INFO

Jarraitutasunaren utopia ospatuko dute Ezkurdin Ligaren Final Fourrarekin

Hamaika hilabetetan ehundik gora partida jokatu ondoren, denboraldiko zortzi puntistarik onenek denboraldia itxiko dute. Sorozabal anaiek Laduche-Del Rioren aurka jokatuko dute lehen finalerdia, Erkiaga-Basquek eta Barandika-Lopezek bestea.

Lopez, Johan, Erkiaga eta Arrieta, osteguneko aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Duela urte batzuk, ez gehiegi, urte osoa hartuko lukeen zesta-punta egutegi bat izateak utopikoen amets bat zirudien, bilatu beharreko ezinezko bat. Gernikan sortutako erauntsiak, ordea, inor gutxik espero zuen abiaduran hankaz gora jarri zuen azkenetan zirudien modalitate honen ikusmira. Nolabait esatearren, «jarraitutasunaren utopia» hori gauzatu izana ospatuko dute zaleek eta pilotariek, hiru astez, Durangoko Ezkurdin, astelehen honetan hasita.

Aurtengoa ez da Jai Alai Leaguearen Final Fourraren lehen edizioa izango, baina bai, Bidasoaz bi aldeetara sortutako sinergiak bideratzen asmatuta, amestutako egitura hori gorpuztu izanda jokatuko den lehena. Esate baterako, ligaren lehen urtean jokatutako txapelketak lau izan baziren, aurten dozena ere gainditu dituzte, jendearen erantzun paregabearekin. 

Ezin bestela, eta egindakoaren balorazio positiboa egin zuten Jai Alai Leagueko ordezkariek ostegunean Durangon egindako aurkezpenean. «11 hilabetetan 100 partida profesional baino gehiago antolatu ditugu, 10 egoitza ezberdinetan. Guztira, 47 pilotarik parte hartu dute, eta harmailak beteta ikusi ditugu jaialdirik gehienetan. Nabarmentzekoak Bilboko Iron Cup-ak lehen edizioan izan duen arrakasta itzela, frontoia jardunaldi guztietan beteta; Donibane Lohizune eta Winter Series txapelketetako betekada itzelak; Biarrizko Urrezko Xisterak lortutako sona; Paueko udako txapelketaren gorakada; Markina-Xemeingo eta Lekeitioko plazen egonkortzea eta Zumaiako Master Seriesean publikoak emandako erantzun ona».

Gainera, kirol honek beharrezkoa duen izen erreleboa bermatzeko intentzioarekin, Slam kategoriako txapelketetan aurre-kanporaketak ere antolatu dituzte, modu honetan, titular gisa aritzerik izan ez duten pilotariek eta puntista gazteek txapelketa handietan parte hartzeko aukera zuzena izan dezaten.

Erkiaga protagonista

Iazko urriaren amaieran Biarrizko Nazioarteko Openarekin hasi eta abuztuaren erdian amaitu den denboraldiak protagonista handi bat izan du, Aritz Erkiaga. Ispasterko aurrelariak Paueko Gabonetako zesta ­–Minviellerekin–, Gernikako Winter Series –Ibarluzearekin–, Lekeitioko Master Series –Mancirekin–, Zumaiako Master Series –Urangarekin–, Cesta All Star –Zabalarekin–, Araba Euskaraz Master Series –Del Riorekin–, Bilbo Iron Cup –Ibarluzearekin– Biarrizko Urrezko eskularrua –Portetekin–, Pau Cup –Sorozabalekin–  ­eta Gernikako Gran Slama –Mancirekin– irabazi ditu. Beste era batera esanda, jokatutako 13 torneoetatik Biarrizko Nazioarteko Openak –Goikoetxea-Lopez–, Markina-Xemeingo grand Slamak –Barandika-Lopez– eta Nazioarteko Zesta punta txapelketak –Johan-Basque– besterik ez diote ihes egin.

Honek Durangon ligako atzelaririk onena izan den Thibault Basque lapurtarrarekin jokatzeko aukera emango dio, bikote beldurgarria osatuz. Urriaren 14an jokatuko den finalerdian urteko laugarren aurrelaria izan den Barandika eta Imanol Lopez izango dituzte. Gernikarrak, lesio larri batetik osatuta, eta batez ere zumaiarrak, azken unera arte itxaron behar izan dute Final Fourrean azken plaza eskuratzeko, baina biek ere edozein bikoteri gauzak oso zail jartzeko gaitasuna dutela erakutsi izan dute euren ibilbidean.

Gainera, Ezkurdi pilotalekuak 52 metro ditu, ohiko beste kantxa batzuk baino laburragoa da, eta horrek errematerako espazioa murrizten die aurrelariei, eta atzelarien arteko botere borroka ere berdindu egiten du.

Anaiak elkarrekin

Lehenengo finalerdia astelehen honetan jokatuko da. Bertako bitxikeria Sorozabal anaiak, Johan eta Gorka, denboraldiko bigarren aurrelaria eta atzelaria, elkarrekin jokatzea izango da. Laduche eta Del Rio gasteiztarra izango dituzte parean. «Anaiarekin jokatuko dut. Zortea da batera aritzeko aukera izatea. Denboraldia amaitzeko modu zoragarria da. Txapelketa handia da eta dena emango dugu irabazi ahal izateko», adierazi zuen aurrelariak.

«Laducheri korria egin eta pilota atzera botatzea gustatzen zaio, eta Del Riori eskuinez aritzea; eta horri aurre egiteko pilota ondo atzeratzen eta ezker paretan sartzen saiatuko gara. Tantoak menderatu eta aurrean bukatzen saiatuko gara», azaldu zuen asteleheneko partidari begira.

Arrietaren agurra

Lehenengo jaialdi horretan Iñigo Gorostola pilotari durangarrak omenaldi beroa jasoko du bere herrian. Kantxa barruan «Arrieta» bezala ezaguna izan da, eta hortik kanpo, berriz, «Kakatza» bere goitizenarekin, Bridgeporten jaio zen 1980an eta 20 urte pasatxoko ibilbidearen ostean, pasatu den otsailean erretiroa hartu zuen Dania Jai Alain (Florida).