INFO

Zaintza eredua «erabat aldatzea» eta sistema publiko komunitarioa eskatu du LABek Gipuzkoan

LABek zaintza eredua «erabat aldatzeko» eskatu dio Gipuzkoako Aldundiari, Donostiako foru jauregiaren aurrean egin duen mobilizazioan. 2025ean lurralde hitzarmenaren negoziazioari ekingo diote berriro Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, sindikatuak jakinarazi duenez.

Astearte honetan Donostian foru jauregiaren aurrean LABek egindako mobilizazioa. (Jon URBE | FOKU)

LAB sindikatuak zaintza eredua «erabat aldatzeko» eta «zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko urratsak emateko» eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Gainera, «zaintza eta zerbitzu sozialen pribatizazioarekin amaitzeko eta kudeaketa publiko zuzena konprometitzeko» eskatu dio.

Sindikatuak mobilizazioa egin du astearte honetan Donostian, foru jauregiaren aurrean, «pribatizatutako zaintza eta gizarte zerbitzuetako langileen izaera publikoa» aldarrikatzeko. Ekintza bat egin du eta Gipuzkoa plaza pintura morez bete du, «egindako bidea eta, batez ere, zaintza sistema publiko komunitarioaren alde egiteko dagoena» aldarrikatzeko.

Eragile sindikal, sozial eta politikoen arteko lankidetza «ezinbestekotzat» jo ostean, zerbitzu horiek kudeatzen dituzten enpresa pribatuek «administrazio publikoaren babes politiko eta ekonomikoa» dutela eta «negozioa egiteko lan baldintza prekarioak» dituztela kritikatu du.

Sindikatuak gogorarazi du Gipuzkoan «ibilbide luze eta emankorra» izan duela «pribatizatutako zaintza eta gizarte zerbitzuetako langileen lan eta bizi baldintzen hobekuntzan», eta «pribatizatutako zaintza zerbitzuen publifikazioa posible eta erreala» dela defendatu du, «ezker independentisten borondate politikoa bizitzak erdigunean jartzea delako».

Aldiz, salatu duenez, «EAJ-PSEren eta patronalaren arteko aliantzak negozioa jartzen du erdigunean eta, beraz, logika pribatizatzaile eta merkantilista horrek prekaritatea zaintzen duten milaka langile kondenatzen ditu».

LABek adierazi duenez, udalerri askotan etxez etxeko laguntzako langileen lan baldintzak «eskasak» direnez, hainbat ibilbide-orri diseinatzen ari dira, eta legegintzaldi honetan «lanean jarraituko» dute «gure helburuak gauzatzeko».

«Langile guzti hauek lan publiko bat egiten duten arren, insituzio publikoek zerbitzuen kudeaketa enpresa pribatuen esku uzten dute, langileak arlo pribatuan lan egitera behartuz; honen aurrean LABek proposamen konkretuak ditu eta zerbitzu hauen publifikazioa lortu arte borrokatuko du», nabarmendu du.

Hitzarmena egoitzetan

LABek aurreratu duenez, 2025ean lurralde hitzarmenaren negoziazioari ekingo diote berriro Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, eta «Administrazio publikoko langileekin pairatzen dugun arrakala gainditzeko» eskatu du.

Bere ustez, «Foru Aldundiaren ardura izango da hitzarmen berriaren bidez arrakala horiek haustea eta Gipuzkoako adinekoen egoitzetako milaka langileen aldeko apustu politiko estrategikoa egitea». LABek «zerbitzuen kudeaketa zuzena izateko» beharra aldarrikatzen jarraituko du, «enpresa pribaturik gabe».

Beraz, Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuari eskatu dio «2016tik egin duen bezala, egoitzetako langileen aldarrikapenan kontuan hartzeko».

Gizarte zerbitzuetako eta zaintzako langileen lan baldintzak hobetzearen alde ere egin du, «parekatzearekin hasita, pribatizazioarekin eta prekaritatearekin amaituko duen publifikazioaren aurkako erasoarekin».

«Bide orri honekin, instituzioek zor patriarkala aintzat hartu eta zaintza eredua goitik behera aldatu dezaten bultzatuko dugu, langile publiko eta pribatuen arteko arrakalarekin behin betiko bukatuz, bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema publiko indartsu eta justu bat lortzeko», berretsi du LABek, eta Aldundiak ohartarazi dio «aurrez aurre» izango dituztela politiketan aldaketak bultzatzen ez badituzte.