INFO
Interview
Itziar Alkorta Idiakez
EHUko Uda Ikastaroen zuzendari akademikoa

«EHUren Uda Ikastaroen balantzea ederra da: hazi egin gara partaide, espazio zein gai aldetik»

Hazi egin dira aurten EHUren Uda Ikastaroak: 1.054 lagun gehiagok hartu dute parte, eta 13.894 ikasle bildu dira guztira Donostiako Miramar Jauregitik Euskal Herri osora hedatu diren kurtso eta ekintzetan. Jada hurrengo ediziora begira daude, erronka nagusi batekin: ikaslearen esperientzia hobetzea.

Itziar Alkorta Idiakez, EHUren Uda Ikastaroetako zuzendari akademikoa, edizio honen balantzea aurkezten. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Hazi egin gara aurten, %8 baino apur bat gehiago, 1.054 lagun gehiago etorri baitira gurekin ikastera. 13.894 pertsona izan dira guztira», azaldu dio NAIZi Itziar Alkorta Idiakez EHUren Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak aurtengo edizioaren lehen balorazio prentsaurrekoa bukatu eta segidan, pozarren. Orain, balorazio sakonagoa egin eta datorren urteko ikastaroak prestatzea tokatzen da.

Zein erronka duzue datorren urtera begira?

Erronka nagusia, eta halaxe azaltzen da gure plan estrategikoan, ikaslearen esperientzia hobetzea da. Gure ikasleen profila 45 urteko emakume profesionalarena da. Bere kultura zabaldu nahian gerturatzen da, profesionalki etengabeko formazioa eskatzera. Publiko exijentea da, eta ikastaroak kalitate handikoak eta parte-hartzaileagoak izan daitezen nahi dugu. Helburuak horiek dira, aurten bezala gaiak egunekoak eta interesekoak izateaz gain.

Gai batzuk aktualagoak izan ohi dira eta bertzeak bizitzari lotuak, urtez urte errepikatzen direnak.

Aurtengo edizioak berezitasun bat izan du gaietan: gai berritzaileak landu ditugu eta horiek izan dira, hain zuzen, arrakastaren gakoetako bat. Arrakastarik handiena adimen artifizialaren eta iraunkortasunaren kurtsoek izan dute, oso positiboki baloratu ditu jendeak. Arlo klasikoagoak ere jorratu ditugu: osasuna, zuzenbidea –21 jarduera egin ditugu, arrakasta handiz–, hezkuntza –16 ikastaro–... Aurten bereziki euskal kultura eta historiaren inguruan 10 jarduera egin ditugu eta oso harrera ona izan dute.

 

Kokagune berezi bat zaindu dugu: Baionan 11 ikastaro eskaini genituen uztailaren hirugarren astean, denetariko gaiekin, eta 700 lagun batu ginen.

 

Donostiako Miramar Jauregian egiten dituzue ikastaro gehienak, baina duela urte batzuk zabaltzeko apustua egin zenuten.

Apustu hori egin genuen, gure eginbeharra delako udan Unibertsitatearen ateak edonori irekitzea eta Euskal Herri osora zabaltzea. Urtero joaten gara leku berrietara, eta aurten 17 herritan egon gara Euskal Herri osoan. Kokagune berezi bat zaindu dugu: Baionan 11 ikastaro eskaini genituen uztailaren hirugarren astean, denetariko gaiekin, eta 700 lagun batu ginen. Horrez gain, online kurtsoak ere asko hazi dira, covidaren garaiak utzitako onura bat da. Aurten, lehen aldiz, Iberoamerikako publikoari begirako ikastaroak egin ditugu: nutrigenomika jorratu dugu, zuzenbidea eta etika... Datorren urteetan ekimen horrekin jarraitu nahi dugu.

 

Euskarazko eskaintza handitu dugu, 67 ikastaro emanez euskaraz, eta horri esker hobeto heldu gara ikasle gazteengana. 



Jende berria hurbildu dela aipatu duzu, zein profiletakoa?

Nondik datozen erreparatuz gero, gero eta ikasle gehiago datoz kanpotik, gehienak online, Estatu espainiar mailako jendea hazi da, Europatik ere asko etorri dira, erdialdetik gehienak. Aurten gazteen profila sendotu da. Oroitu behar dugu uda ikastaroak hasi zirenean etortzen ziren gehienak Unibertsitateko ikasleak zirela; gaur egun, ordea, ez dira %14ra iristen. Geure helburuetako bat bada profil hori sendotzea eta haztea. Horretarako programa bat martxan dugu, bekak emanez eta ikastaroak merketuz, baina batez ere euskarazko eskaintza handitu dugu, 67 ikastaro emanez euskaraz, eta horri esker hobeto heldu gara ikasle gazteengana. 

Ikasleen %60 emakumeak dira, eta hor badugu beste erronka bat: gizonengana iristea.

Ingelesez ere egin ditugu ikastaroak. Baionan, euskaraz eta frantsesez ere bai, eta horrek publiko berrietara heltzeko aukera eman digu.

Itzulpena erabili duzue?

