INFO

Euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza, Azpeitiko Kilometroen izpiak

«Bizipen zoragarria», hala laburbildu dute antolatzaileek Kilometroak eguna. Azpeitiko Ikasberriko Ikastolarentzat itzela izan da urte osoan hainbesteko boluntario taldea lanean ikustea eta komunitatea hazten sumatzea, egunez egun. Orain, hazi hori ernaltzeko baldintza egokiak sortzea dute xede.

Azpeitiko Kilometroak jaian, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin kalejiran. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘Izpiz izpi’ argitu da Azpeitia. Eguzkilorearen babesean eta eguzkia lagun, Ikasberri Ikastolako komunitateak urte osoan izerdiz, auzolanean eta ilusioz bete duen egitaraua martxan jarri da, denen gozagarri.

Mila boluntario baino gehiagoko taldea ibili da egun osoan lanean, eta dena «zoragarri» joan da, antolatzaileek egunaren amaieran baieztatu dutenez. Azpeitia arnasgune bat da euskararentzat, eta laugarren urtez prestatu duten Kilometroak jaia ere euskaltzale guztientzako arnasgunea izan da.

Hiru ardatz nagusitan oinarritu dute festa, horiek baitira lortu nahi dituzten helburuak: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza. Lortutako etekin ekonomikoa balio horien inguruan herriko eragile guztiekin batera proiektu bateratu bat sustatzeko baliatuko dutela azaldu zion Alaitz Epelde ikastolako kideak NAIZ Irratiari.

Erakundeetako ordezkariak, ikastoletakoekin batera. (Gorka RUBIO/FOKU)

Hasiera ekitaldian, ibilbide zabal eta oparoa egiten ari diren Pirritx, Porrotx eta Marimotots omendu eta eskertu dituzte, ederki islatzen dituztelako hiru ardatz horiek. Han izan dira Lakuako Gobernuko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak. Pailazoak txalotzeaz gain, aho batez aldarrikatu dituzte euskara, herrigintza eta aniztasuna. Nabarmendu dute euskarak erronka handiak dituela  eta hezkuntza komunitateak indarra egin behar duela haiei aurre egiteko.

Skapaie elektrotxarangak ‘Izpiz izpi’ abestia jo, eta Ikasberriko gaztetxoek lagundu diete dantzan. Miren Iturzaeta eta Mattin Arakistain ikasleek aurkeztu dute ekitaldia, eta Amagoia Osinalde Euskal Gorrak elkarteko kideak zeinu hizkuntzara itzuli du.

Urte osoan egindako lana eskertu die Nagore Alkorta alkateak ikastolako kideei, eta egiteko asko dagoenez, bakoitzak beretik horretan jarraitzeko deia egin du: «Nahiz eta beti izan den garrantzitsua euskararen alde egitea, bizi dugun testuinguruan inoiz baino beharrezkoagoa dela esango nuke».

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak «gure hezkuntza sistemak bere eguzkilore propioa» behar duela aldarrikatu du, eta eguzkilore horretan Ikasberri ikastolak landu dituen ardatzak ezinbestekoak direla adierazi du.

Bertsolarien txanda izan da gero. Ikasberriren historiaren ari muturrak batzen dituzten bi bertsolari aritu dira kantuan: Imanol Lazkano, ikastolaren sorburuko laguntzaile fina, eta Joanes Azpillaga ikaslea, kimu berria eta kimu zaharra.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak «euskara integraziorako ezinbesteko tresna» dela esan du, eta gaineratu du «euskara babesten ez badugu herri gisa jai» dugula.

Balioekin eraiki

Alaitz Perez de Arenaza Kilometroak Kultur Elkartearen lehendakariak ikastolen egitekoa zein den azpimarratu du: «Ikastolen balioetan oinarritzen den ekarpen eraikitzaileak egitea. Euskaratik eta euskaraz. Eta horretan garela, Euskal Autonomia Erkidegoan onartu berri den Hezkuntza Lege berriaren testuinguruan eragile aktibo izatea dagokigu».

