INFO

Dazz Jazz jaialdiaren IX. edizioa prest, betiko ilusioarekin

Gaur goizean aurkeztu dute Gasteizko Dazz Jazz jaialdiaren IX. edizioa. Dazz Jazz Elkarteak Vital Fundazioarekin batera antolatuta, hilaren 16tik 20ra bitartean Vital Fundazioa Kulturunean izango da. Gainera, Dazz tabernan inaugurazio kontzertu bat izango da bezperan.

Beñat Lasagabaster Dazz Klubean (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Bederatzigarrena, laugarrena Alde Zaharreko Dazz klubetik kanpo: Vital Fundazioa Kulturunean, hain zuzen. Dazz Jazz jaialdia da, Duela zortzi urte Gasteizko Aiztogile kaleko Dazz tabernan lehenengoz egin zena. IX. edizio honek parte hartuko duten musikariez aparteko berrikuntza gutxi dakartza, eta ez da seinale txarra, ez horixe, horrek esan nahi baitu hasieratik izan duen kalitate bikainari etusiko diola.

Gaur goizean aurkeztu du Dazz klubean Vital Dazz Jazz Fundazioko zuzendari Elkarteko presidente Beñat Lasagabasterrek. Harekin izan dira Arantxa Ibañez de Opacua, Vital Fundazioko zuzendaria, eta Sonia Diaz de Corcuera Ruiz de Oña, Gasteizko Udaleko Kultura zinegotzia. Izan ere, Dazz Jazz Elkarteak Vital Fundazioarekin batera antolatzen du jaialdia, eta Gasteizko Udalaren eta bertako zenbait enpresa txikiren laguntza izaten du.

Urriaren 16tik 20ra bitartean, bost kontzertu izango dira Vital Fundazioa Kulturunean, denak ere 20:00etan, zein baino zein erakargarriagoa. Sarrerak salgai daude musikaze.net/dazzjazz plataforman, baita kontzertu guztietarako abonuak ere. Abonuen salneurria 80 eurokoa da, eta kontzertu bakoitzarenak 15 eta 25 bitartean.

Nabarmentzeko moduko kartela

Jaialdiaren kartela ez da nolanahikoa, jazza eta oro har musika gogoko dutenek dakitenez. Hilaren 16an, asteazkenarekin, Raynald Colom eta Ray Of Ligth-ek joko dute; ostegunean, Ariel Bringuez Quinttet eta Latidosek; ostiralean, Munir Hossn&Elas-ek; larunbatean, Deborah Carter Quintet-en txanda izango da, eta azken kontzertua, igandean, Colina, Carmona&Serrano-k emango dute.

Laugarren edizioa Dazz Klubetik kanpo, esan bezala, baina ez guztiz, Vitalen kulturunera aldatu zen urtean sorpresa izan zena ohitura bihurtu baita. Hala, asteartean, hilak 15, jaialdiaren bezperan, inaugurazio kontzertua egingo du Gasteizko alde zaharreko lokalean, Dazzen, hain zuzen, Leo Minax kantautore brasildarrak, berarekin askotan jo izan duen etxeko baterista batekin: Borja Barruetarekin. Jaialdirako abonua dutenentzat, kntzertu horretarako sarrera doan izango da.

Duela hiru urte arte Dazz Jazz jaialdia udan egiten zen, uztailean, baina, Beñat Lasagabasterrek azaldu zuenez, sasoi horretan bai jazz bai beste mota batzuetako jaialdiak pilatu egiten dira, Gasteizen ez ezik, inguruko beste leku batzuetan ere: Getxo eta Donostiako jazzaldiak, Azkena Rock, BBK...

2015eko abendutik, «elitistatzat jotzen den hori» kalera, jendartera zabaltzeko asmoa gauzatu egin du Lasagabasterrek, harro: «Jende umila hasi baitzen jazza egiten, eta jende arrunta jazzera hurbiltzeko asmoa genuen». Eta hasierako ilusioarekin jarraitzen dute, baina gero eta jende gehiago inguruan.

Izan ere, Gasteizen, Euskal Herrian eta nazioartean gero eta ezagunagoa da, ez bakarrik jazza maite duen publikoarentzat, baizik eta baita musikarientzat beraientzat ere. Euskal Herriko eta mundu osoko lehen mailako musikariak igaro dira Aiztogile kaleko aretotik, maiz musikariek eurek eskatuta. Ia-ia astero antolatzen dituzte kontzertuak, eta Dazz Jazz jaialdia ere gero eta musikazale gehiagoren erreferentzia da.