EAEko enpresek baikorrago ikusten dute ekonomia, Laboral Kutxaren ikerketaren arabera
Konfidantza-indizea handitu egin da EAEko enpresen artean Laboral Kutxak urteko azken hiruhilekoari buruz egin duen azken ikerketaren arabera. 55,6 puntukoa izan da, aurrekoan 47,4koa izan zelarik. Honek ekonomiaren bilakaerari buruzko ikuspegi baikorragoa dutela islatzen dutela adierazi dute.
EAEko enpresek baikorragoa ikusten dute ekonomiaren egoera Laboral Kutxaren Ikerketa Batzordeak egindako azken hiruhilekoaren azterketaren arabera. «Adierazleak gehitu eta haztatzen baditugu, 55,6ko konfiantza-indizea lortuko dugu. Hau da, aurreko hiruhilekokoa baino handiagoa, 47,4koa izan baitzen. Beraz, enpresek ikuspegi baikorragoa dute ekonomiaren bilakaerari buruz, 2024ko laugarren hiruhilekoari begira. Indizearen balioa 50etik gorakoa izateak jarduera hedatzen ari dela adierazten du. Gainera, balioa handiagoa da beste eremu geografiko interesgarri batzuetan lortutakoa baino, adibidez Espainian (53,5eko datua lortu zen abuztuan) eta eurogunean (48,9koa, irailean)», nabarmendu du kutxak ohar batean.
2024ko hirugarren hilabetekoarako dituzten aurreikuspenei buruz galdetu diete 142 enpresari ikerketaren egileek. Aurreko hiruhilekoaren antzeko ingurune ekonomikoa erakutsi dute emaitzek. Zehazki, enpresen %10,6ak uste du egoera hobetu egingo dela oraingo hiruhilekoaren aldean, %62k uste du bere horretan jarraituko duela eta %27,5ek okerrera egingo duela.
Fakturazioa eta jarduerak
Fakturazioari dagokionez, berriz, ikuspegi egonkorra dute enpresek 2024ko hirugarren hiruhilekoari begira. Zehazki, galdetutako enpresen %19,7k uste du fakturazioa hobetu egingo dela, %57aren iritziz antzekoa izango da eta %23,2k okerragoa izango dela aurreikusten du.
Jarduerak, ostera, 2024ko hirugarren hiruhilekoan hobera egingo du %9,2aren iritziz eta %26,8aren arabera, okerrera. Lagineko gainerako %64,1ak berdin jarraituko duela pentsatzen du.
Eskabideak eta prezioak
Eskabideei dagokienean, salmenten kopuruek eta prezioek izango duten eraginari buruzko zalantza da nagusi. Ildo horretan, emaitzek iragartzen dute eskabideek behera egingo dutela apur bat eta prezioak egonkorrak izango direla. %19,7ak eskabideen bolumena handitu egingo dela uste du eta %23,2ak txikitu egingo dela. %57aren arabera, bolumena hiruhileko honetakoaren antzekoa izango da.
Prezioei dagokienez, %8,5ek uste du igo egingo direla, eta %83,8ak bere horretan jarraituko dutela. %7,7ak jaitsiko direla uste du.
Errentagarritasuna eta inbertsioak
Eragiketen errentagarritasunari buruzko aurreikuspenei erreparatuta, erantzunen %91,1aren arabera «txikiago» edo «berdina» izango da, eta enpresen %9,9ak uste du errendimendu handiagoa lortuko duela.
Inbertsioei buruzko ikerketak ikuspegi ezkorxeagoa erakusten du hirugarren hiruhilekorako aurrekoarekin alderatuta. Inbertsio-bolumenari dagokionez, enpresen %12,7ak uste du gora egingo duela, %17,6aren iritziz, berriz, bera egingo du. %69,7aren ustetan berdin jarraituko dute.
Enplegua eta berrikuntza
Enpleguari dagokionean, %81ak ez du aldaketarik espero. %12k langile-taldea handitzeko itxaropena du eta %7ak guztiz kontrakoa egitea espero du.
Berrikuntza eta I+G ekimenetara bideraturiko salmenten ehunekoaren inguruan, inkestatuen %76,1a balio minimoetan kokatzen da, 0 eta %1aren artean. Bestalde, %4,2ak salmenten %5a baino gehiago bideratzen du arlo horietara.
Kobratzea eta finantzaketa
Bezeroei kobratzeko epearen bilakaerari buruz, inkestari erantzun diotenen %83,1aren ustez ez da aldekatatik egon azken urte honetan eta %9,2aren esanetan luzatu egin da. %7,7ak laburtu dela erantzun du.
Bankuen finantzaketa eskuratzeko erreztasunari buruz, inkestatuen %83,1ak erantzun du berdin jarraituko duela. %7ak hobetu egingo dela eta %9,9ak okertuko dela uste du.