Hortxe kokatu du Ikastolen zazpigarren batzarrean onartutako bide orria: ‘Biharko ikastolak biharko Euskal Herria eraikitzeko’.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots

Ekitaldiaren une hunkigarrienetako bat Mari Azkue Ikastolako zuzendariak Pirritx, Porrotx eta Marimototsentzako prestatutako hitzak irakurri dituenekoa izan da. Hona zati bat: «Euskaraz kontatu eta kantatzen dizkiguzue guztionak diren istorioak. Inor ere atzean utzi gabe, aniztasuna maitatuz… irria oparitzen duzue guztiontzat. Irriaren hizkuntza delako bihotzarena, buruarena eta eskuarena. Ekinean, ekin etengabean. Euskal Herriko txoko guztietara iritsi da zuen mezua. Herriz herri, herrigintzan ari eta ari den horrengandik hurbil, beti eskura, beti gertu. Eta guk horixe da, bihotz-bihotzez, eskertu nahi dizueguna. Urteak bete, abenturak bizi. Zer litzateke gure haurtzaroa, gure guraso aroa Pirritx, Porrotx eta Marimotots gabe? Ezinezkoa zaigu halakorik irudikatzea».

Pailazoak, hunkituta, haiei eskainitako hitzak entzuten. (Gorka RUBIO/FOKU)

Hiru pailazoek, eskerrak eman eta jendea irriz eta dantzan jartzearekin batera, Txapasi itzuli diote Ikastolak beraiei egindako omenaldia. 78 urte ditu Txapasek, eta pailazoek goretsi dutenez, oraindik ere ostiralero joaten da Zarauzko Ikastolara ‘Iritsi da ostirala’ kantatzera.

Lekukoa Elgoibar ikastolari

Kalejiran egin dute Ikastolatik Azoka plazara arteko bidea guztiek, eta han, Kilometroetako zapi koloretsuekin osatutako pasilloan zehar egin dute aurrera pailazoek. Aurreskua dantzatu diete, beraiena den ‘Katu bi’ abestiarekin.

Elgoibarko Ikastolari eman diote lekukoa, berak antolatuko baitu 2025eko Kilometroak. (Gorka RUBIO/FOKU)

Aranbarrik Elgoibarko Ikastolako lehendakariari, Jon Lizarralderi, eman dio lekukoa jarraian.

Lau gune anitz martxan

47. Kilometroak jai honetan, lau gune zabaldu dituzte. Lehena, Azpeitiko Herriko Plazan. Bertan, gazteentzat Erronka probak antolatu dituzte, eta DBH3 eta 4. mailetako 340 gaztek eta 21 ikastolak parte hartu dute.

340 gazterentzako topagunea da Erronka. (Gorka RUBIO/FOKU)

Aniztasun funtzionala duten pertsonentzako gune lasaia ere izan da lehen gunea.

Bigarren gunean, Esklabak eremuan, magia, karaokea, skate erakustaldia eta ‘Goazen!’-en emanaldia izan dira. Hirugarrenean, Azpeitiko Ikasberri Ikastolaren egoitzan bertan, kontzertuak; Skapaie, Leherkaitz, Ukabil, Tapia eta Leturia eta Janus Lester taldeenak, hain zuzen.

Laugarren espazioa, Loiola, aniztasunarena izendatu dute. Bertan ere kontzertuak izan dira nagusi, Urtz, Ro, Eraldatzen eta Trini Fox taldeenak, besteren artean.

Herri kirolak izan dira goizean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Nabarmendu dutenez, egun osoan puntu moreak izan dira hiru gune nagusietan, eta megafoniatik behin eta berriz entzun da erasorik ez dela onartuko zioen mezua. Puntu hauetan ez da intzidentziarik jaso, ezta oro har ere.

Arratsaldeko seietarako janari gehiena amaitua zen dagoeneko. Bazkariko jangela beteta egon da irekita zegoen denbora osoan, eta pozik atera da jendea. Inguruak garbi mantentzea lortu dutela azaldu dute.

«Euskaltzale ugari etorri da. Bereziki, familiak. Baita gazteak ere. Euskara arin eta bizi entzun dugu. Bidaiatzeko zerbitzu publikoa erruz erabili da. Giro jator eta lasaia izan da nagusi. Eskatzen genuen bezala, askatasunez eta errespetuz gozatu dute Azpeitira etorritako partaideek», baloratu dute.

Aurpegi ezagunak ere ikusi ditugu; Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia, AEK-ko Aize Otaño eta Saioa Ballesteros, Kike Amonarriz soziolinguista eta Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako bozeramailea tartean.

 

 

 

Gipuzkoako EAJko kideak ere bertan izan dira.

 

 

Igor Aranbarri Ikasberriko Artezkaritza Kontseiluko kideak esan bezala, aurtengo Kilometroen urtean abiatu duten bidean jarraitzeko desioa dute, eta horretarako, ikasturte osoan erein duten hazia ernatzeko baldintza egokiak sortzea dute hurrengo erronka.