INFO

‘Hitzahots’: pianoa, olerkiak eta kantua bat eginda disko liburu bakarrean

Karlos Gimenezek eta Nerea Gorritik ‘Hitzahots’ disko liburua argitaratu dute. Gimenezen ‘La voz rendida’ liburuko olerkiak euskaratu eta pianoz lagunduta ondu dute lana eta Elkarren eskutik plazaratu dute.

Karlos Gimenez, disko liburuaren aurkezpenean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Disko liburua kaleratu berri dute Karlos Gimenezek eta Nerea Gorritik, ‘Hitzahots’. Gimenezek berak argitaratutako ‘La voz rendida’ poesia liburua du erro eta Gorritik jarri die ahotsa euskaratutako olerkiei. Donostian aurkeztu du lan berria Gimenezek berak, Fermin Calbetongo Elkarren, Elkar Musikako Andres Camio ‘Jitu’ lagun izan duela.

Jabier Imaz Aierbek helarazi zizkion emailez Gimenezek gazteleraz idatziak zeuzkan poemak. Denbora nahikotxo igaro arte, ordea, ez zion haiekin zerbait egiteko ideiari heldu. 14 olerki aukeratu eta Nerea Gorritiri proposatu zion proiektua. Izan ere, X5 Kolektiboan elkarrekin dabiltza bi musikariak eta elkar ezagutzeaz gain, batera lan egindakoak dira. Horrez gain, Gorriti aktorea ere bada, hori dela eta, Gimenezi ezin aproposagoa iruditu zitzaion berak errezitatzea poemak eta abestea kantu bilakatu behar zituen olerkiak: «Oso klima polita eman dio poema bakoitzari, denak bere puntuan».

14 poema horietatik 11 dira errezitatuta doazen olerkiak, gainontzekoekin abestiak egin ditu Gimenezek. Euskarria edozein dela ere, Gorritik jarri die ahotsa pieza guztiei, Gimenezek pianoan lagunduta eta musikaria «oso pozik» dago lortutako emaitzarekin.

Sortze prozesuaren xehetasunen berri eman du olerkari eta musikariak aurkezpenean. Behin itzulitako olerkien aukeraketa eginda eta Gorritiren baiezkoarekin, abeslaria estudioan sartu zen grabatzera. Errezitatutakoaren gainean prestatu zituen Gimenezek pianoaren laguntza, eta horrekin itzuli ziren berriz estudiora.

Emaitzarekin gustura eta egindakoaz harro, «apaltasun faltsua alde batera utzita» jo zuen Elkarrera, eta bertan proposatu zioten disko liburua egitea. Imazek azaldu duenez, ordubete inguru behar da obra osorik disfrutatzeko. Gainera, euskarriak aukera ematen du entzun bitartean poemak irakurtzeko, diskoa eta liburua batera zein bakoitza bere aldetik erabili baitaitezke.

Gimenezek Huizi anaiei eskertu nahi izan die ilustrazioekin egindako lana, olerkariaren ustez bat datozelako poemekin. Azaldu du oraindik ez daukatela hitzordurik obra jendaurrean aurkezteko, hala ere, espero du disko liburua argitaratu ondoren emanaldiren bat eskaintzea, ‘ohiko kontzertua’ ez izateak pixka bat zailduko diela jakitun bada ere.