Triple Ak hildako David Salvador taxilariaren omenez plaka bat jarri du Bilboko Udalak
David Salvador Triple Aren biktima omendu dute ofizialki Bilbon astelehen honetan. Jaioterrian memoriaren plaka bat jarri dute, Udalaren eta Bakearen eta Bizikidetzaren Aldeko Bilboko Topagunearen ‘Bilboko Memoriaren Mapa’ egitasmoaren baitan. Taxilaria zen eta tiroz hil zuten lanean zela.
David Salvador Bernando taxilariaren omenezko plaka jarri dute Bilbon. Andoainen hil zuen Triple Ak gaurko egunez 1977an, ‘Heriotzaren triangelua’ delako gunean. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Bakearen eta Bizikidetzaren Aldeko Bilboko Topaguneko kideek eta Salvadorren senide eta gertukoek hartu dute parte ekitaldian. Hernanin bizi bazen ere, Bilbon jaio zen David Salvador, Maiatzaren Biko kaleko laugarren zenbakian, eta bertan jarri diote plaka.
Bilbon jartzen duten mota honetako zazpigarren plaka da, bigarrena Triple Aren biktima baten omenez. Gainontzekoak Ángel Pascual Múgica Lemoizeko ingeniariari, Jose María Urquizu Farmaziako teniente koronelari, Benicio Alonso BBVAko langileari, Fermín Monasterio taxistari, Francisco Javier Nuñez irakasleari eta Anastasio Leal garbitzaileari jarri dizkiete. Lehen laurak ETAk hil zituen, bosgarrena poliziak eta laugarrena Triple Ak.
Lore eskaintzaren ostean Mikel Salvadorrek hartu du hitza, David Salvadorren semeetako batek. Horrelako aitortzek duten garrantzia aldarrikatu du: «Oso garrantzitsua iruditzen zaigu biktima guztien aitortza egitea edo, behintzat, saiatzea; bestela, hankamotz geratuko gara bakearen eta bizikidetzaren bidean». Hunkituta, ama oroitu nahi izan du, «bera izan baitzen atentatuaren ondorioak gehien pairatu zituena».
Egitasmoarekin ‘Bilboko Memoriaren Mapa’ osatu nahi dute Udalak eta Bizikidetzaren Aldeko Bilboko Topaguneak. Halaber, gertakariok «geoerreferentziatzea» ere badu xede. Plaka bakoitzak QR kode bat dauka, biktimaren eta jazotakoaren inguruko informazioa jasotzeko aukera ematen duena.
‘Heriotzaren triangelua’
Andoainen hil zuten David Salvador, 1977ko urriaren 7an, lanean ari zela. ‘Heriotzaren triangelua’ bezala ezagun egin zen Andoain, Urnieta, Astigarraga eta Hernani ingurua, Triple A talde paramilitarrak hainbat ekintza burutu baitzituen bertan: Salvadorren heriotza izan zen bigarrena. Martxelo Diazek hainbat biktimaren testigantzak jaso zituen 2020ko erreportaje honetan.
Andoaingo tren geltokitik gertu aurkitu zuten taxilariaren gorpua, autoan bertan. Tiro egin zioten garondoan atzeko jesarlekutik. Triple Ak aldarrikatu zuen ekintza, eta ETAri laguntzea leporatu zioten, nahiz eta ez zuen inolako atxikimendu politikorik.
Triple Ak heriotza aldarrikatu ostean poliziaren ikerketak ez zuen aurrera jarraitu eta argitu gabe geratu zen auzia.
2019an Andoaingo Udalak, EH Bildu buru zela, kereila judiziala jarri zuen frankismoan eta trantsizioan zehar herritarren aurka egindako krimenengatik, Oroituz memoria taldeak egindako txostena oinarri hartuta; tartean, Salvadorren kasua aurkeztu zuten. Bertan, azpimarratu zuten ezin izan dela inoiz frogatu ETArekin inolako loturarik zuenik.
Oroituz elkarteak lan mardula egin zuen 1936-1980ko frankismoaren inpunitatearen biktimen txostena osatzeko eta, ondoren, Andoaingo alkateak, Oroituz taldeko kideekin eta kausan pertsonatu ziren hainbat biktimekin, Tolosan aurkeztu zuten kereila. Donostiako epaitegietan atzera bota zuten, eta une honetan Epaitegi Konstituzionalean dago afera.
Salvadorren heriotza argitu ez bazen ere, Ignacio Iturbide eta Ladislao Zabala kondenatu zituzten ‘Heriotzaren triangeluan’ jazotako beste heriotza batzuengatik.