Beñat Gaztelurrutia: «Euskarazko sorkuntzak ez dauka nahiko hartzaile, hor dago premia»
Aurten fokua euskal kulturaren hartzaile premian jarri nahi izan izan delako, ‘Hartzea ematea DA!’ leloa aukeratu dute Durangoko Azokaren 59. ediziorako. Abenduaren 5etik 8ra egingo den edizioak kartel ikusgarria izango du: Udatxo eta Balu artisten collage bat, kulturaz lepo dagoen bihotz bat.
Hilabete eta erdi baino falta ez direnean euskal kulturaren plazarik nagusienak ateak ireki ditzan, Durangoko Azokaren 59. edizioko leloa eta kartela aurkeztu ditu Gerediaga elkarteak Durangoko Landako gunean, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariaren presentziarekin.
Momentuz ezin dute datu zehatzik aurreratu, oraindik izen-emate batzuk itxi ez direlako, baina «sentsazioak onak direla» aitortu digu Beñat Gaztelurrutiak, Azokaren koordinatzaileak.
Gaur hutsik zegoen Landako gunea, baina aurki beste itxura bat izango du, jendez lepo egongo baita. Antolatzaileentzat ere berezia izango da seguruenik edizio hau. Hunkitu egin da Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko presidentea, abuztuan utzi gintuen Jon Irazabali, 30 urtez Azokaren zuzendari izandakoari, aipamena egin dionean. «Ondare itzela utzi digu Jonek, eta aurtengo Azokan gogoan izango dugu», azaldu du Mujikak.
«Guztiz estrategikoa da»
Hala ere, gaur egun Azoka indartsu bat izateagatik pozik agertu da, baina oraindik lanerako beharra dagoela argitu du. «Hasierako ametsak marrazten joan gara urteotan guztiotan, eta begira zelako irudia sortu dugun: koloretsua, anitza, indartsua eta ederra, benetan ere. Iaz esaten genuen bezala, fantasia hutsa. Hala ere, euskarak oraindik badu lan horren beharra, eta Gerediaga elkartetik ekinean jarraitzeko asmoa dugu, euskarak ez baitu trabarik eta epairik behar, guztiok kabitzeko moduko bide zabalak baizik», nabarmendu du Mujikak.
Andoni Iturbek, Kulturako sailburuordeak, behar duen garrantzia eman nahi izan dio Azokari berari –«guretzat guztiz estrategikoa da», berretsi du– eta baita ere egiten den gestioari –«kudeaketa eredu bikaina du», aipatu du–.
Zergatik ‘Hartzea ematea DA! leloa? Beñat Gaztelurrutiak eman ditu horren arrazoiak: Kultura jasotzea gizarteari bueltan emateko bide bat dela aipatu du, eta euskaraz jasotzen den kulturak, euskaraz eta euskara indartsuago batean bizitzen lagunduko digula ere bai. Gainera, euskal kulturak bizi duen egoerari erreparatuta, kulturazale edo hartzaileen ekarpenari balioa eman dio. «Jakin badakigu euskarazko sorkuntza oso aberatsa dela, baina ez dauka nahi hartzaile bere herrian –gehitu du–. Hor dago premia momentu honetan, eta Durangoko Azokak horri erantzuteko ahalegina egingo du. Azokara etortzea, ikustea, hartzea kulturgintzari hauspoa ematea ere badelako. Kultur ispilu bat da, nor garen erakusten digu eta aldi berean, gure praktikarekin osatu egiten dugu. Kultura hori guztia da: irakurtzea idaztea da, entzutea kantatzea da, ikustea antzeztea da, aditzea pentsatzea da, egotea egitea da, hartzea ematea da».
Geruzez beteriko bihotza
Aurtengo azokaren kartela erabat artistikoa eta berritzailea da. Hasteko, egile biren arteko elkarlanetik jaio delako, Udatxo eta Balu artisten sormenetik. Horrez gainera, sorkuntza prozesu bereziaren emaitza da: geruza ugariko artelan bat sortu, eta pieza hori kartelean integratu dute.
Hertzainak taldearen izena, ‘Dantza’ filmea, Azokako kartel zahar bat, ‘Maitasun kapitala’ liburuaren azalaren zati bat... Bihotz itxura duen kartel honek gertutik begiratzea eskatzen du, asko baitago hor atzean. Collage erako lanean, euskal kulturaren erreferentzia diren irudien eta Azokako aurreko edizioetako kartelen zatiak itsatsi dituztelako; atzoko sormenetik hartuz, gaurko artelan berri bat emateko.
Bera muralista eta margolaria da; Balu multidiziplinarra da, eta deskontestualizazioaren eta transmutazioaren teknikak jorratzen ditu, adibidez. Aurkezpenean prozesu horren muntaketa irudikatu dute, eta lema mihise batean margotu ere bai.
Prestaketa lanak
Durangoko Azokaren antolaketa aurrera doa. Sortzaileek egitaraurako proposamenak bidaltzeko aukera izan dute, eta orain guneetako arduradunak egitaraua osatzen ari dira. Landako Guneko erakusketaz aparte, nobedadeen aurkezpenak, solasaldiak eta tailerrak
egongo dira lau egunez.
Abenduaren 5ean 10.30ean zabalduko da azoka, eta lehen goiz hori ikasleei begirakoa izango da, guneetan eurentzako tailerrak eskainiz. Hala ere, publiko orokorrarentzat zabalik egongo dira arteak.
Eta azaroaren 26an eta 27an DA! PRO topaketa antolatuko da, sortzaileen eta programatzaileen artean lankidetzak sustatzeko helburuz. Azaroaren 26an familia ikuskizunak plazaratuko dituzte Durangoko Bizenta Mogel liburutegian; biharamunean, ostera, musika proposamenen txanda izango da, Plateruena kultur aterpean. Kulturgileek urriaren 18ra arteko epea izango dute topaketan izena emateko, eta teknikarien txanda azaroaren 11n etorriko da. Interesdunek durangokoazoka.eus webgunera jo behar dute.