INFO

Aitor Salegi eta Eneritz Artetxe nagusi Andoain eta Hondarribiko saioetan

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako bi saio jokatu dira asteburu honetan, Hondarribian eta Andoainen. Larunbatekoan Eneritz Artetxe Eizagirre nagusitu zen eta igande honetakoan Aitor Salegi Martija izan da garaile.

Eneritz Artetxe eta Aitor Salegi. (BERTSOZALE.EUS)

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bosgarren final-zortzirena Hondarribiko Itsas Etxean jokatu zen larunbatean. Eneritz Artetxe Eizagirre izan zen garaile, 482,5 punturekin, eta, saioa irabaztearekin bat, final-laurdenetara sailkatu zen, zehazki Irungora, urriaren 27an.

Artetxeren ondotik Aratz Igartzabal Bidegain (478 puntu), Unai Gaztelumendi Arandia (464,5 puntu), Oier Aizpurua Olaizola (445 puntu), Maddi Aiestaran Iparragirre (444,5 puntu) eta Ane Beloki Lopez (419,5 puntu) sailkatu ziren.

Azken aurreko final-zortzirena igande honetan jokatu da Andoaingo Bastero gunean. Aitor Salegi Martijak irabazi du saioa, 470 punturekin, eta final-laurdenetara sailkatu da zuzenean, Errenterian urriaren 20an jokatuko den saiora. Bere atzetik Eñaut Martikorena Lizaso (462 puntu), Andoni Mujika Izagirre (450 puntu), June Aiestaran Iparragirre (448 puntu), Manex Mujika Amunarriz (448 puntu) eta Endika Igarzabal Murua (437 puntu) sailkatu dira.

Horrenbestez, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen fasea bukatzear da. Final-zortzirenetako hurrengo eta azken saioa datorren larunbatean jokatuko da, urriaren 5ean, Azpeitiko San Agustin kulturgunean. Saioa bukatzearekin bat, final-laurdenetara sailkatutakoen zerrenda ezagutuko dugu.