Azaroaren 28an abiatuko da isundutako Ernaiko 133 kideen prozesu judiziala
Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko ekimenetan parte hartzeagatik 290.000 euroko zigorra jaso zuten Ernaiko 133 kidek. Egindako mobilizazioetaz gain, auzia judizializatu du gazte antolakundeak helegiteak aurkeztuz, eta azaroaren 28an izango da lehenengo epaiketa.
Ernaiko 133 kidek jasotako isunen eta horren harira abiatuko duten epaiketa prozesuaren inguruko xehetasunak eman dituzte gaur goizean Amaiur Egurrola eta Markel Rio gazte antolakundeko bozeramaileek.
2023ko irailaren 22an Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko Bilbon eta Gasteizen egindako ekimenetan parte hartu zuten ia gazte guztiak identifikatu zituen Ertzaintzak eta, hilabete batzuk geroago, Lakuako Segurtasun Sailak 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak ezarri zizkien, Mozal Legea aplikatuta. Osotara 290.500 euro eskatzen dizkiete.
Maiatzean egindako agerraldian eta irailaren 8an Donostian egindako mobilizazioan salatu bezala, «erabat desproportzionatua eta arbitrarioa den operazio baten jopuntuan» daudela nabarmendu dute, eta Ernairen aurkako eraso argi bat dela argi utzi dute.
Izan ere, normalean, horrelako kasuetan lehenago epaiketa bat egoten da eta gero ezartzen dira isunak. «Baina kasu honetan, Segurtasun Sailak berak erabaki du zein motatako isuna ezarri eta nor isundu», azaldu du Egurrolak.
Honen helburua «argia» dela azpimarratu du: «Ernai ekonomikoki itoz, politikoki desagerraraztea». «Gazteria independentista osoa jopuntuan jartzea da haien helburua. Eta ez da ausaz erabakitako zerbait. Izan ere, momentu honetan ezker independentismoa gehiengo politiko eta soziala lehiatzen ari delako abiatu dute gure aurkako errepresio hau», gehitu du.
Egoera honi aurre egiteko, administrazioarekiko auzietako epaitegian isunen aurkako helegiteak aurkeztu ditu Ernaik azken hilabeteetan, prozesu judiziala abiaraziz. Helegiteak banan banan egin behar izan dituzte, isun bakoitzeko bana. Horrela, lehenengo epaiketa azaroaren 28an izango da Gasteizko epaitegietan, eta hurrengo hilabeteetara luzatuko da prozesua.
Hala ere, auziari «modu kolektiboan» erantzungo diotela nabarmendu du Riok. «Errepresio ekonomikoaren bitartez, auzia pertsonalizatu eta indibidualizatzea da Lakuaren helburua. Eta gu, horren aurrean, kolektiboaren antolaketan eta borrokan berresten gara», azaldu du.
«Hau ez da epaiketa huts bat, hau hautu politiko bat da eta erabakiaren izaera azpimarratu nahi dugu. Epaiketa beste borroka eremu bat bezala ulertzen dugu. Azken hilabeteetan, kaleetan, mobilizazioen bitartez, hutsune ekonomikoari aurre eginez eta beste hamaika eremutan lan egin dugu. Orain, epaitegian borroka prozesu honetan beste kapitulu bat zabalduko dugu. Eta bertan helburu berdinen alde lan egingo dugu», gehitu du Egurrolak.