INFO

Nafarroako Arartekoak ofiziozko jarduketa ireki du Lekarozko biribilguneko arazoaren harira

Lekarozko zinpeko alkateak iragarri duenez, Nafarroako Arartekoak egokitzat jo du herriko biribilguneko arazoari buruzko ofiziozko jarduketa bat irekitzea. Erakundeak oraindik ez du jaso Iruñeko Gobernuaren erantzuna.

Lekarozera sartzeko biribilgunean egindako elkarretaratzea. (LEKAROZKO HERRIA)

Ernesto Prat Urzainki Lekarozko zinpeko alkateak astelehen honetan iragarri duenez, Patxi Vera Donazar Nafarroako Arartekoak egokitzat jo du herriko biribilguneko arazoari buruzko ofiziozko jarduketa bat irekitzea Lurralde Kohesiorako Departamentuarekin.

Ohar batean gogoratu duenez, pasa den astean Lekarozko herritarrok elkarretaratze bat burutu zuten N-121-B errepidean, Lekarozko biribilgunean hain zuzen ere. «Errepide hau duela 12 urte ireki zen eta herria zatitu egin zuen, hilerria, auzo bat eta ikastetxea eta aterpea, bertzeak bertze, errepidearen bertze aldean geratu baitziren», adierazi du alkateak.

«Elkarretaratzean azaldu genuen gisan, duela 12 urte Nafarroako Gobernuak zebrabide bat margotu zuen, nolabaiteko irtenbide bezala, baina orain hiru urte ezabatu egin zuen. Geroztik, ez dago oinezko igarobiderik aipatutako bidegurutzean, arrisku handiko egoerak sortuz», gaineratu du Arartekoak hartu dituen erabakien berri eman aurretik.

Dioenez, «herritarren mobilizazioaren ondoren, Nafarroako Arartekoaren idatzia jaso dugu Lekarozen zeinean informatzen digun Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 16. eta 18. artikuluekin bat etorriz, egokitzat jo duela gaiari buruzko ofiziozko jarduketa bat irekitzea Nafarroako Lurralde Kohesiorako Departamentuarekin».

«Beraz, 024/18 espedientean, Arartekoak Lekarozen dugun eskakizunen berri eman dio modu orokor batean Nafarroako lurralde kohesiorako kontseilaria den Oscar Chivite Cornagori eta egoera honen aurrean bere departamentuak bertako segurtasuna bermatzeko hartu edo hartuko dituen neurrien inguruko informazio eskatu dio», azpimarratu du.

Hala ere, zinpeko alkatearen arabera, «guk dakigula, Arartekoak ez du oraindik erantzunik jaso».