INFO

Peña-Zabaletak eta Altuna-Iztuetak jokatuko dute Mastersaren final tolosarra

Jotzaileen arteko lehen finalerdian Jose Javier Zabaletak sekulako erakustaldia eman du eta 22-16 irabazi diete Peña eta etxarrendarrak Peio Etxeberria-Mariezkurrenari. Bigarrenean, 12-0 aurreratu ostean, nahi baino gehiago sufritu dute amezketarrak eta Iztuetak Zabala-Imazi 22-15 gailentzeko

Jose Javier Zabaletak sekulako erakustaldia emanda lortu du finalerako txartela. (Iñigo URIZ/FOKU)

Altuna III.a-Iztueta eta Peña-Zabaletak jokatuko dute, igande honetan, Masterseko finala, emaitza paretsu baina elkarren artean batere antzik izan ez duten bi partidetan Zabala-Imaz (22-15) eta Peio Etxeberria-Mariezkurrenari (22-16) gailendu ostean.

Lauretan, gaurko protagonista nagusia izan den Jose Javier Zabaleta da txapelketa hau irabaztea zer den dakien bakarra eta Jokin Altunak bere palmaresean falta zaion garaipen bakarra bilatuko du, gaur aurkari izan duen Imazekin beste hiru final jokatu ostean.

Oraingo honetan, Iztueta debutariaren laguntza izango du eta gaurkoa ikusita, sufritzeko prest etorri beharko du tolosar gazteak. Gipuzkoako hiriburu izan zen herria, pilotaren hiriburu izango da asteburu honetan, txapeldun bat bertakoa izango delako bai edo bai. Jokin Altuna bera ere Tolosan bizitakoa da zenbait urtez, nahiz eta azken urteetan Larrunarriren magalera itzulia den.

Bazen ikusminik koadroko bi atzelaririk jotzaileenen arteko dema ikusteko, baina tartean bikotearen ardura, baita pilotakada kopuruetan ere, bere bizkar gainean jarri duen Peio Etxeberria sartu da Nafarroa Arenan bertan jokatutako azken finalean, Binakakoan, txapeldun irten ziren bi pilotarien arteko lehia izan zen gehiago.

Azken bi asteetan min hartuta egon de Jon Mariezkurrena defentsa lanetan aritu da egokiago erasoan baino, aukerako pilotak behar bezala gozatzea kosta egin zaiolako batez ere. Baina ultzamarra arduratu da partidari erritmoa ezarri eta tanto askoren erritmoa eurak ezartzeaz eta honek markagailuaren aginte makila ere eman die.

Gorrietan, berriz, Jose Javier Zabaleta izan da aurkariak zigortzearen karga hartu duena, bikotearen lehen tantoa pilota errebotean jarrita lortuta. Jon Ander Peña, ordea, kamuts antzean hasi da, bere lehen tantoa 5-7koan boleaz lortuta.

Partidaren lehen erdi gogorrean bikote nafarra aurretik joan bada ere, lehia lehen aldiz hamarna berdindu ostean, 13-12an aurreratu dira lehen aldiz markagailuan tolosarra eta etxarrendarra eta finalerdiko lehen zulo handia ireki dute, 17-12 alde eginda. Peio Etxeberriak ordura arte egindako lanaren faktura ordaindu du eta kosta egin zaie 13. tantoa egitea, Mariezkurrenak pilota bikain jaitsita lortutakoa.

Gogoz ospatu du Berriozarkoak eta susperralditxo txiki bat izan du, baina azkenerako sekulako partida jokatu duen Zabaleta handi baten aurrean amore eman behar izan du. Etxarrendarrak sekulako partida jokatu du, asko jo, apenas pilotarik galdu ez eta piloteoan bezala, bere bikotean sendotasunez aginduz.

Azken txanpa honetan, gainera, Peñak ere askoz hobeto ulertu du zein zen partida honetako bere lana, defentsan lagundu eta Zabaletari jokatzen utzi eta merezimenduz lortu dute finalerako txartela.

 

FITXA TEKNIKOA:

Peña-Zabaleta: 22

Peio Etxeberria-Mariezkurrena: 16

Pilotakadak: 737. Iraupena: 74,10 minutu. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-4, 2-4, 2-5, 4-5, 4-7, 6-7, 6-9, 8-9, 8-10, 10-10, 10-12, 17-12, 17-15, 19-15, 19-16, 22-16. Sakeak: 1 Peña II.ak eta 0 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 5 Peña II.ak, 7 Zabaletak, 8 Peio Etxeberriak eta 2 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 3 Peña II.ak, 2 Zabaletak, 3 Peio Etxeberriak eta 6 Mariezkurrenak. Gertakariak: 1.600 lagun inguru Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan.Lehen sakea urdin.

Bigarren finalerdia elkarrekin egindako Mastersaren laburpen baten modukoa izan da Zabala-Imazentzat. Bikote oso gora-beharatsua izan da udako hilabeteetan zehar errioxarrak eta oiartzuarrak osatutakoa eta finalerdia ez da salbuespen bat izan. Hasi, arras gaizki hasi dute partida urdinek eta Altuna-Iztuetak nahikoa izan dute txukun aritzea –amezketarra eraginkor eta tolosarra eroso– 131 pilotakada eskasetan 12-0 aurreratzeko.

Historia gutxiko partida zirudien jaialdiko bigarrenak lau pilotariak aldageletara lehen aldiz sartu direnean, batez ere Logroñokoak eta gipuzkoarrak partidatik erabat at ziruditelako, baina joan diren abiadura berean sartu dira berriz lehiara. Lehiakortasuna izan daiteke Ander Imazen dohainik garrantzitsuena eta lehen etenaldira eraman gabeko hiru sake eta gero joan badira, unerik txarrenean jo ditu ordura arteko pilotakadarik onenak bere bikotekidea partidara konektatu eta lanera erakartzeko.

Taktikoki ezer berezirik asmatu behar izanik gabe, hasieratik teoriak eskatzen zuen huraxe eginda; Altuna saihestuz eta Iztueta zigortuz, markagailua berdintzea ez, baina jokoa gutxienez orekatzea lortu dute, hiru tanto eskasetara ekarrita (14-11). 12-2koan, gainera, Jokin Altunak horrenbeste buruko min sortu dizkion ezker sorbalda horretan kolpe bat eraman du ezker paretaren kontra eta hortik aurrera ere ez da hasieran bezain zorrotz aritu.

Iztuetak ere, ordura arte ez bezala sufritu du pilotaleku horren exijente batean partidaren bigarren erdian, baina nekez egiten diote ihes amezketarrari horrelako partidek, eta halakorik gertatu zionean ere, aurkariek gaurkoan Zabalak eta Imazek baino gehiago jokatu dutelako izan da. Fisikoki ere, atzelari oiartzuarrak arazoren batekin amaitu du eta ez dute partida iraultzerik izan.

FITXA TEKNIKOA:

Altuna-Iztueta: 22

Zabala-Imaz: 15

Pilotakadak: 590. Iraupena: 59,30 minutu. Markagailua: 12-0, 12-3, 13-3, 13-7, 14-7, 14-11, 18-11, 18-13, 20-13, 20-15, 22-15. Sakeak: 3  Altuna III.ak eta 0 Zabalak. Egindakoak: 8 Altuna III.ak, 2 Iztuetak, 3 Zabalak eta 4 Imazek. Galdutakoak: 3 Altuna III.ak, 5 Iztuetak, 7 Zabalak eta 1 Imazek. Gertakariak: 1.600 lagun inguru Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan. Lehen sakea urdin.