Erremonteko Binakako Txapelketa: lau bikote indartsu, txapelketa nagusirik berdinduenean
Binakako Txapelketa Nagusiaren 54. edizioa aurkeztu dute asteazken honetan Orona Fundazioan. Bederatzi jardunaldi izango dituen lehen fasean, denek denen aurka jokatu beharko dute bi aldiz eta aurrena amaitzen duenak abenduaren 28ko finalerako sailkapena lortuko du zuzenean.
Aurtengo Binakako erremonte txapelketa, 54. edizioa alegia, aurkeztu da asteazken arratsalde honetan Orona Fundazioaren auditorio nagusian. Ekitaldi honetan, lehenengo eta bigarren mailako txapelketan parte hartuko duten bikoteak eman dira ezagutzera, eta bertan txapelketaren zehaztasun guztiak ezagutu dira.
Aurten ere bi txapelketa antolatu dira eta Lehenengo Mailakoan lau bikotek hartuko dute parte: Barrenetxea IV.a-Segurola, Ezkurra II.a-Azpiroz, Ansa II.a-Juanenea eta Urriza-Larrañaga.
Lau bikote egoteak txapelketarik berdinduena eta maila altukoena izatea ziurtatzen du. Hasiera batean, ez dago faborito argirik.
Lau bikotez osaturiko lehen fase bat jokatuko da, eta denek denen aurka jokatu beharko dute bi aldiz. Bederatzi jardunaldi izango dituzte horretarako: urriaren 19 eta 26a, azaroaren 2, 9, 15, 23 eta 30a eta abenduaren 7 eta 14a.
Partidak set formatuan jokatuko dira. 15 tantoko bi set-ek osatuko dute partida hasiera batean, baina bikote bakoitzak set bana irabaziz gero, hirugarrengo set bat jokatuko da 8 tantora, partidaren bikote irabazlea zein den zehazteko.
Ligaxkako puntuaketa sistema, aldiz, ondorengoa izango da: lehenengo bi set-ak irabazita (2-0), 4 puntu; lehen set-etako bat eta hirugarrena irabazita (2-1), 3 puntu; lehen bi set-etatik bat irabazita (1-2), puntu 1; set bakarra irabazi gabe (0-2), 0 puntu; eta partidaren amaieran 15 tantora iristen ez dena, -1 puntu.
Lehenengo fasean aurrena amaitzen duenak finalerako sailkapena lortuko du zuzenean. Bigarren eta hirugarren sailkatuak finalerdi bat jokatuko dute eta laugarren sailkatua kanporatua izango da. Jardunaldi bakarrean jokatuko da finalerdiko partida abenduaren 21ean.
Finala, aldiz, abenduaren 28an jokatuko da.
Bigarren mailakoan bost bikote
Bigarren mailako txapelketa ere aurkeztu da eta aurtengoa bigarren edizioa izango da. Lehenengo mailakoaren formatu antzekoa izango du, baina bost bikoterekin: Aldabe-Aiestaran VI.a, Jabalera-Apezetxea, Irazu-Zaldua I.a, Gurrutxaga-Martirena eta Goikoetxea V.a-Zubiri.
Itzuli bakarrera jokatuko da, eta lehenengoa zuzenean sailkatuko da finalera eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia jokatuko dute. Azken bi sailkatuak geratuko dira kanpoan maila honetan.
Egutegia lehenengo mailakoaren berdina izango da.