INFO

Arrazakeria eta faxismoa salatu dituzte Pasaian, azken asteetan izan diren gertakarien harira

Azken asteetan Pasaian «atzerritarrak kanporatzeko asmoz» hainbat mobilizazio izan direla-eta, herritarrek larunbat honetan erantzun dute herri argazki batekin «Pasaia integratzaile baten alde» dei eginaz.

Arrazakeria eta faxismoaren aurkako mobilizazioa Pasaian. (HARRERA SAREA)

Donibane Pasaiako Santiago plazan herri argazkia egin dute larunbat eguerdi honetan «diskurtso faxistari mugak jarri eta Pasaia integratzaile baten alde» dei egiteko. Azken asteetan izan diren hainbat gertakari salatu dituzte eta horren aurrean erantzuteko beharra nabarmendu.

Pertsona arrazializatuen eta, batez ere, bazterketa egoeran daudenen aurkako indarkeria «gero eta gordinagoa» dela nabarmendu dute eta, zentzu horretan, hainbat erasoren berri eman dute. «Bizilagun talde bat gauetan jipoiak emateko antolatu da. Azken hiru gauetan Trintxerpe eta San Pedro inguruan enkaputxatuak ikusi dira burdinezko barroteekin».

Era berean, «sare sozialetan pertsona talde zehatz baten aurkako komentarioak etengabeak» izaten ari direla adierazi dute eta baita manifestazio batean «pertsona bat jipoitu eta beste baten kontrako oldar bortitzak» egon direla.

Jo puntuan Afrika iparraldetik iritsitako herritarrak daudela adierazi dute. «Zabaltzen ari den diskurtsoak erroan dagoen arazoa estaltzen du. Izan ere, gure sistemaren gabeziak eta kapitalismoak sortzen duen miseria egoera okertu egiten baitute».

Honela, pertsona hauen aurkako «indarkeria gero eta bortitzagoa» salatu dute eta «diskurtso faxista naturaltasunez zabaltzen ari dela gure kaleetan zehar». «Sektore pobreen aurkako zapalkuntza justifikatzen ari dira eta fokoa, pobrezia eragiten duten faktoreengan jarri beharrean, pobrezia pairatzen dutenengan jartzen da».

Instituzioek «mugak» dituztela adierazita, herriari eskatu diote «jarrera faxista eta arrazista horiekin bat egiten ez duela» aldarrikatzeko.