Hezkuntza sindikatuek Subflubialaren obren «ondorio kaltegarriak» salatu dituzte
Steilas, ELA, UGT Irakaskuntza, CCOO, LAB eta CGT sindikatuek Subflubiala proiektua bertan behera gelditzea eskatu dute, Artaza-Erromo institutuan eta inguruko beste ikastetxeetan izango lituzkeen «ondorio kaltegarriengatik».
‘Subflubiala ez’ plataformak eta hezkuntzako sindikatuek salatu dutenez, Ibaizabal itsasadarraren azpian Getxo eta Portugalete lotuko dituen tunelaren obrek «oso larriki» eragingo dute Artaza-Erromoko institutuaren, Erromoko eskolaren, Betiko Ikastolaren eta Artaza eskolaren egunerokotasuna.
Asteazken honetan argitaratutako idazki batean azaldu dutenez, lanek institutuaren patioaren zati handi bat hartuko dute, askotan Heziketa Fisikorako erabiltzen duten Artaza parkearekin batera. «Gainera, lanek zarata maila izugarriak eragingo dituzte, ia 90 dezibeliokoak, eskolen egunerokotasuna baldintzatuz eta langile zein ikasleen osasunean eraginez. Kamioien joan etorriek eragindako airearen kutsadurak ere larriki kaltetuko dute institutuko kideen osasuna», gaineratu dute.
Lehenago aipaturiko kalte guzti hauek ikastetxeetan matrikulaturiko ikasleen beherakada nabarmena eragin dezaketela ohartarazi dute, «ikasle potentzial zein horien gurasoek albokalte hauek ekidin nahi izatea aurreikusi baitaiteke, zentroen bideragarritasuna zalantzan jarriz».
Gainera, hezkuntza komunitateak subflubialaren proiektuaren obren nolakotasunean hitzik ez duela izan salatu dute.
«Beste behin ere, langile-klasea ateratzen da proiektu honetatik kolpatuena, gutxi batzuen interesak babesteko. Hau guztiagatik proiektu hau bertan behera geratzea exijitzen dugu», aldarrikatu dute Steilas, ELA, UGT Irakaskuntza, CCOO, LAB eta CGT sindikatuek.
Duela aste batzuk, manifestazio batek 450 milioi eurotik gorako hasierako aurrekontua duen proiektu hau geldiarazteko ere eskatu zuen. Hainbat ahotsek autobia berri honen beharrik ez dagoela salatu dute, are gehiago kontuan hartuta Aldundiak onartu duela ibilgailu pribatuaren trafikoa %33 handituko dela.