde 46 herritan mobilizazioak burutu ziren atzo arratsaldean. Sarek eta Etxeratek emandako datuen arabera, 2.275 lagunek bat egin zuten presoak etxeratzeko aldarriarekin.

«Beste behin argi erakutsi dugu jai giroan zein oporretan etxera aldarria euskal herriko hamaika txokotara zabaldu dugula. Herrietako jaietan, hondartzetako mobilizazioan zein hiriburuetako aste nagusietan ugariak izan dira etxera aldarria nabarmendu duten momentuak», nabarmendu du.

Behin uda eta oporraldiak amaitzearekin batera, ikasturte berria «gogotsu eta indarberrituta» hasteko prest daude Sare eta Etxerat. Hala, gogoratu dute aste honetan bertan urtarrilaren 11n Bilbon egingo den manifestazioaren leloa eta kartela aurkeztu eta, horrekin batera, ‘Behin betiko’ dinamikari hasiera eman ziotela.

«Bakeari, konponbideari eta elkarbizitzari ateak «Behin betiko» irekitzeko unea dela eskatzera gatoz. Azken hilabeteetan hasitako bidea jarraitu eta euskal gizartearen gehiengoa batzen gaituen giza eskubideak errespetatuz, euskal presoen auziari behin betiko aterabidea eman behar zaiola aldarrikatzera gatoz», adierazi zuten ostiraleko irakurketan.

Sare eta Etxerateko ordezkariek iragarri zutenez, urtarrilaren 11an «Bilboko kaleak beteko ditugu urtero egin ohi dugun gisan, euskal gizartearen gehiengoak erakutsi ohi duen moduan euskal presoen auziaren konponbidea zein biolentzia ezberdinen biktimen errekonozimendua berehala eta behin betiko iritsi dadila eskatzeko».