INFO

Barakaldon eta Tuteran biktimak hartzen zituen emakumeen salerosketa sare bat desegin dute

Barakaldon, Tuteran eta Estatu espainoleko beste toki batzuetan aritzen zen emakumeen salerosketa antolakunde bat desegin du Polizia espainolak. Biktimak Belgikara eramaten zituzten eta bertan lau emakume askatu dituzte.

Polizia espainolak eta Belgikako poliziak desegin dute sarea. (Europa Press)

Polizia espainolak, Belgikako poliziarekin lankidetzan, desegin du emakumeen salerosketan ziharduen antolakunde bat, Estatu espainolean emakumeak hartzen zituena Belgikan sexualki esplotatzeko. Europa erdialdeko herrialdean zeuden latinoamerikar jatorriko lau biktima askatu dituzte ere.

Polizia espainolak zazpi pertsona atxilotu ditu, horietako bat Estatu espainolean, eta guztira sei etxe miatu dituzte Tuteran, Barakaldon eta Estatuko beste hainbat hiritan (Madril, Jerez de la Frontera, Murtzia eta Valentzia).

2023ko apirilean hasi zen poliziaren lana Belgikako polizia-agenteek etxebizitza batean esku hartu behar izan zutenean, ustez bi emakumeren arteko eztabaida baten ondorioz, eta, ondorez, biek adierazi zuten sexu-esplotazioaren biktima zirela.

Belgikako poliziaren eta Polizia espainolaren arteko informazio-trukearen ondoren, ikertzen hasi ziren, Belgikako hainbat herritan jatorri kolonbiarreko emakumeen sexu-esplotazioa helburu. Biktimak beren sorterritik iristen ziren Belgikara, eta harremanetarako hainbat webgunetan iragartzen zituzten. Lortutako diruaren erdia antolakundearen esku utzi behar zuten.

Sarea ondo egituratuta zegoen eta bere funtzioak bi herrialdeetako hainbat tokitan banatzen zituen. Harrapatzaileak eta kontrolatzaileak Belgikan bizi ziren; Estatu espainolean, berriz, iragarkiak argitaratzen zituzten hainbat webgunetan, eta sexu-zerbitzuak eskatzeko egiten zitzuten deiak jasotzen zituzten.

Gainera, irabazien kapitalak zuritzeaz ere arduratzen ziren. Horren erakusgarri da Estatu espainola eta Belgika artean egiten ari ziren bidaietako batean atxilotuetako bati eskudirutan 19.000 euro konfiskatu izana. Ikerketan hamabi sarrera eta erregistro egin dira, eta ikerketarekin lotutako dokumentazio ugari lortu da.