INFO

Ligaxkako bosgarrenari txapeldun izateko atea ireki diote Lau eta Erdikoan

Zumarragan iragarrita dagoen hirugarren posturako lehia bai ala bai jokatuko dela iragarri dute enpresek eta pilotariren batek uko egingo balio partida horri, final laurdenetako ligaxkan bosgarren postuan sailkatutakoak ordezkatuko luke.

Finala hartuko duen Bilboko Bizkaia pilotalekuan aurkeztu dute Lau eta Erdiko txapelketa. (Oskar_MATXIN_EDESA/FOKU)

Askotan jokatu gabe geratzen den hirugarren postua bermatzeko antolatzaileek araudian sartutako aldaketa batek, final laurdenetako ligaxkan bosgarren postuan amaitzen duen pilotariari txapeldun izateko atea irekiko dio aurtengo Lau eta Erdikoan. Gaurko Bilboko aurkezpenean jakitera eman dutenez, EPEL-eko ordezkariek Zumarragan iragarrita dagoen hirugarren posturako lehia «bai ala bai» jokatuko da eta pilotariren batek partida horri uko egingo balio, final laurdenetako ligaxkan bosgarren postuan sailkatutako pilotariak jokatuko luke. Honek, txapeldun izateko aukera emango lioke finalerako sailkatutakoren batek ere uko egingo balu. Finala jokatzearen kasu horretan, gainera, hurrengo urtean zerrendaburu izango litzateke bosgarren sailkatutako hori. Ordezko pilotari honek finala jokatu ezean, ligaxkako lau pilotari onenek bermatuta lukete hurrengo urtean txapelketara final laurdenetan sartzea.

Gainontzean, pilota denboraldi berria irekiko duen Lau eta Erdiko txapelketa bi zalantza handirekin aurkeztu dute gaur finala hartuko duen Bilboko Bizkaia pilotalekuan, parte hartzaileen artean behar luketen Iñaki Artola eta Dario Gomezek ez baitakite, gaur gaurkoz, kaiolako lehian jokatzeko moduan izango diren. Biek sanmateotako ferian hartu zuten min, eskuin eskuan errioxarrak eta ezker izterrean alegiarrak eta euren parte-hartzea kolokan da oraintxe.

Osatzeko denbora gutxiago du gaur Bilbon egon ez den Aspeko aurrelariak, larunbatean bere enpresako aurre-kanporaketa jokatu beharko baitu Salaberriaren aurka Ezkarain bertan. Iñaxio Errandoneak azaldu duenez, ostegunerako emango du pilotariak bere erabakiaren berri eta itxaropentsu egoteko arrazoiak omen daude. Dariok jokatu ezean, goizuetarrak egingo luke aurrera eta Lasoren aurka jokatuko luke.

Artola, zuhur

Artolaren kasuan, erabakia datorren astean hartuko du, astelehen edo asteartean, baina, momentuz, atzo egin zioten erresonantziaren emaitzen zain da alegiarra. Bilbon izan den txintxarriak zuhurra izan nahi izan du eta ez du bere sentsazioen inguruan askorik sakondu nahi izan. «Itxaron egin behar da». Azkenean jokatzerik izango ez balu, larunbatean Zallan aurre-kanporaketa jokatuko duten Zubizarreta eta Larrazabal, biak sartuko dira txapelketara.

Lehiaketa sistemari dagokionez, azken urteetako bera errepikatuko dute eta txapelketari urriaren 11an emango zaio hasiera Agoitzen, Urrutikoetxea eta, printzipioz, Baikoko aurre-kanporaketako irabazlearen artean.

Partida guztietako egoitzak zehaztuta daude eta atentzioa ematen du final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldiko partida bat, urriaren 20koa hain zuzen ere, Labriten jokatuko dela, igande arratsaldez. Unai Iglesias, Baikoko arduradunak, azaldu duenez, «txapelketa hasieran beti kostatzen da jendea frontoira erakartzea eta proba bat egin nahi izan dugu Iruñean igande arratsaldez. Gainera, larunbat horretan Osasunak ere partida jokatzen du eta ikusiko dugu nolakoa den jendearen erantzuna».

 

lau eta erdiko koadroa