INFO

Burujabetzak eskuratzea eta «politika antineoliberalak» egitea, EH Bilduren bi egitekoak

Ostiral honetan abiatu da EH Bilduren III. Kongresu prozesua, ponentziaren aurkezpenarekin batera. «Burujabetzarik gabe ez da politika antineoliberalik egongo», laburtu du Otegik, eta bi ardatz horiek lantzeko apustua egin dute, burujabetzak eskuratzea eta politika publiko aurrerakoiak egitea.

Arnaldo Otegi, EH Bilduren ponentzia politikoaren aurkezpenean. (Jon Urbe | FOKU)

Ostiral honetan aurkeztu du EH Bilduk III. Kongresuko ponentzia politikoa. Bergarako Olaso dorrean egin dute aurkezpena eta, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak azaldu duenez, mamiarekin estuki lotuta aukeratu dute aurkezpenerako tokia: «Ponentziaren ardatz nagusia Euskal Herria da». Eta gogoratu du Jose Antonio Agirre lehendakari ohia eta Telesforo Monzon bertan elkartzen zirela, eta beraien pentsamenduaren ardatza ere Euskal Herria zenez, keinu egin nahi izan diotela.

«Hirugarren eraldaketa nazionala», hori da ponentziak behin baino gehiagotan errepikatzen duen terminoa, hori baita EH Bilduk datorren fase politikorako duen helburua; beti ere «azken helburua Euskal Herriko Errepublika konfederala» dela gogoratuz. EH Bilduk kongresuari berari bi helburu nagusi ezarri dizkio: «Egungo administrazio eremuetan aldaketa esanguratsuak lortzen saiatzea, nazio onarpenaren, lurralde kohesioaren eta eskumen boterearen handitzearen eskutik batetik; eta bestetik, herri susperraldi bat martxan jartzea».

Otegik azaldu du bi faktore erabakigarri identifikatu dituztela egungo abagune politikoan: «Politika neoliberalen porrota eta Estatu espainoleko eredu autonomikoaren agortzea». Horren aurrean aldaketak eman behar direla jasotzen du ponentzia politikoak, burujabetzak eskuratzea eta politika antineoliberalak martxan jartzea direla bi egiteko nagusiak azpimarratuz.

Bi zeregin horietarako «merkatua interbenitu» behar dela azaldu du EH Bilduko koordinatzaileak, eta interbentzio horiek administrazio publikoek «lideratu» behar dituela gaineratu du. «Graduala den prozesu bat jarri behar da martxan burujabetzak berreskuratzeko», jasotzen du ponentziak; idatzitakoaren arabera, ez dagoelako «kolpe bakar batez, tarteko halmugarik gabe, irabazteko aukerarik». Eta ondorioz, lorpen «partzialak» behar direla gaineratzen du, «egiturazko aldaketak» lortzeko.

Egungo faserako bost ardatz

Ohiko kongresu prozesuetan bezalaxe ikuspegia zabaldu eta urrunera begira jartzeko ariketa egin nahi du EH Bilduk. Egungo faseari begiratuta, «baldintza materialak, adostasun politikoak eta gehiengo sozialak egituratzeko epealdi erabakigarria» dela ondorioztatu dute. Eta egungo fasearen garapena bost arlotan neurritzea aurreikusten dute.

Nazio aitortzari dagokionean, eremu juridiko-politikoan onarpen maila lortzea dute helburu, «bereziki, estatus politikoak berritzeko orduan». Hiru lurralde adminstratiboen arteko harreman politiko, ekonomiko, sozial, kulturan eta instituzionalak eraikitzea da bigarren lan ardatza. Erabakitzeko eskubideari dagokionean, «autodeterminazio eskubidea esplizituki onartua» izatearen aldarrikapena egin du alderdi subiranistak. Eta eskumen zein botere maila handitu eta bermatzea ezinbestekotzat jotzen du elkarbizitza sustatzearekin batera.

«Herri akordio ahalik eta zabalenen bidez» egin behar da aurrera Otegiren esanetan, eta Estatu frantses zein espainolekin ere «herri bezala» negoziatzeko deia egin du: «Euskal Herriko arazoak Euskal Herrian konpondu behar dira, eta hau da markoa».

Aliantza zabal eta anitzak

Aliantza politiken inguruan ere egin du ponentziaren aurkezpenean aipamenik alderdi subiranistako koordinatzaileak: «Bide hau egiteko herri akordio ahalik eta zabalenak lortu behar dira, aliantza politika zabal baten bidez egin behar dira urrats horiek, ezin dute mugatzaileak izan, baina azpimarra bat egin beharrean gaude: jendearen nahia errespetatu behar da». Eta keinu egin dio bozka kutxetako emaitzak kontuan hartzeko ideiari.

«Inflexio puntu bat» da Euskal Herriak behar duena, Otegiren ustez, «susperraldi bat, sendo eta sakona, arnas luzekoa». Eta bertan, alor sinbolikoa, hizkuntzarena, kultura, hezkuntza, alor sozial zein ekonomikoa landu behar direla azaltzen du ponentziak: «Horrez gain, autogobernuaren dimentsionatze berri bat eta tresna politiko-juridiko burujabeak behar ditugu erronka horiei ekin eta sektore publikoak gidaturiko politika eraldatzaileak egiteko».

«Herri proiektu partekatu» baten beharraz ere mintzo da ponentzia politikoa, eta, kasu honetan, sei «elkargune» identifikatzen ditu EH Bilduk, datorren urtetik aurrera sakondu eta eztabaidatuak izango direlarik: subiranotasun estrategikoa, ongizate egiturak, aztarna ekologikoa, identitate komunitarioa, hezkuntza berritu eta segurtasuna. Eta horiek guztiak barnebildu beharko lituzke estatus politikoak.

Ezker independentismoaren subjektu nagusia

Ponentzia politiko zein organizatiboa EH Bildu berdefinitzeko ere erabili du mahai politikoak: «Ezkerreko independentismoaren eta subiranismoaren erreferentzia eta lanabes politiko/instituzional nagusia». Hori da eman dioten definizioa, eta gogoratu dute EH Bildu indar politiko ezberdinez osaturiko koalizioa dela, eta errealitate hori «errespetatu» behar dela; nahiz eta, nabarmendu jada «bizitza politiko propioa duen subjektu bat» dela. Horregatik, badago aldaketa bat ponentzia organizatiboaren baitan, Alderdien Mahaiak proposatu baitu udaletako hauteskunde-zerrenden osaketa-prozedura instituzio guztietara orokortzea, hau da, «hauteskunde-zerrendetan orain arte indarrean izan diren alderdien kuotan indargabetzeko apustua egiten dugu».

Otegik aurkezpenaren amaieran, Kongresua «giro onean eta inongo iskanbilarik gabeko prozesuan» igarotzea espero duela aitortu du, eta Euskal Herriko esparru zabal eta anitzarentzat EH Bildu «tresna erabilgarria» dela erakutsiko dutela baieztatu du.

Otsailak 8, Iruñean

Ostiral honetan abiatu da Kongresu prozesua oinarrizko ponentziaren aurkezpenarekin, zuzenketen bozketa abenduaren 19tik 21era bitarte egingo dira, eta Kongresuaren bigarren fasea abiatuko litzateke ondoren.

Mahai Politikoaren hautagaitzaren aurkezpena urtarrilaren 19an egingo da, eta hautagaitzak otsailaren 6tik 7 bitarte bozkatu dira. Kongresu eguna, Iruñean ospatuko da otsailaren 8an.