Sakea lagun, bere lekua aldarrikatu du Elordik Zabalaren aurrean (22-7)
Mallabitarrak 11 tanto egin dizkio errioxarrari lehen pilotakadarekin eta beste sei sake-errematearekin 118 pilotakada baino izan ez dituen partidan.
«Partida honek ez zuen bakarrik Lau eta Erdikoan aurrera egiteko balio, banekien partida hau galduta, Binakakotik ere kanpo geratzeko aukerak handiak izango zirela. Bakoitzak bere lekua gorde behar du eta garaipen hau garrantzitsua zen niretzat», aitortu du, gainetik zama handi bat kendu duenaren lasaitasunarekin Aitor Elordik, Zabala txikituta (22-7), kaiolako final zortzirenetako ligaxkarako txartela poltsikoan zuela. Laso, Peña eta ostiralean Azkoitian arerio izango duen Peio Etxeberriarekin osatuko du taldea mallabitarrak eta gaur bezala sakatzeko gai bada, lasai ez egoteko arrazoiak dituzte hirurek ere.
Izan ere, gaur egungo koadroan, kaiolan, sakerik zitalenetako baten jabea dela berretsi du mallabitarrak. Azpitik aterata eta pilota bost eta erdiaren inguru horretan ezker paretan hiltzera aterata, min izugarria egin dio erantzunik aurkitu ez duen Zabala bati. Denera, hamaika izan dira lehen pilotakada horrekin lortutakoak –falta bat ere egin du laburregi jota– eta beste sei sake-errematean lortutakoak eta aitaren batean amaitu da partida.
Hasi ere sakeen protagonismo handiarekin hasi da lehia, lehen hiru tantoak Zabalak baleko pilotakada bat jo gabe lortu ditu mallabitarrak eta jarraian etorri da aipatutako sake laburregi hori, hau da, markagailua 3-1 jarri da errioxarrak pilotakada on bat eman gabe.
Jokoan ere oldarkor
Saketik eta sake-errematetik erabaki ez diren tantoetan ere bizi aritu da Elordi, Zabalari azpitik jokatu eta Logroñokoari gantxoz sartzeko aukerarik eman gabe. Gainera, erasokor antzeman dugu, pausua beti aurrera eman eta anguloak ederki topatuz. Partida ez da, agian, ondorio handiegirik ateratzeko horietakoa, baina azkenaldiko Elordirik onena azaldu da gaurkoa bezalako ardura handiko lehia batean. Onartu du azkenaldian tantoak amaitzerako orduan konfiantza apur bat falta zuela eta fede hori berreskuratzea dela kaiolarako bere buruari jarri dion helburu nagusietako bat.
Zabala, aldiz, erabat gainditua egon da, aurkaria saketik egiten ari zitzaion zauria nondik itxi ez zekiela. Berak ere ezustean harrapatu du Elordi, eta Beotibarrera gerturatutako 300 zaleak, sake bat bi paretak jota aterata 15-6koan, baina ordurako partidak ihes egina zion eta Binakakoa prestatzen hasi beharko du, airean dagoen laugarren aurrelariaren kiniela horretan egongo delako, ziur, nahiz eta azkenaldiko emaitzak ez diren esperotakoak izaten ari. Kaiolakoan aurrera egiteaz harago, enpresa barruan bakoitzak bere lekua defendatzeko eguna ere bazen gaurkoa eta Elordik bikain eutsi dio bereari, aurkari zuzen bat egurtuta.
FITXA TEKNIKOA:
Elordi: 22
Zabala: 7
Pilotakadak: 118. Iraupena: 29 minutu. Markagailua: 3-0, 3-2, 5-2, 5-3, 15-3, 15-7 eta 22-7. Sakeak: 11 (falta 1) Elordik eta 2 Zabalak. Egindakoak: 11 Elordik eta 1 Zabalak.Galdutakoak: 3 Elordik eta 0 Zabalak. Gorabeherak: Sarrera pobrea, 307 ikusle, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Garikoitz Txakartegi aritu da bere iloba Aitor Elordiren botilero lanetan eta Xabi Rekalde egon da Zabalarekin. Lehen sakea gorri.