Bai. Aurten, gainera, hitzarmen berezi bat egin dugu Elhuyarrekin, bere itzultzaile automatikoa martxan jarri eta aurkeztu genuen Baionan, eta lanean ari gara beraiekin ikastaroak guztiz euskaraz jarraitu ahal izateko itzultzaileari esker.

 

Desinformazio handia dago, sare sozialen bidez, eta geure eginbehar oso garrantzitsu bat da informazio zientifiko zorrotz eta fidagarria zabaldu ahal izatea, eta informazio hori kritikoki aztertzeko ohiturak zabaltzea. 



Oro har Unibertsitatearen arlo honi buruz zer erranen zenuke? Zein eraldaketa egon dira? Zeintzuk dira erronkak?

Nahiz eta formulazioa aldatu, erronkak berdina izaten segitzen du: Unibertsitatearen ateak irekitzea, ezin duelako gotorleku bat izan, ireki eta ezagutza partekatu behar du, entzun egin behar du. Unibertsitateak udan edonori irekita egon behar du. Beti izan da hori gure helburua, baina garai honetan, desinformazio handia dago gizartean, sare sozialen bidez, eta geure eginbehar oso garrantzitsu bat da informazio zientifiko zorrotz eta fidagarria zabaldu ahal izatea,  eta informazio hori kritikoki aztertzeko ohiturak zabaltzea. Gure betiko Unibertsitatearen zabalkundearen helburu hori inoiz baino gehiago bultzatu behar dugu, beraz. Urtero biltzen ditugu beren gaietan adituak diren 1.200-1.300 pertsona, eta horiek egiten dituzten proposamenek kalitate zientifikoa dutela bermatzen du programa batzordeak.

Nola prestatzen dituzue Uda Ikastaroak?

Aurtengoa amaitu, baloratu, eta deialdia kudeatzen hasiko gara. Hobekuntzekin eta ikasleen iradokizunekin azarorako gertu izango dugu deialdia. Edonork aurkez dezake bere proposamena: administrazio batek, enpresa batek, erakunde batek... Hortik gure programa batzordeak hautatzen ditu ikastaroa emango dutenak. Nahiko lehiakorra da, interes handikoenak aukeratzen dira. Batzordeak iradokizunak egin ditzake hobetzeko. Urtarrilerako gure 160-180 uda ikastaroak prest izango ditugu. Hortxe gaude orain, berriz gure zikloa hasiko da azarora begira.

 

Aukera dago abendura bitarte beste hiru jardunalditarako. Hurrengoa oso interesgarria izango da: klima larrialdiak gure osasunean hirietan nola inpaktatzen duen azalduko dute adituek.

 

Ez da erraza izanen aukeratzea, baina bada ikastarorik zerbaitengatik berezia izan dena zuretzat?

Bereziki estimatu ditut aurten euskal kulturaren gaineko ikastaroak, oso ikastaro interesgarriak eman dira Bermeon eta Mundakan. Jose Migel Barandiaranen ekarpena etnografia eta euskal mitologian; gure klasikoak ere bai, Chillida eta Basterretxea, Luis Martin-Santosi omenaldia; Arantxa Urretabizkaiari eskainitako ikastaroa...

Bestetik, 188 jarduera egin ditugu guztira. Oso maite dugun jarduera bat Donostia Iraunkortasun Foroa da, bai online bai presentzialki aldaketa klimatikoaren gaineko hitzaldiak ematen dizkiogu orotariko publikoari, doan, urte osoan. Aukera dago abendura bitarte beste hiru jardunalditarako. Hurrengoa oso interesgarria izango da: klima larrialdiak gure osasunean hirietan nola inpaktatzen duen azalduko dute adituek, urriaren 23an, 18.00etan. Mamitzen ari da ekimen hori, badugu komunitate bat jarraitzen gaituena, gero bideoak gure plataforman jartzen ditugu eta jendeak asko kontsultatzen ditu. Mesede egiten dugu aldaketa klimatikoaren gaia eta honekin lotutako kontzeptuak mahai gainean jarrita.

Komunitateari onura ekartzen dio horrek.

Hori da xedea: eskatzen digun komunitate bat egotea eta horri begirako lana egiten ari garela sentitzea.

Suizidioari buruzko ikastaro batean elkarrizketa bat egiteko aukera izan nuen, Pedro Martin-Barrajon adituari.

Eta, zer iruditu zitzaizun?

Gustatu zitzaidan bere komunikatzeko era, modu xumean aholku eta datu interesgarri pila bat eman zituen.

Bai. Bi ikastaro eman ditugu suizidioaren gainean eta horietako bat doluari lotuta zegoen. Bertako hizlarietako bat izan zen Pedro Martin-Barrajon. Ikastaro hunkigarria eta oso parte-hartzailea izan zen. Ez da erraza modu delikatuan halako esperientziak partekatzea; zuzendari ona eta publiko egokia eskatzen du.

Hizlari batzuk urtero etortzen dira.

Iritzirik onenak dituztenak berriz gonbidatzen saiatzen gara. Uda ikastaro batzuetan urtero aditu berak ditugu horregatik, dohain berezia daukatelako komunikatzeko.