INFO

Donostian «auzo bizigarriak» bermatzeko neurriak eztabaidan kokatzea eskatu du EH Bilduk

Turismoaren aurrean Donostia «bizigarria» izateko turismo politika berri bat «premiazkoa» da EH Bildurentzat. Horretarako, auzo «bizigarriak» sustatu eta defendatu, turismoaren karga ahalmena definitu, gobernantza eredu berria finkatu eta tokiko ekonomia sendo bat landu behar direla uste dute.

Markel Ormazabal Donostiako EH Bilduko zinegotzia, ostiral honetan emandako prentsaurrekoan. (EH BILDU)

Donostian turismoaren aurrean auzoak «bizigarriak» izan daitezen hartu beharreko neurriak eztabaida politikoan kokatzea eskatu du EH Bilduk, turismo politika berri bat «premiazkoa» dela uste baitu.

Horrela, Markel Ormazabal zinegotziak ostiral honetan eskainitako prentsaurrekoan adierazi duenez, auzo «bizigarriak» sustatu eta defendatu, turismoaren karga ahalmena definitu, turismoaren gobernantza eredu berria finkatu eta tokiko ekonomia sendo eta ez-menpeko bat landu behar dira.

Izan ere, Ormazabalek adierazi duenez «datuek berreste dute turismoak hazten jarraitzen duela». Donostia Gasteiz eta Bilborekin alderatuz gero, «alde handiarekin gailentzen gara». Zehaztasunera jaitsita, Gipuzkoako hiriburuan sarrerek %4,5 egin dute gora; Gasteizen eta Bilbon, berriz, %4,8 eta %3,1 egin dute behera, hurrenez hurren, EH Bilduk Eustatetik hartutako datuen arabera.

Hiri eta auzo «bizigarriei» dagokienez, bertan «bizitza duina garatu ahal izateko modukoak, etxebizitza eskubidea bermatuta dutenak, hurbileko zerbitzuak dituztenak eta kalitatezko espazio publikoa, erosoa eta inklusiboa dutenak bizilagunen arteko harremanak elikatu eta bermatuko dituztenak» izan behar dira, EH Bilduren ustetan.

Turismoaren karga ahalmena definitzearen barruan, Parte Zaharra eremu saturatu izendatzea defendatzen du koalizio subiranistak. Horretarako, irizpide matematikoak ezartzea proposatzen du, analisi tresna espezifiko bat diseinatzea eta aplikatzea. Ildo horretatik, EH Bilduk mozioak eta proposamenak aurkeztu dituela baina ez direla onartuak izan salatu du.

Turismoaren gobernantza eredu berriaren kasuan, Ormazabalen hitzetan «turistifikazioak eragindako auzoetan administrazioaren eta bizilagunen arteko hatu-emanerako dinamika eta espazio iraunkorrak esatzea proposatzen dugu. Adibidez, goi -denboraldian alkatea kaltetutako auzoetako bizilagunekin biltzea hilean behin, Europako beste hiri batzuetan egiten den bezala».

Azkenik, EH Bildurentzat turismoak sortzen dituen 15.000 lanpostuak eta BPGak duen %13,9ko inpaktuak desoreka adierazten dute hiri ekonomiaren baitan eta epe ertainean «arriskutsua izan daitekeena», gainera. Hori aldatzeko, jarduera ekonomikoak birkokatu eta ekonomia lurradearen eta herritarren beharrekin lotu behar direla uste du.

«Hiria etengabe galtzen ari da tokiko merkataritzaren zeinu diren dendak eta tabernak, eta zenbait auzotan bereziki begi-bistakoa da oinarrizko zerbitzuak bisitatzen gaituztenei zuzendutako negozioez ordezkatuak izaten ari direla. Hala da, turroi, gazta tarta edota souvenir dendek ez diete balio erantsirik ematen auzoei, ez EH Bildutik borrokatuko ditugun auzo bizigarriei. Tokiko ekonomia sendo eta ez-menpeko baten alde egitea dagokigu», nabarmendu du Donostiako EH Bilduk.